Mugarria izan daitekeen garaipena lortu du Athleticek gaur, San Mamesen, Atletico Madrilen aurka. Emaitzak ez ezik, jokoa ere kezka iturri zen aspaldian, baina denboraldiko partidarik biribilena jokatuta, urrezko hiru puntu bildu dituzte zuri-gorriek. Hasi eta buka, erritmo eta intentsitate izugarrian aritu dira jokalariak, eta iraganeko nortasuna berreskuratu dute. Indartsu sentitu dira disputetan, defentsan ez dute zulorik utzi, baina minutu luzez gola falta izan zaio Ernesto Valverderen taldeari. Gola egiteko makina bat aukera izan ditu, batez ere lehen zatian, baina distira eza nabaria izan da erasoko jokalarien artean. Bada, ahalegin fisiko izugarria egin ondoren, taldea nekatuen zegoen unean iritsi da 1-0ekoa. Nico Williamsen pasea baliatuta, areaz kanpotik gol ikusgarria sartu du Berenguerrek, eta ia erori da San Mames. Hiru puntuek ez ezik, taldearen jokoak zapore bikaina utzi du zaleen artean.
Hasierako hamaikakoari dagokionez, jokalari garrantzitsuenen aldeko apustua egin du Valverdek, aulkian deus gorde gabe. Nahiz eta datorren asteazkenean Txapeldunen Ligako etorkizuna jokoan izango duten zuri-gorriek PSGren aurkako partidan, buruan gaurko lehia besterik ez du izan entrenatzaileak. Eta denboraldiko 45 minuturik onenak jokatu ditu Athleticek lehen zatian. Hasieratik markatu du erritmo izugarria: presioan zorrotz aritu da, eta motibazioz gainezka. Denbora zen San Mameseko jarraitzaileek ez zutela taldearen hain joko ona ikusten, eta aitortu dute jokalarien nortasuna. Dena den, aurkariak ere pareko maila eman du. Distiratsu jokatu dute bi taldeek minutu luzez, baina golari begira, aukera garbiagoak izan dituzte etxekoek.
Besteak beste, bi partidako zigorra bete ondoren, Sancet itzuli da zelaira, eta ederki nabaritu da haren presentzia. Erasoko jokaldi guztiak haren oinetatik igaro dira, eta batez ere elkar ongi hartu du Aresorekin. Eskuin hegaletik suziri moduan ibili da gora eta behera nafarra, eta haren erdiraketa bat errematatuta, gertu izan du gaueko lehen gola Guruzetak. Kanpora joan da aurrelariaren jaurtiketa. Sancetek berak ere izan ditu pare bat aukera eder, baina Oblakekin egin du topo. Atletico Madrilek mehatxu bakar bat egin du erasoan lehen zati osoan, baina orduan 0-1ekoa egiteko zorian izan da. Almadari sekulako gelditua egin dio Unai Simonek.
Oro har, jokoan gehiago izan da Athletic, baina zelai erdiko bi jokalariek txartel horia ikusi dute lehen ordu erdia betetzerako: Ruiz de Galarretak eta Jauregizarrek. Suarekin erretzerik nahi ez eta, intentsitatea apur bat jaitsi egin behar izan dute jokalari horiek, eta hortik etorri da bisitarien erosotasuna. Lehen zatiak aurrera egin ahala, gero eta erosoago sentitu da Diego Simeoneren taldea. 33. minutuan, berriz, Laportek ikusi du txartel horia, eta hurrengo jokaldian min hartu du. Zelaia utzi behar izan du giharretako arazo baten erruz, eta Vivianek hartu du haren tokia. Ezbehar horrek apur bat itzali egin du Athleticen lehen zati distiratsua. Gainera, kontuan hartu behar da erdiko atzelarietan soilik Vivian egongo dela jokatzeko moduan PSGren aurka.
Nico Williams, onena
Bigarren zatiari begira, zale guztien baitan zegoen galdera zera zen: eutsiko al dio Athleticek hain erritmo altuari? Bada, lehen minutuetan lasaiagoa izan da jokoa. Bi taldeek bihotz taupadak jaitsi dituzte, eta partida kontrolpean edukitzea izan dute lehentasun. Gehiago kostatu zaie arrisku jokaldiak sortzea, baina, berriro ere, etxekoak hobeto aritu dira zeregin horretan. Adibidez, 58. minutuan jokaldi dotore askoa osatu du Athleticek. Jauregizarrek ezker hegalera zabaldu, Nico Williamsek bi aurkari atzean utzi, baina haren paseari ezin izan dio etekinik atera Guruzetak. Geroago, baloi geldian sekulako aukera eduki du buruz Paredesek, baina kanpora bidali du baloia. Epaileak ere ez du gehiegi lagundu. Besteak beste, 65. minutuan penalti argia egin dio Hanckok Berenguerri, buruan sekulako kolpea eman baitio. Epaileak ez du ezer adierazi.
Pixkanaka apalduz joan da Athleticen jokoa, erregaia ere amaitzen joan baitzaio taldeari. Rego eta Unai Gomez zelairatu ditu Valverdek, baina freskotasunik ez da antzeman zelaian. Azken minutuetarako Izeta ere zelairatu du entrenatzaileak, eta ordutik aurrera aldatu da lehia. Lehenbizi, partidako aukerarik garbiena izan du Atletico Madrilek, baina Sorlothen burukadari aparteko erantzuna eman dio Unai Simonek. Bada, kontuak zer diren. Jokaldi horretan bertan heldu da 1-0ekoa. Nico Williamsek jokaldi paregabea osatu du ezker hegaletik, atzera pasea eman dio Berenguerri, eta hark gol ikusgarria sartu du, ezkerrarekin. Lehen gola izan du nafarrak sasoi honetan.
Golarekin gora etorri da San Mames, eta azken minutuetan ahal izan duen bezala eutsi dio emaitzari Athleticek. Urrezko hiru puntu dira zuri-gorrientzat, mugarria izan baitaitezke aurrera begira. Orain, atseden hartu eta jokalariak errekuperatzea izango da Valverderen lehentasuna.
ATHLETIC-ATLETICO MADRIL
Athletic. Unai Simon; Areso (Gorosabel, 82. min.), Paredes, Laporte (Vivian, 33. min.), Yuri; Ruiz de Galarreta (Rego, 65. min.), Jauregizar; Berenguer, Sancet (Izeta, 82. min.), Nico Williams; eta Guruzeta (Unai Gomez, 65. min.). Â
Atletico Madril. Oblak; Nahuel Molina, Pubill, Lenglet (Ruggeri, 62. min.), Hancko; Gallagher (Koke, 46. min.), Barrios, Simeone, Nico Gonzalez (Raspadori, 72. min.); Almada (Sorloth, 62. min.) eta Julian Alvarez (Griezmann, 65. min.).
Golak. 1-0: Berenguerrek (85. min.).