Valentziak Osasunaren bolada ona eten du

Ramazanik 67. minutuan sartutako penalti batek erabaki du lehia. Osasunak lanak izan ditu gol aukerak sortzeko.

Galan eta Moncayola Ramazaniren atzetik, gaur, Valentzian. BIEL ALINO / EFE
Galan eta Moncayola Ramazaniren atzetik, gaur, Valentzian. BIEL ALINO / EFE
2026ko martxoaren 1a
19:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren itzuli zoragarria egiten ari da Osasuna, baina gaur tupust egin du. Alessio Lisciren taldea ez da eroso aritu Mestallan, eta 1-0 galdu du Valentziaren kontra. Ramazanik sartu du gola, 67. minutuan, penaltiz.

Osasunari asko kostatu zaio etxeko taldearen areara gerturatzea, eta lehen zatian ez dio apenas lanik eman Dimitrievski atezainari. Jokaldirik arriskutsuena atsedenaldia iristear zela heldu da, Victor Muñozen erremate batean. Defentsan, ordea, sendo aritu da talde nafarra, eta ez du sobera sufritu.

Bigarren zatian ausardia handiagoz zelairatu da Valentzia, eta min egiten hasi dira erasoko jokalariak: Luis Rioja, Ramazani eta Umar Sadiq. Zelai erdian berreskuratutako baloi bat luze jo du Valentziak, Sadiq atzelariei gailendu zaie, eta, buruz burukoan, Sergio Herrerak penaltia egin dio Realeko aurrelari ohiari. Ramazanik bitan jaurti behar izan du, baina biak sarera bidali ditu, patxadaz.

Azken minutuetan partida osoan ez bezala estutu du Osasunak, aukera gehiago sortu ditu, baina gola ez da heldu. Sailkapen nagusian hamargarren da Lisciren taldea, 33 punturekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!