Gogoa eta ilusioa. Horiexek zituen Efren Vazquezek (Derbi)Munduko Motoziklismo Txapelketa abiatu berritan, behin eta berriz baitzioen aurten 125 cc-eko mailan lorpen handiak egiteko aukerak bazituela. Arrazoi zuen. Halaxe ari da erakusten. Duela bi aste bigarren postuan sailkatu zen Qatarko Sari Nagusian, eta gaur Jerezen hirugarrenetik abiatuko da. Beraz, berriz ere podiumera igotzea izango du helburu bilbotarrak. Eta ahal bada, noski, lehen postuan bukatzea.
Horretarako, baina, bere bi taldekide utzi beharko ditu atzean: Marc Marquez eta Pol Espargaro. Eta bi piloto horiek ematen ari diren maila ikusita, ez du lan samurrik izango. Atzo, esaterako, jaun eta jabe izan zen Marquez entrenamendu saioetan. Itzulirik azkarrena ere berak markatu zuen. Baina izan, izango du bere aukera Vazquezek, Qatarren erakutsi zuen moduan sasoi ezin hobean dago eta. Badirudi irteeran gehien asmatzen duenak izango duela aukera gehien irabazteko.
Moto GP mailari dagokionez, berriz, Dani Pedrosa (Honda) irtengo da poletik, erakustaldia emanda izan baitzen nagusi entrenamenduetan. Hasiera batean bazirudien polea Valentino Rossirentzat (Yamaha) izango zela, oso ondo bideratuta baitzeukan den-dena italiarrak, baina azkenean laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Eta agian garesti ordain lezake hori, sailkapen nagusiko lidergoa gal baitezake. Bigarren postutik Jorge Lorenzo (Yamaha) irtengo da, eta hirugarrenetik Casey Stoner (Ducati).
Moto 2 Mailan, azkenik, Shoya Tomizawa (Suter) abiatuko da lehenengo lerrotik, Julian Simon (RSV) bigarrenetik eta Toni Elias (Moriwaki) hirugarrenetik.
Vazquez, hirugarrenetik
Efren Vazquezek podiumera igotzea du helburu Espainiako Sari Nagusian, gaur, 125 cc-eko mailan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu