Bukatu da Galarreta pilotalekuaren 50. urteurrena ospatzeko jokatu den txapelketa, Oriamendi enpresak antolaturikoa, eta Urriza-Zubiri bikotea izan da txapelduna. Finalean, gaur, alde handiarekin irabazi diete Juanenea eta Endika bikoteari. Partida serioa jokatu dute urdinek, bien artean bi pilota baino ez dituzte galdu, eta egin, aldiz, asko egin dute: Urrizak hemezortzi tanto amaitu ditu, eta Zubirik, zortzi. Aukerarik ez diete eman aurkariei.
Hala ere, berdinduta hasi da partida, eta launako berdinketarekin ematen zuen estua izango zela. Baina zortzi tanto erreskadan egin dituzte Urrizak eta Zubirik, eta hor zabaldu dute aurreneko alde handia, erabakigarria izan dena gero. Partidako une horretan eta hortik aurrera zer gertatu den ondo azaldu du gero Endikak: "Urrizak lekua hartu du kantxan momentu horretan, eta pilota ezin kendu ibili gara hor eta gero". Bost tantora gerturatu badira ere gorriak, beste segida luzea egin dute urdinek segituan, eta 20-11 jarri dira. Gorriek tanto bat egiterako urdineko hiruzpalau egiten zituzten, eta kolpe erabakigarria 26-16 zirela etorri da: 35eraino zuzenean joan dira Urriza eta Zubiri.
Partida zer izan den ondo azaldu dute gero lau pilotariek. Urrizak emaitzaren garrantzia nabarmendu du: "Aurretik joanda, errazagoa da dena. Partida handia egin dugu". Zubirik hasieran jarri du arreta: "Finala abian jarri denetik, partidan oso sartuta izan gara". Galtzaileek ez diote erreparorik jarri emaitzari. Oso garden mintzatu du Juanenea: "Erridikuloa egin dugu". Endikak gehitu du "partida kaskarra" egin dutela.