Urre gorria

Herasek lan ederra egin zuen, baina ONCE-Eroskik ere bai, Nozalen atzerapena 1,15era mugatuta; eskura du Vuelta liderrak, ia bi minutuko aldea baitu; Galdeanok eskura du hirugarren postua; etapa, Domine Vacanzeko Simeonirentzat

Andoni Urbistondo.
2003ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Urrea kolore horikoa da. Bistan da hori Isidro Nozalek soinean daraman maillotari erreparatuta. Nekez ikusiko da, ordea, maillot horren kolore gorria, ikusezina delako. Nozalen sufrimenduak ez baitu islarik bere maillotean. Izango balu, baina, urrea gorriz tindatuko litzateke. Gorriak ikusi baitzituen Navacerradan gora Nozalek. Ikaragarri sufritu zuen, ezinean igo zituen mendate horretako azken lau kilometroak, baina bilatzen hasita, sufritzen ez dakien txapeldunik ez dugu bilatuko. Nozalek eskura du Vuelta, mirari bat gertatu ezean. Txapeldun emankorra izango den da zalantza, ez ordea sufritzen dakien liderra den ala ez. Badaki.

Etapa mugitua espero zen eta mugitua izan zen oso. Kelmek, Valverderekin, eta US Postalek, Herasekin, Nozali erasotzea espero zen. Baita eraso ere. Nozal justu antzean moldatu zen aurreko mendiko etapetan eta hori ere baieztatu egin zen atzo. Baieztatu ez zena aspaldi jakina zen kontua: ONCE-Eroski oso talde indartsua dela. Ezin ukatu Nozalek bakarkako lanean euskarritu duela bere garaipena, baina atzo taldekideen laguntzari esker eutsi zion urrezko maillotari, eta haiei esker irabaziko du Vuelta.

Navacerradako igoera eta helmugara bitarteko 24 kilometroak izan dira Vuelta honetako une ikusgarriena, gaur, Abantosko erlojupekoan gerta daitekeenaren zain. Navacerradara iritsi aitzin ere izan zen zer kontatu, hala ere. Kelmek Manzano eta Zaballa bidali zituen aurrera eta US Postalek Floyd Landis. 16 lagun zituzten alboan. Lastras, Eladio Jimenez, De los Angeles, Vicioso, Moreni, Maestre, Simeoni, Piccoli, Patxi Vila, Möller, Edo, Pereiro, Kroon, Beat Zberg, Lara eta Sandstod. Liderraren taldeak bidea egiten utzi zien eta zazpi minutuko aldea lortu zuten Leones mendate atarian.>

Leonesen nahi eta ezin, Navacerradan triskantza

Leonesen txikitu egin zen tropela. Sevillak eta Valverdek, Piepolik eta Unai Osak, Martin Perdiguerok eta beste batzuek erritmoa bizitu zuten. Malda ez zen txantxetakoa, %8koa, eta aitaren batean azaldu zen askoren ezina. Igor Galdeanorena tartean. Gasteiztarrak bere erritmora egin zuen igoera eta gainean 41 segundoko atzerapena zuen. Nozal ere deseroso igo zen, behartuta, garapen gogorregiarekin. Baina onenekin eutsi eta zentzudun jokatuta, taldekideei itxaron zien, Galdeano arabarra tartean. Kelmek lasterketa hautsi nahi zuen, nola-hala, Valverde podiumera hurbiltzeko, eta Leones jaisten egin zuen ihes beste zazpi txirrindularirekin. Zuloa egin eta Kelmek aurrean zituen bi gizonekin Galdeano eta Heras atzeratzea zen Vicente Belda kirol zuzendariaren asmoa, baina ONCE-Eroskik ez zuen ihesaldi hori baimendu eta ardi guztiak artaldera itzuli ziren, Navacerradaren zain geratzeko.

Aurreko taldea hautsi egin zen. Möllerrek jo zuen erasoa aurrena, Kroonek gero, Zaballak hurrenaÉ baina elkarrekin ekin zioten Navacerradari. Igoera tenteak lau txirrindulari utzi zituen lasterketa buruan: Möller, Simeoni, Vicioso eta Landis. 3,30eko errenta zuten.

Tropelean, Herasi begira geratu ziren denak. Ausart, behe-behetik jo zuen igotzaileak. Sevilla eta Cardenas itsatsi zitzaizkion, eta tropela asko luzatu bazen ere, ez zen hautsi. Nozalek ederki eutsi zion, baina Herasen erasoak bakarrik utzi zuen, taldekiderik gabe. Kelmek ez zuen etsi, eta Sevillak jo zuen berriro, gainerako lau kilometro geratzen zirela. Erasoak min handia egin zion Nozali, ezinean geratu baitzen. Herasek hori ikusi eta aurrera egin zuen eta ziztu bizian igo zen mendate pankartaraino, orain bai, denak atzean utzita.

Segundoak gora zihoazen etengabe, baina gainetik bi kilometrora Jainkoa agertu zitzaion Nozali: Marcos Serrano taldekidea. Bidea erakutsi zion hark, ezin zuela jakinda ere azkarrago joatera behartu, animatu. Serranok Nozal zulo sakonenean hondora zedin galarazi zuen. Aitak semea eramaten duen moduan eraman zuen mendian gora.>

ONCE-Eroski Kelmeeta US Postalen aurka

Herasek, indartsu, 1,31ko aldea zuen goian. Landis taldekidea bere zain geratu zen eta 100 kilometro orduko abiaduran jaitsi ziren. Kelmeko Valverde eta Sevilla ere ez ziren urruti eta bat egin zuten Heras eta Landisekin. Zaballak ere asko lagundu zuen. Nozalek ilun zuen oso etorkizuna, alboan Serrano eta Vicioso bakarrik zituela, baina soinean maillot horia zeramaten txirrindulari bi hurbildu zitzaizkion beherantz zihoala, eta lasai hartu zuen arnasa. Ez baitziren edozein: Igor Galdeano bat eta Mikel Pradera bestea.

Itsu-itsu egin zuten lana Nozalen alde. Nozalek ere lana egin zuen gogor. 1,22, 1,18, 1,15... aldea txikitzen zihoan pixkanaka, baina oso pixkanaka. Atzean bost lagun ari ziren tira eta tira, eta Herasen taldean beste bost.

Borroka horren berririk ez zutela zeuden, etapa garaipeneko lehian murgilduta, Möller eta Simeoni. Hiru kilometro geratzen zirela minutu erdia zuten. Möllerrek egin zuen lan gehien eta Simeonik erraz irabazi zion helmugan. 16 segundora helmugaratu ziren Heras eta Valverde, eta 1,30era Nozal liderraren taldea. Herasek, espero moduan, bigarren postua kendu dio Igor Galdeanori eta Nozalengandik bi minutu eskasera dago, 1,55era, hain zuzen ere. 3,03ra jarraitzen du Galdeanok eta 4,06ra Valverdek. Galdeano hirugarren postuari eusteko moduan da gaur. Errazagoa du liderrak. Aspaldiko ustekabe potoloena izango litzateke Nozalek Vuelta hau irabaztea. Burgosko garrantzirik gabeko etapa hartan irabazitako 50 segundoei esker irabaziko du agian.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.