TXIRRINDULARITZA

Valentin Paret-Peintrek irabazi du Italiako Giroan

Decathlon taldeko txirrindulari frantziarra ihesean nagusitu da hamargarren etapan. Eguneko ihesaldian sartu da lehenbizi, eta indartsuena izan da azken igoeran. Ez da erasorik egon faboritoen artean.

Valentin Paret-Peintre, garaipena ospatzen. ITALIAKO GIROA
Valentin Paret-Peintre, garaipena ospatzen. ITALIAKO GIROA
Julen Etxeberria.
2024ko maiatzaren 14a
18:09
Entzun

Paret-Peintre abizena ohikoa bilakatu da Italiako Giroko palmaresean. Iaz, bi anaietan zaharrenak, Aurelienek, laugarren etapa irabazi zuen. Gaur, berriz, Valentin anaia gazteena nagusitu da hamargarren etapan, Ponpeian hasi eta Bocca della Selvan amaitu den horretan. Lehen aldiz irabazi du profesionaletan, eta edozein txirrindulariren ametsa bete: itzuli handi batean lortzea aurreneko garaipena.    

Aldapan gora gailendu da Decathlon taldeko 22 urteko txirrindulari gaztea, errepidea tentetzen denean moldatzen baita ondoena. Aurretik, baina, azti ibili da, eguneko ihesaldian sartu baita beste 26 txirrindularirekin batera. Ospe handiko ziklistak zeuden horien artean: Romain Bardet (DSM), Domenico Pozzovivo (Bardiani), Esteban Chaves (Education) eta Jan Tratnik (Visma), besteak beste. 

Kilometroek aurrera egin ahala, murriztuz joan da talde hori, eta, azken igoeran, honela geratu da lasterketaren egoera: Tratnik, aurretik; eta, 40 segundo inguru atzerago, Bardet, Paret-Peintre eta Andrea Bagioli (Lidl). Bi frantziarrek erasoa jo diote italiarrari maldan gora, eta esloveniarraren bila joan dira. Baina, harengana iritsi aurretik, atzean utzi du Paret-Peintrek Bardet. 

Helmugarako 2,7 kilometro falta zirela aurreratu du Decathlonekoak Vismakoa, eta bakarrik iritsi da helmugara. Bardetek ere Tratnik aurreratu du, eta 29 segundora ailegatu da. 1.01era helmugaratu da Tratnik. Handik gutxira iritsi da Valentinen anaia, bosgarren postuan, hura ere ihesaldian sartu baita. Pozarren helmugaratu da, anaia txikiak egin berri zuen balentria ospatuz. 

Hiru minutu pasatxora iritsi dira oilar guztiak. Ez da erasorik egon haien artean, baina Antonio Tiberik (Bahrain) lau segundo galdu ditu azken metroetan, eta Cian Uijtdebroeksek (Visma), hamahiru.          

Gauko gogortasunaren aldean, samurragoak izango dira hurrengo hiru etapak, iheslari eta esprinterrentzako egokiak. Ez da ariko horien artean Olav Kooij (Visma), igandeko etapako irabazlea, Giroa utzi baitu gaur, sukarrak jota. 

Bestalde, apur bat erdizka geratu da igandeko mendiko etapa, ez baitira Stelviora igoko, aurtengo Coppi gainera. Elur asko dago han, eta tenperaturak gora egin duenez, elur jausiak egoteko arriskua dago. Horregatik erabaki dute antolatzaileek ez igotzea hara. Umbrail mendatea igoko dute haren ordez. 2.498 metroko altuera du, 16,7 kilometroko luzera, eta %7,1eko batez besteko pendiza.

Kerbaol nagusitu da Durangon

Euskal Herriko errepideetan ere proba ospetsua jokatu dute gaur, Durango-Durango klasikoa, eta Cedrine Kerbaol bretoiak (Ceratizit) irabazi du. Evita Muzic (FDJ) frantziarra sailkatu da bigarren, eta Thalita de Jong herbeheretarra (Lotto) hirugarren. Lan gogorra egin behar izan dute, euripean aritu baitira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.