Urrutikoetxeak titare bat jarriko du esku bakoitzean
Mikel Urrutikoetxeak hatzetako bi babes jantzita jokatuko du finalean: bat esku bakoitzean. Ezker eskuko titarea irailetik darabil, eta erabat ohitu da; eskuin eskukoa, aldiz, lau eta erdikoan jarri du. Artolaren aurkako ligaxkako partidan, urriaren 27an, eskuin eskuko hatz erakusleko punta pitzatu zuen, eta hartaz geroztik darabil. Harekin jokatu zuen finalerdietan, eta 22-11 irabazi zion Bengoetxea VI.ari; beraz, ez dirudi traba handiegirik egiten dionik. Dena den, eta bi aste pasatu badira ere, ez da kentzen ausartzen. «Beldurra ematen dit titarea kentzeak. Binakakoa hasten denean apurka kenduz joango naiz, baina oraingoz ez». Hatz pitzatua sendatzeko hilabete behar da; ondorioz, normala da oraindik kendu nahi ez izatea. Araudiaren arabera, legezkoa da hatz osoa estaltzen duten babesak jartzea, betiere pilota bizkorrago irtetea ahalbidetuko luketen materialak erabiltzen ez badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu