Urrea balio duen puntua

Gonzalez-Laskurain eta Bengoetxea VI.a-Ruiz partidako irabazleak urrats handia egingo du finalerdietara bidean

Laskurain pilota eramaten, Bengoetxea VI.a begira duela, 5. jardunaldian, Labriten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Hasten den orok amaiera izaten omen du, eta binakako txapelketa ere ari da lehen faseko azken apurretara heltzen. Finalerdietara sailkatuko diren bikote guztien izenak, ordea, erabaki gabe daude oraindik. Eta helburu horrekin, bi bikote zuzen lehiatuko dira gaur Eibarren (17:00, ETB1): Gonzalez-Laskurain eta Bengoetxea VI.a-Ruiz. Jakina dena zera da, irabazleak aurrerapauso handia emango duela hurrengo fasera begira; galtzaileak, berriz, hanka eta erdi kanpoan izango duela. Nahiz eta dirua apur bat Aspekoen alde egongo den, norgehiagoka orekatua izatea espero da, eta baliteke urduritasunari hobekien aurre egiten dionak irabaztea.

Bi bikoteok 5. jardunaldian jokatu zuten elkarren kontra, eta orduan eroso nagusitu ziren Asegarcekoak (22-7). Kontuak, baina, aldatu egin dira. Gonzalezek eta Laskurainek behetik gora egin dute nabarmen partidak jokatu ahala, eta sasoi onean daude. Azken bost partidak jarraian irabazi dituzte, eta bolada onari jarraipena ematea da haien nahia. Dena den, kontuan izan behar da joan den astean komeriak izan zituztela Arretxe II.ari eta Zabalari irabazteko, eta agian konfiantza apur bat galduta egongo direla. Soraluzekoak lan ona egin zuen, hala ere.

Bengoetxea VI.ak, bestalde, pilota aukeraketan aitortu zuen ezdagoela sasoi onenean eta ez dabilela nahi bezain gustura. Jakina da, baina, pilotari arriskutsua dela leitzarra, eta edozein unetan eman dezakeela bere onena. Ruiz, berriz, eskuko arazoekin dabil aspaldian, baina iragan asteazkenean argitu zuenez hobeto dago. Lana gogotik egin beharko du Lizarrakoak.

Kontzentrazioa oso garrantzitsua izango da. Behin baino gehiagotan ikusi beharko du Ruizek Laskurainen bizkarra, eta Gonzalezek aukerako pilota bat baino gehiago izango du. Hor egon daitezke, ordea, Azkainekoaren zailtasunak. Kosta egiten zaio pilota ona aukeratu eta tantoa amaitzea, eta aurreko koadroetan aurkaria nor duen ikusita, erne egon beharko du. Izan ere, azkarra da Bengoetxea VI.a, eta dejadekin zein efektuekin tanto asko lor ditzake. Ezker eskuarekin aurkariari eskuinarekin jokarazten ere saiatuko da.

Bihar ere txapelketako partida izango da Tolosan, eta Olaizola II.a-Beginok eta Xala-Zabaletak jokatuko dute. Azken horrek Barriola ordezkatuko du. Aspekoak ez bezala, Asegarcekoak sailkatzeke daude oraindik.

Titin III.aren erakustaldia

Titin III.a-Beroiz eroso nagusitu ziren herenegun Arretxe II.a-Zabala bikotearen aurka (22-6), eta finalerdietan sartzeko aukerarekin segitzen dute. Errioxarrak denetariko tantoak egin zituen, eta aurrean artista dela erakutsi zuen. Beroizek ere laguntza ona eman zion. Asegarcekoek, aldiz, ez zuten euren egunik onena izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.