Urteko azken hitzordua

Zaldibarko Olazar txapelketako finalak jokatuko dituzte larunbatean

ASIER MINTEGI
2005eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Orain dela bi hilabete hasi zen Zaldibarko Olazar txapelketa, eta heldu den larunbatean, urteko azken egunean, bukatuko da. Jaialdia arratsaldeko 16:30ean hasiko da, eta lehenengo partida Jon Apezetxeak eta Mikel Gonzalezek jokatuko dute, lau t'erdiaren barnean. Ondoren, frontoi osoan binaka, Irigoien eta X. Arraztoa nafarrek A. Beitia bizkaitarraren eta J. Bengoetxea gipuzkoarraren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Lau t'erdian jokatuko den partidan ez da faborito argirik ikusten. Bi pilotariak bikain ari dira jokatzen azken boladan, eta edonork izango du aukera txapela irabazteko. Jon Apezetxea goizuetarrak, Asperekin sinatu zuenetik, oso partida gutxi galdu ditu. Finalerdietan O. Gonzalez 14 tantotan utzi zuen. Mikel Gonzalez kontrarioak ere ez zuen arazo handirik izan finalerdietan Errea 15 tantotan uzteko DV Txapelketako txapelduna da Errea .Binaka jokatuko den partida ere oso lehiatua izatea espero da, eta hor ere ez dago faborito argirik. Alde batetik, Irigoien eta X. Arraztoa ariko dira, eta, beste aldetik, A. Beitia eta J. Bengoetxea. Bi bikoteak ezusteko handiak emanda iritsi dira finalera. Nafarrek finalerdietan Erauskin anaiak utzi zituzten kanpoan (22-14). Beitiak eta Bengoetxeak, aldiz, Lasari eta Apraizi irabazi ostean lortu zuten finalerako txartela (22-18).Bengoetxea azkenaldian emaitza bikainak ari da lortzen. Joan den astean, Lasa lagun zuela, Gipuzkoako txapeldun geratu zen. Pilota oso ondo mugituz eta behar denean ederki astinduz. Beitia ere ez da atzera gelditzen diren horietakoa, eta joan den astean amaitu zen DV Txapelketan bertan finalerdietara iristea lortu zuen. Bizkaitarrak oso abiadura handia ematen dio pilotari bai botez eta bai airez, eta pilotaleku askotako pilotazale asko utzi ditu harri eta zur joko horrekin.Irigoienek eta Arraztoak oso bikote indartsua osatzen dute. Arraztoak, egun ona badu, pilota gogor astintzen du, eta edozein atzelariri bizkarra erakusteko gai da. Irigoienek eskuin bolea ikusgarria du, eta bere atzelariari sake asko kentzeaz gain, aurreko koadroetan tantoa azkar amaitzen du eskuin bolearekin. Bi aurrelariek beren jokoarekin pilota azkar ibiliko dute. Urtero bezala, giro bikaina espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.