Urtebete eta sei egun geroago

Buruz buruko bi partida jokatuko dira gaur: Urrutikoetxea Retegiren aurka, eta Olaizola II.a Merino II.aren kontra

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Aimar Olaizola Iruñeko Labritera buruz buru jokatzera itzuliko da gaur (17:15, Nitro). Iaz belauneko lotailuak hautsi zituen tokira eta txapelketara. Urtebete eta sei egun pasatu dira Ruizen aurkako partidaren ondoren pilotalekutik errenka irten zen egun hartatik. Hartaz geroztik ez du bakarrik jokatu. Gaur, zehazki, ez da bakarrik izango, David Merino egongo baita kantxan berarekin, buruz buruko final-zortzirenetako aurkaria. Ez da eguneko partida bakarra izango, ZornotzanMikel Urrutikoetxeak eta Julen Retegik neurtuko baitituzte indarrak (17:45, Nitro).

Olaizolari gaur kostako zaio egun hura burutik kentzea. Oraindik ere kantxaratzen den bakoitzean sumatzen ditu ondorioak, eta, aste honetan jakinarazi duenez, buruz buru aritzean, gehiago. Entrenamendu pare bat egin ditu bakarka, eta ez du batere freskotasunik sumatu, halere, gehiago arduratzen du belaunak. «Oraindik ere baldar nago, mugimendu bizkorretan bereziki: kontrapausoak, zabalera egitean... Beldurarren eragina ere bada».

Zaila da hitzak sinestea, are gehiago binakako txapelketako finalean erakutsiriko sasoiaren ondoren, baina aurretik ere esana zuen zail ikusten zuela aurtengo buruz burukoan bide luzea egitea. Lehen aurkaria, gainera, ez du samurra, David Merino bikain moldatzen baita buruz buru. Apustuak horren isla dira, Olaizolaren alde irtengo diren arren ez baita izugarrizko alderik egongo. Merino debutatu berria da, eta aurreneko txapelketa du. Iragan astean kostata irabazi zion Jon Ander Albisuri (22-21), baina afizionatuetan buruz buru bikain aritutakoa da. Dena den, azken asteetan entrenatu ezinik ibili da, ezker eskuko minaren ondorioz. Irabazleak Juan Martinez de Irujo izango du aurkari final-laurdenetan, bi aste barru.

Faboritorik gabe

Julen Retegik gaur ekingo dio buruz burukoari, eta aurkaria baino gorago hasi arren, ez da faboritorik egongo Mikel Urrutikoetxearen aurkako partidan. Eratsungo aurrelaria iaz Sebastian Gonzalezen ordez sartu zen buruz burukoan, eta ligaxkan Iker Arretxeri partida bat 22-21 irabazi ziolako kokatu dute final-zortzirenetako kanporaketan.

Retegi buruz buru ondo aritzen den pilotaria da, baina txapelketa nagusian ez du distirarik egin. 2008an 2. mailako txapeldun izan zen, eta duela bi urte Urberuagak kanporatu zuen lehen partidan. Iaz, berriz, Arretxeri irabazi ondoren, finalerdietan sartzeko aukera izan zuen Ruizen aurka, baina partida eskasa jokatuta galdu zuen (22-14). Aurten, baina, ondo prestatzeko aukera izan du, eta enpresa kideek bere sasoia goraipatu dute.

Urrutikoetxeari dagokionez, bigarren partida du, iragan astean Mikel Beroizi irabazi ziolako (22-18). Partidako irabazleak Xalaren aurka jokatuko du hurrengo asteko kanporaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.