Urte berria pattal hasi da

Baiona eta Miarritze galtzaile atera dira Agenen eta Toulonen, eta Heineken Kopako postuetatik at daude

Eneritz Zabaleta.
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Urte berria hasi eta berehala, lanean aritu behar izan zuten Baionak eta Miarritzek, eta ez zuten urtea molderik onenean hasi. Herenegun, Baionak Agenen zelaian galdu egin zuen, alde handiarekin (21-3). Miarritzek, berriz, itxura hobea eman zuen, baina ez zuen asmatu Touloni irabazten (38-26). Ondorioz, bi euskal taldeak esku hutsik itzuli dira Lapurdiko kostaldera, inork ez baitu defentsako puntu gehigarririk eskuratzerik izan.

Bi taldeen artean Miarritzek zuen, agian, lanik zailena. Toulon Heineken Kopara sailkatzeko aurkari zuzena da, eta haren zelaian jokatu behar izan zuen. Mediterraneokoak puntu premian ziren, eta oso poliki jardun ziren. Miarritze, baina, emaitza on baten bila joan zen, eta hamabostekorik onena zelairatu zuen. Jokoan anitz zegoen, eta bi taldeak lanerako gogoz aritu ziren; jardunaldiko partidarik onena ikusi ahal izan zen, Tolosaren eta Castresen artekoarekin batera.

Erran behar da, hala ere, Toulonek Miarritzek baino merezimendu handiagoa egin zuela partida irabazteko. Etxekoek lau entsegu sartu zituzten, eta Miarritzek bi baizik ez. Baina, luzaz, Miarritze aitzinetik egon zen markagailuan. Partida hasieran, Ian Balshawen jokaldi txalogarri bati esker, entsegua sartu zuen, eta markagailuan aurrea hartu. Ondoren, defentsako bertuteak erabiltzeaz gain, Peyrelonguek asmatu egin zuen zangoarekin.

Baina Toulonen dinamismoak gaina hartu zion Miarritzeren errealismoari, eta, bigarren zatian hiru entsegu sartuta, partida sakelaratu zuen. Hala ere, partidako entsegua Takudzwa Ngwenyaren eskutik iritsi zen. Behin eta berriz ikusteko moduko entsegua sartu zuen estatubatuarrak, eta hori seinale ona da Miarritzerentzat. Porrotaren zurrunbilotik beste berri on bat ere izan zen lapurtarrentzat, Dimitri Yachvilik gaixotasuna gainditurik minutu batzuk jokatu baitzituen.

Ororen buru, punturik gabe bukatu dute astea miarriztarrek, Montpellierren eta Toulonen galduta. Baina itxaropenerako tartea badago: «Galdu arren, itxura ona eman dugu. Horrela jarraitu behar dugu, urtarrilean partida garrantzitsuak heldu baitzaizkigu», erran zuen Serge Blanco presidenteak partida bururatu berritan.

Baiona oso pattal

Miarritzek bezala, Baionak galdu egin zuen, baina, Miarritzek ez bezala, sasoi honetako partidarik txarrena jokatu zuen. 2011 hasteko zinez modu kaskarra. Baiona ezinean aritu zen partida osoan, eta irabazteko gogo handiagoa azaldu zuen Agenek. Bigarren mailatik igotzen diren taldeen bertuteak erakutsi zituzten etxekoek: aitzinean borrokarako adorea eta kiloak, ostikatzaile trebea, defentsa eraginkorra, eta gibelean edozein aukera baliatzeko prestasuna.

Baiona galduta ibili zen, Benjamin Boyet irekitzaileak onartu duen bezala: «Arratsalde osoan jokatuta ere, ez genuen entsegu marra pasatzerik izango». Porrota kolpe bat izan da Baionarentzat, baina burua hotz eduki nahi dute jokalariek: «Galtzen dugun aldi oro dena ezbaian jartzen badugu, ez gara aitzinatuko», azpimarratu du Pepito Elhorga taldeko kapitain saratarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.