Ziklismoa maite du Imanol Arizmendi txirrindulariak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1991), eta bizikletan azaldu da elkarrizketara, nola bestela. Kirola ez du ogibide, baina meritu handiko garaipenak lortu ditu. Hain zuzen, hirugarren aldiz irabazi du Quebrantahuesos proba ezaguna; 2022an, iaz eta aurten izan da garaile. «Erraz esaten da, baina erraza ez da. Gustura egin arren, lan asko dago atzetik, eta denbora asko eskatzen du. Etxean ere zortea dut; bikotekideak asko laguntzen dit. Badaki nolakoa den ziklismo mundua, baina pazientzia handia du», aitortu du.
Proba entzutetsua da Quebrantahuesos. Gustuko duzun lasterketa bat da?
Bai. Korrika aritzen direnek Behobian parte hartzen duten bezala, bizikletan aritzen garenok Quebrantahuesos dugu buruan. Proba berezia da niretzat.
Ibilbide gogorra du, eta bero egin zuen. Nola joan zen lasterketa?
Proba oso azkarra izan zen hasieratik. Gainera, Portalet gainetik aurrera haizea kontra zegoen. Asko gogortu zen: ibilbideagatik, tenperaturagatik eta haizearengatik. Luze egin zitzaidan, baina azken 50 kilometroak Valverderekin [Alejandro, ziklista ohia] bakarrik egiteko zortea izan nuen. Nire umetako idoloa da. Gozatu egin nuen, baina sufritu ere bai.
Zer du berezia Quebrantahuesosek?
Hasteko, dagoen maila. Urteroko borroka zera da: zikloturista den edo ez, martxa den edo ez. Ziklokirola da, eta errepidea itxita dago, sailkapena egoten da, txipa izaten dugu, eta Youtuben zuzenean ematen dute. Oihartzun handia duen lasterketa bat da, eta denak ahalik ondoen prestatuta joaten dira. Erritmoaren ondorioz da gogorra. Jendea marmarrean hasten da, ondo aritzen direnak dopatuta ote doazen ala ez; nik zarata horri ez diot kasurik egiten, esaten dituztenek ez didate loa galarazten. Aurten ez digute dopin kontrolik egin, baina ez dago jakiterik. Adibidez, orain dela hiru urte, Valverdek irabazi zuenean, egin ziguten.
Kirolari ezagun askok hartzen dute parte. Xarma ematen dio horrek?
Bai. Denok dakigu Haimar Zubeldia nolako txirrindularia izan den. Luis Leon Sanchez eta Samuel Sanchez ere han zeuden, Angel Vicioso ere bai, Valverde bera... Horrek plus bat ematen dio.
Modu berezian prestatzen duzu proba?
Urte osoan antzera ibiltzen naiz. Egia da Quebrantahuesoserako prestakuntza zorrozten dudala, eta zenbait detaile gehiago zaintzen ditudala, azken hilabeteetan batez ere. Gainontzean, ez.
Eta, urtean zehar, nolakoa da zure aste bat?
Aste desberdinak izaten ditut, entrenatzailearekin egindako planaren arabera. Baina, batez beste, hogei ordu inguru egiten ditut astean. Egun eta aste batzuetan lasaiago aritzen naiz, eta beste batzuetan gogorrago. Baditut Aginagan lagun batzuk, eta, ohituraz, Gabonetan Calp aldera joaten gara, baita Aste Santuan ere. Lagunartean entrenatzea gustatzen zait, eta, ahal bada, entrenamendu erdian geratzea eta kafe bat hartzea.
Profesionaletan ibili ez arren, denbora asko eskaintzen diozu bizikletari, ezta?
Bai. Urtean 27.000 kilometro egiten ditut, gutxi gorabehera. Ordu asko dira. Gustatu egin behar zaizu, denbora asko kentzen baitu. Eta, gainera, etxean laguntza izan behar duzu, bestela oso zaila da.
Bakarka hasi zinen master mailan lehiatzen, AC Hotels by Marriott Cycling taldean aritu zinen gero, eta bakarka ari zara orain berriro.
Master mailan aritu nintzen, baina, nire gusturako, lasterketa motzak dira, eta, gainera, urruti geratzen zaizkit. Lehen Gipuzkoan eta Bizkaian ere egiten ziren, baina egun Kantabriara-eta joan behar da. Ez dit merezi 85 kilometroko lasterketa bat egiteko kotxean joan-etorrian bost ordu egitea. Orduan, taldea utzi eta lehen bezala, nire erara, segitzea erabaki nuen, eta hemen inguruko lagunekin aritzea. Nik nahi dudan probetan hartzen dut parte. Gustura nago egindakoarekin, eta orain ere gustura nabil. Alde batera utzi dut taldeko loturak dakarren presioa.
«Lehiakortasuna ondo dago, baina errespetuz jokatuz gero. Lehia osasuntsua izan dadila»
Ziklismorako zaletasun handia dago Euskal Herrian, eta euskal herritar askok hartzen dute parte Quebrantahuesos proban. Emakumezkoetan bigarren geratu zen Amaia Urkidi euskal herritarra, eta hark ere hiru aldiz du irabazia lasterketa.
Polita da hori. Esan bezala, zaletasuna bakarrik ez, maila ere badago. Eta ez zikloturismoan bakarrik. Ikusi besterik ez dago Usoa Ostolaza nola ari den Laboral Kutxan. Munduko lasterketa onenak ari da korritzen, eta maila oso onean ari da. Gazteetan ere, Ane Zubeldia-eta maila handia ari dira erakusten. Entrenatzen ere geroz eta neska gehiago ikusten dira; pozgarria da hori ere.
Zikloturismoan lehia geroz eta pisu handiagoa hartzen ari dela esango zenuke?
Bai. Eta horrekin ere betiko borroka dago: zikloturismoa da, ez da lehia... Baina gu, azkenean, nahi gabe ere lehiakorrak gara. Lagunak entrenatzera ateratzen garenean ere, ez denean martxa bat, elkar xaxatzen dugu. Eta lehiaketa izan edo ez, martxa batean dortsala ematen dizute, eta badago lehiakortasun hori.
Inportantea da, ordea, kutsu herrikoia mantentzea?
Bai, dudarik gabe. Lehiakortasuna bai, baina maleziarik gabe. Ez du balio bestea zapaltzea. Lehiakortasuna ondo dago, baina errespetuz jokatuz gero. Lehia osasuntsua izan dadila.
Euskal Herrian ere egiten dira zikloturismoko probak. Nola ikusten duzu?
Ia proba denak bete-beteta daude. Askotan lehenago gastatzen dira dortsal guztiak. Horrek esan nahi du jendea zain egoten dela, gogotsu. Lagunartean egiten diren probak dira, eta goiz-pasa ederrak izaten dira.
Eta orain, baduzu proba edo helbururik begiz joa?
Vielhan eta Andorran urtero egiten ditudan pare bat martxa ditut abuztu aurretik. Eta irailean beste bizpahiru ere baditut. Helburua, berriz, argi dut: disfrutatzen segitzea.