Vettelen hirugarrena saihestu nahi dute

Webberren laguntzarik gabe egin beharko die aurre alemaniarrak Hamiltoni, Buttoni eta Alonsori Shanghain

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Guztia irabazi du orain arte Sebastian Vettelek: bi pole eta bi garaipen lortu ditu. Eta zifra horiek Txinan handitu nahi ditu, bihar. Historiari begiratuz, aurkariek zail izango dute hori eragoztea, Vettelek Shanghain lortu baitzuen lehen garaipena Red Bullentzat, duela bi urte soilik. Garaipen hura taldearen lehena ere izan zen. Hortik aurrera suziri baten modura egin dute gora biek, gaur egun erreferente bilakatu arte.

Red Bullek orain arte gidari bakarra izan du aurrean. Vettel ezin hobeto ari da. Mark Webber, aldiz, espero baino okerrago. Horregatik, alemaniarrak bere burua defendatu behar du McLareneko gidariengandik. Webberrek ezin du goikoen abiadura berean gidatu, eta, haren kalterako izateaz gain, Vettel jopuntuan jartzen du. Non, eta McLarenek gogor jo dezakeen zirkuituan.

Iaz McLarenek bat-bikoa lortu zuen Txinan, euriak hasieran itxuraldatu zuen lasterketan. Vettelek ez zuen bere egunik onena izan, eta podiumetik at amaitu zuen. Helmuga aurretik dagoen zuzengunea arriskutsua da Red Bull autoentzat, ez baita ahaztu behar oraindik Renault motorrek bultzatzen dituztela, eta Mercedesen zilindroek erakutsi dituztela puntako abiadura erregistro onenak orain arteko lasterketa guztietan. Aurten, gainera, EMSa erabil daitekeenez, Red Bull autoak aurreratzea errazagoa da.

McLaren eta Ferrari, erne

Red Bull faborito da oraindik, Malaysian garaipen erraza izan ez bazuen ere. McLarenek ezusteko izateari utzi dio, eta dagoeneko austriarren aurkari nagusi bilakatu da. Lewis Hamiltonek ez du askorik falta gaurko sailkatzean Red Bull autoei lehen postua kentzeko. Ingelesak saio guztietan Vetteli itsatsita amaitu du, ez baitu haren arrastoa galdu nahi. Joan den igandean pneumatikoak gehiegi astintzeagatik garesti ordaindu zuen lasterketa amaieran. Oraingoan, Txinan oso bestelako panorama agertu dute pneumatikoek, eta Pirellik dio geldialdi bakarra posible izango dela.

Halere, Button da gidarien sailkapenean bigarren dagoena. Askoren esanetan, haren zetazko gidaketa oso lagungarri zaio aurten, pneumatikoak hain kritiko diren honetan. Litekeena da Txinan abantaila hori emaitzetan gehiegi ez islatzea, baina 2009ko munduko txapeldunak oso gutxitan egiten du huts, eta puntuak pilatzen ditu etengabe. Sailkatzean Hamiltonen maila bat azpitik badago ere, lasterketan ustekabean azaltzen da. Vettelen bigarren aurkaria da.

Badira igandetan agertzen diren beste batzuk, perretxikoen moduan. Ferrari autoak kamutsak dira larunbatean, baina zorrotzak igandean. Hori konpondu

ezean zaila izango dute xanpaina astintzea. Atzo proba aerodinamikoekin jarraitu zuten, oraindik arazoen jatorria zein den ez dakitela erakusten duena. Larunbatean arazoekin jarraituko dute seguruenik, eta bihar lan ona egiten saiatu beharko dute. Fernando Alonso bosgarren eta seigarren izan da lehen bi lasterketetan, eta, bihar ere inguru horretatik ateratzen bada, ezin da garaipenerako baztertu. Felipe Massak gora egin du zertxobait, baina Red Bull Vettelekin bakarrik ari den bezala, Ferrari Alonsorekin bakarrik ari da.

Txina izango da Europatik kanpo jokatuko den azkeneko lasterketa, hiru asteko etenaldiaren aurretik. Red Bullek badaki tarte horretan aldea jan diezaioketela aurkariek. Horrexegatik, dena eman behar du hasiera honi etekin handiena ateratzeko. Vettel ez da podiumetik jaitsiko okerrik ezean, eta Hamilton ere ez. McLarenekoaren lehen garaipena denbora kontua da. Txinan estreinatuko al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.