Eibarrek Fabian Orellana fitxatzeko asmoa zuen duela pare bat hilabete, Fran Ricoren lesio luzeak horretarako aukera emango ziolakoan. Albistea zurrumurru izan zen tartean, azkar zabaldu ziren esamesak Txileko jokalariaren izaeraren inguruan: polemikoa dela, taldeko giro ona txartzeko abilezia berezia duela... azken batean, baieztapen frogatu gabeko honen jiran mugitu zen jardun guztia: ez ei da Eibar talderako jokalaria, haren izateko modua ez omen da ezkontzen ia betitik armaginen taldean izan den izaerarekin.
Klubak baieztatu egin zuen azaro hasiera hartan baietz, Orellana nahi zuela. Eta bat baino gehiago zalantzan jartzen hasi ziren jokalariaren inguruko jardunak: Eibarrek nahi badu, ez da hain gaiztoa izango, kontuan izanda nola zaintzen, begiratzen eta aztertzen dituen jokalarien izateko erak Eibarrek.
Onena zalantzak argitzeko, onerako edo txarrerako izan, jokalaria bertatik bertara ezagutzea. Ekarri du Eibarrek, eta aurreko larunbatean Las Palmasen debuta egin aurretik, eginak zeuzkan hiru bat aste taldekideekin entrenatzen. Haiek izan zuten aukera nolakoa den ezagutzen hasteko, eta baita egunero Arrasaten (Gipuzkoa) taldea lanean ikusten dutenek. Ikusle fin horietako batek esandakoa da ondorengoa: «Ez da mutil txarra. Gehiago esango dizut: pertsona ona dela iruditzen zait». Orellanaren ospe txarraren parekoa ekarri zuen beste batekin azkar egin zuen alderaketa: «Bebek ere fama txarra zekarren, eta gutxi dira hura bezain pertsona zintzoak, garbi asko esanda».
Orellana entrenatzen ikusi eta lehen begi kolpean, ondorengo honek ematen du atentzioa: lotsatia ematen du. Baliteke jende berriarekin konfiantza hartu arte uzkurra izatea. Egunero Arrasaten ikusten duen horrek argitu ditu zalantzak: «Oso lotsatia da. Pentsa, entrenamendura garaiz etortzen da, eta bere konfiantzakoak diren Yoel, Escalante eta besteren bat azaldu arte ez da bere autotik ateratzen aldagelara sartzeko».
Entrenamenduak entrenamenduari kateatuz joan den heinean, irribarrea ere marraztu du aurpegian, eta taldera egiten ari dela ematen du aditzera. Lagunduko dio horretan Las Palmasen aurka sartu zuen berdinketako golak, taldekideen begirunea jasotzeko gutxi baitira gol bat sartzea bezain eraginkorrak; batez ere, ospakizunean sortzen den giro gozoagatik. Berari ere emango zion konfiantza lotsa galtzen hasteko.
Lotsatia baita Orellana. Ez da esamesa edo jardun merkea. Jon Aurtenetxek (Zornotza, Bizkaia, 1992) ondo ezagutzeko aukera izan zuen Celtan taldekide izan zirenean. Badira lau urte ordutik, eta gogoan dauka txiletarra. Dundeen (Eskozia) bizi da Athleticeko jokalari ohia, herriko Dundee FC taldean ari baita, Eskoziako liga nagusian. Eta handik deskribatu du Orellana. Bizkaitarrak esandakoaren arabera, ondorioa oso nabarmena da: usteak erdia ustela dauka oraingo honetan, edo beste era batera esanda: izena eta izana ez datoz bat.
«Pertsona ona eta zintzoa da. Harreman gertukoa egiteko aukera izan genuen, aldagelan elkarren alboan esertzen ginelako beti». Denaz jarduten omen ziren hizketan, honetaz eta hartaz, «jokalariok ez baitugu soilik futbolaz hitz egiten, baita beste kontu batzuen inguruan ere».
Orellanaren ospe txarrak sona handiena Celtako jokalari zela izandako gertakari baten ondoren hartu zuen, hain justu. Baina ez zegoen Aurtenetxe taldean, eta ezta Luis Enrique ere, biak Vigon (Galizia) zirela entrenatzaile izan zutena. Eduardo Berizzorekin izan ei zuen liskarren bat, eta entrenatzaile argentinarrak taldetik at utzi zuen, ordura arte hamaikakoetan beti azaltzen ari bazen ere maila ona emanez.
Duela urtebeteko kontua da Berizzorekin izandako tirabira, eta iazko urtarrilaren amaieran, Valentziara joan zen utzita. Beretzat hartu zuten denboraldi amaieran, baina Marcelino entrenatzaileak esan zion ez zuela taldean nahi, eta negu honetako merkatuan gauzatu da Eibarko aukera. Berarekin batera iritsi dira bere inguruko ustezko kontu ilun guztiak. Tartean, jokalari langilea ez denaren fama ere badakar.
Aurtenetxek ukatu egin du hori ere: «Ez da egia alferra denik eta ez zaionik gustatzen defentsako lanean aritzea. Nik erdiko atzelari jokatu nuen Celtan, eta hegalean aritu izan banintz, gustura izango nuen nire aurrean Orellana, asko laguntzen ziolako eskuin hegaleko atzelariari». Adibide zehatza eman du: «Aurkariaren hegaleko atzelariak zelaian gora egiten zuen bakoitzean, berak jarraitu egiten zion, ez zen goian begira geratzen».
«Erasoan, oso trebea»
Orellanak ez zuen, bada, dena fama txarra ekarriko berarekin. Onetik ere badakar, eta ezagutzen dutenak eta ez dutenak baina jokatzen ikusiak direnak bat datoz ondorengo baieztapen honetan: erasoan oso jokalari ona da.
Baietz dio Aurtenetxek, halakoa dela txiletarra: «Kalitate tekniko handikoa da, baloiarekin oso trebea. Hegalean jokatu ohi du, eta abilezia berezia dauka buruz burukoak ondo egiteko». Taktikoki ere badu bereizgarri onik: «Ondo ulertzen du jokoa, eta badaki leku onak hartzen erasoan, aurkariari ahalik eta min handiena emateko». Leku onak hartzeari esker, beste dohain bat ere baduela dio: «Pasatzaile ona da, hutsik egiten ez duen horietakoa». Golegilea ez dela dio Aurtenetxek: «Ez da kamutsa aukerak gauzatzen, baina gehiago da aukera sortzaile». 404 partida jokatu ditu Audax Italiano, Xerez, Celta, Valentzia eta Eibarren artean, eta 78 gol sartu ditu. «Ondo hasi da Eibarren, gola sartzen aurreneko partidan, eta asko pozten naiz Orellanagatik».
Usteak erdia dauka ustela
Fama txarreko jokalaria da Fabian Orellana, Eibarren neguko lehen fitxaketa. Baina izena eta izana ez datoz beti bat. Harekin Celtan aritu zen Jon Aurtenetxek dio «ona eta zintzoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu