Ustekabeak ez dira iritsi oraindik

Apustuzale eta artekariek lau t'erdikoaren partida bakarrean huts egin dute pronostikoa

Imanol Magro Eizmendi.
2007ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Lau t'erdiko txapelketak iragarritakoa bete du. Ez da ustekaberik egon; ez, behintzat, handirik. Partida guztiek espero zen bideari jarraitu diote. Aurtengo buruz burukoan ustekabe asko egon ziren, eta artekariek gutxitan asmatu zuten pronostikoa. Lau t'erdikoan, ordea, bete-betean asmatu dute. Garai txarrak dira faboritoaren aurka apustu egiten duten zaleentzako. Zortzi partida jokatu dira, eta zazpitan dirua alde zuen pilotariak irabazi du.

Ustekabeak ez dira oraindik iritsi. Ikusteko dago iritsiko diren ala ez, kanporaketek aurrera egin ahala zailagoa dirudielako. Ez ustekaberik, ez emaitza esturik, tanto gehien egin duen galtzaileak hemezortzi egin baititu. Esan bezala, artekariek behin baino ez dute kale egin, Del Rey eta Chafeeren arteko partidan. Irurtzungoa zen faborito, baina jokoa hartzea kosta zitzaionez, apustuak gutxigatik irten ziren haren alde: 100-90i. Chafeek hamalau huts egin zituen, eta bere alde jo zuten apustuzale bakanak gogaitu.

Beste irabazle guztiek, berriz,apustuak alde zituzten: Agirrek 100-60ri, Berasaluze IX.ak 100-90i -artekariak lehen sakea bere alde izango zela jakin arte ez ziren oihuka hasi-, Mikel Goñik parean, baina bere aldeko joerarekin, Kokak 100-60ri, Bengoetxea VI.ak 100-30i, Gonzalezek 100-60i eta Xalak 100-30i. Diruak, gainera, ez zuen gorabehera handirik izan, ia partida guztiak hasieratik bideratu baitziren. Berasaluze IX.a izan zen dirua aurka eduki zuen bakarra.

Enpresen ikuspegitik, berriz, Aspe jaun eta jabe izan da. Hasi aurretik pilotari bat gehiago izateari muzin egin bazion ere, lehen fasean enpresen arteko pilotariekin jokatu diren zazpi partidetatik bost irabazi ditu. Zortzigarrena Bengoetxeak eta Mendizabalek jokatu zuten, biak Asegarcekoak. Eibarko enpresaren lan txukunaren adibide, Aspek dagoeneko ziurtatu du pilotari bat finalerdietan.



GOñI ETA BENGOETXEA VI.A, EIBARREN. Enpresen Ligak erabaki du non jokatuko diren heldu den asteburuko partidak. Aspek eta Asegarcek helburu bera zuten, Bengoetxea VI.aren eta Mikel Goñiren arteko partida antolatzea, eta Aspek lortu du pagotxa. Kirol emaitzek eman diote hautatzeko eskubidea. Partida igandean jokatuko da, Eibarko Astelenan, eta litekeena da harmailak goraino betetzea.

Bigarren faseko lehen partida ostiralean jokatuko da, Azkoitian, Berasaluze IX.aren eta Agirreren artean. Toki bitxia da, biak bizkaitarrak direla kontuan hartuta. Koka eta Gonzalez, berriz, larunbatean ariko dira, Labriten. Altzakoak uzkurdura txikia du izterrean, baina ez du sasoiko jokatzeko arazorik izango. Azken partida astelehenean jokatuko da, Tolosan, Xala eta Del Reyren artean. Pilotak bihar eta etzi aukeratuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.