Jon Gaztañaga. Realeko jokalaria

«Uste dut Txapeldunen Ligan Realak dezente gehiago merezi izan duela»

Lau egunen buruan Bigarren B Mailatik Txapeldunen Ligan jokatzera igaro da andoaindarra. Defentsan edo zelai erdian joka dezake, eta Zubietan esperantza handiak dituzte harengan.

GORKA RUBIO / ARGAZKI  PRESS.
jon eskudero
Donostia
2013ko abenduaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Realak Bayer Leverkusenen aurka emaitza hobea lortu ezaren pena aitortu arren, gustura da Jon Gaztañaga (Andoain, Gipuzkoa, 1991). «Oso pozik nago. Realaren elastikoarekin Txapeldunen Liga jokatu ahal izatea izugarria da. Ametsa bete dudala esan daiteke». Mikel Gonzalezen lesioa tarteko [ez du jokatuko igandean, Betisen aurka], Bayer Leverkusenen aurka ordu erdiz aritzeko aukera izan zuen herenegun, eta dotore moldatu zen. Bizkorra dela erakutsiz, hainbat baloi arriskutsu moztu zituen alemaniarrak kontraerasoan zirenean. Etorkizuna berea du andoaindarrak.

Orain dela lau egun Bigarren B Mailan jokatu zenuen, eta orain Txapeldunen Ligan aritu zarela esan dezakezu.

Aldaketa handia da, bai. Realaren bigarren taldeko jokalariok horretarako gaude, entrenatzaileak hala nahi duenean bere agindutara egoteko. Reala B-ko guztion ametsa da lehen taldeko jokalariak izatea, eta hori lortzeko asmoz aritzen gara lanean egunero. Bayer Leverkusenen aurka niri egokitu zitzaidan jokatzea, eta oso pozik nago. Halere, badakit zein den nire tokia, oinak lurrean ditut, eta lanean gogor jarraitu beharra dago etorkizunean jokalari ona izateko eta halako aukera gehiagoz gozatzeko.

Jokaturiko ordu erdi horretan antzeman al zenuen Bigarren B Mailatik Europara dagoen saltoa?

Txapeldunen Ligan hutsegiteak garesti ordaintzen dira. Pentsa, okerrik egin gabe ere golak jasotzea ohikoa da. Bigarren B Mailan, berriz, gehiago kostatzen da golak sartzea. Bayer Leverkusenek oso talde fisikoa du, jokalari altuak ditu, eta erritmo bizian jokatzen dute. Hori nabaritu nuen. Zorionez, ez nuen inolako okerrik egin, eta uste dut konplitu nuela.

Zer sentitu zenuen Jagoba Arrasatek zelaira irteteko prestatzeko agindu zizunean?

Dena oso azkar joan zen. Mikel Gonzalezek min hartu zuen, eta niri esan zidaten prestatzeko. Ez nintzen urduri jarri. Lehen taldearekin debuta abuztuan egin nuen, ligako partidan, Getaferen kontra, eta orduan urduriago nengoen. Bayer Leverkusenen aurka zelaira ateratzera nindoanean, txalo zaparrada itzela entzun nuen, baina hortik aurrera erabat kontzentratuta aritu nintzen. Izan Bigarren B Mailako partida izan Txapeldunen Ligakoa, jarrera bera izaten du jokalari batek. Berezitasun bakarra zegoen: Europako partida bat zela.

Zu zelairatu zinenerako lehia bideratuta zuten alemaniarrek.

Bai, eta horrek eman zidan pena handia. Ni debutarekin geratzen naiz, baina punturen bat lortu izan bagenu, aho zapore hobea izango nuen. Partida zaila izan zen, talde ona delako Bayer Leverkusen, baina uste dut zerbait gehiago merezi genuela. Ez soilik lehengo eguneko partidan, Txapeldunen Liga osoan baizik. Gure aukerak izan genituen, baina ez genuen jakin izan baliatzen.

Atzetik zinetela ikusita, zu ere abiatu zinen erasora pare bat aldiz.

Bai. 65. minutu inguruan zelairatu nintzen, eta hortik aurrera ez genuen ez kornerrik ez faltarik izan alde. Hortaz, defentsako jokalariok ez genuen erasora joateko aukerarik izan. Pare bat jokalditan abiatu nintzen, tentazioak eraginda-edo, baina Markelek eta Ansotegik azkar esan zidaten atzean geratzeko. Kasu egin nien.

Txartel hori bat ere atera zizun epaileak. Ederra eman zenion Robbie Kruseri! Sami Hyypia Bayer Leverkuseneko entrenatzailea asko haserretu zen sarrera horren ondorioz.

Futboleko kontuak dira horiek. Ni baloiaren bila joan nintzen itsu-itsuan, baina hanka harrapatu nuen aurrean. Barkamena eskatu nion, eta kito.

Orain, lanean segi besterik ez zaizu geratzen, lehen taldeko jokalaria izateko.

Hori da. Zailena iristea ez, mantentzea dela esaten dute, eta horretan jarraitu beharko dugu. Ukrainarako deialdian han nengoen, Bayer Leverkusenen aurka jokatu dut... Orain Espainiako Kopa eta liga dauzkagu, eta pentsatzen dut guztien beharra egongo dela.

Momentu honetan, Ion Ansotegi da jokatzeko moduan dagoen defentsa bakarra.

Egia esan, lesioekin ez dugu zorte handirik, baina uste dut Cadamuro eta Iñigo ere prest izango direla Betisen aurkako partidarako. Mikelek zer duen ikusi egin beharko da. Entrenatzaileak nirekin kontatzen badu, bikain. Bestela, Bigarren B mailan jarraituko dugu lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.