Vila-rela 1-0 Athletic.

Athleticek ezin izan du punturik urratu Vila-realen

Zuri-gorriek lehen zati oso ona jokatu dute. Baina berriro ere ez dituzte izandako gol aukerak aprobetxatu, eta bigarren zatian ordaindu egin dute, Moleirok gola sartu baitu. Athleticek bolada txarra darama: azken bost partidetatik lau galdu ditu.

Yuri baloiarekin, parez pare Mikautadze duela. ANDREU ESTEBAN / EFE
Yuri baloiarekin, parez pare Mikautadze duela. ANDREU ESTEBAN / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko irailaren 27a
23:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athleticek irabazi egin zituen Ligako lehen hiru partidak. Baina ordutik ezin izan du garaipenik lortu. Liga eta Txapeldunen Liga kontuan hartuta, jokatu dituen azken bost partidetatik lau galdu ditu, eta bat berdindu egin du.Gaur esku hutsik amaitu du Vila-realen zelaian: 1-0. Lehen zati oso ona jokatu dute zuri-gorriek, eta aukerak izan dituzte aurretik jartzeko. Baina beste behin ez dute asmatu aurkariaren ate aurrean, eta ordaindu egin dute. Bigarren zatian hobea izan da Vila-real, eta izan dituen abaguneetako batean Moleirok gola sartu du. Athletici agortzen joan zaio indarra, eta ezin izan du emaitza irauli. Neurketak Valentziaren zelaian jokatu zuenaren antzeko gidoia izan du.

Valverdek Laporteren eta Vivianen alde egin du erdiko atzelari postuan aritzeko. Paredes geratu da aulkian. Eskuin hegalean Iñigo Lekuek jokatu du Aresoren tokian, Nico Williamsenean Unai Gomezek, eta Berenguerrenean Guruzetak. Hasieran Vila-real izan da nagusi. Ondo egin dio presioa Athletici, zuzen jokatu du, eta hegaletatik saiatu da min egiten talde zuri-gorriari. 

Etxekoek bosgarren minutuan izan dute aurretik jartzeko lehen aukera. Argia izan da abagunea, gainera. Thomas Partyk erremate ona egin du area barruan; Unai Simonek ondo gelditu dio, eta aldaratzea Peperi iritsi zaio. Ez zuen ia errematea egiteko aukerarik, baina lortu du, eta baloia langara joan da. Minutu horietan Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldeak izan du jokoaren ekimena. Baina pixkanaka Athleticen jokoak hobera egin du. Vila-realek baloia zuenean ondo egin dio presioa, eta baloi gehiago berreskuratu ditu etxekoen zelai zatian. Horri esker bizi atera ahal izan du erasora. 

Minutu onak jokatu ditu Athleticek, behetik gora egin du, eta neurketa parekatzen joan da. Hala, zuri-gorriak aurretik jartzear egon dira 17. minutuan. Jauregizarrek falta bat atera du, eta Luiz Juniorrek gelditu ona egin da. Aldaratzea Sancetek jaso du, baina bitan ez du asmatu; ezta Ruiz de Galarretan hirugarrenean. Hurrengo jokaldian etorri da etxekoen erantzuna: Unai Simonek gelditu ona egin dio Peperi. Hain zuzen ere, aurrelaria izan da lehen zati horretan zuri-gorriei buruhauste gehien eman dien jokalaria. Etengabe saiatu da Laporteren bizkarrera jokatzen, eta alde horretatik zuloak topatzen. Erdiko atzelaria erritmoa hartzen ari da oraindik, eta nabaritu da.

Entretenigarria izan da neurketa minutu horietan, eta bizia. Bi taldeak saiatu dira erasora eta zuzen jokatzen. Azken neurketetan baino itxura askoz hobea eman du Athleticek, eta ausart jokatu du. Vila-realek baloia ateratzerakoan izan dituen zalantzak baliatzen ahalegindu da Valverdek zuzentzen duen taldea. Gauza bat faltatu izan zaio lehen zati horretan egindako lan bikaina biribiltzeko: gola sartzea. Guruzuetak bi aukera garbi izan ditu 27. eta 39. minutuetan. Lehenbizikoan erremate ona egin du, baina Junior Luizek kornerrera bidali du baloia; bigarrenean kanpora joan zaio errematea. Vila-realek izan du berea. Pepek erdiraketa bikaina egin du, eta Mikautadze bakarrik geratu da Unai Simonen aurrean. Errematatu egin du, baina atezainak kornerrera bidali du baloia. Azken txanpan ere berdin jarraitu du Athleticek, ausart jokatuz. Baina azkenerako 0-0 amaitu da aurreneko zatia.

Moleiroren gola 

Bigarren zatiaren hasiera parekatua izan da. Baina pixkanaka Athleticek indarra galdu du. Vila-realek aurrerapauso bat eman du, eta minutu gehiago jokatu ditu zuri-gorrien zelaian. Gainera, Athletici kostatu egin zaio jokaldiak jostea. Hala, berehala iritsi dira etxekoen aukerak. Pepek, Marinek eta Guayek izan dituzte argienak. Kasu batzuetan ez dute asmatu, eta besteetan Unai Simonek gelditu onak egin ditu. Gainera, jokaldiren batean Laportek atera du baloia; izan da, zutoina miazkatu duen bat ere. Zelai erdia indartzeko Valverdek Rego zelairatu du Vesgaren tokian aritzeko. 

Baina aldaketa erabakigarria Marcelinok egin du, Moleiro zelairatu duenean. Hark are zentzu handiagoa eman dio Vila-realen jokoari; gainera, 77. minutuan gola sartu du. Vivianek indar gutxirekin aldendu baloi bat, erdilariak jaso du, eta ezustean harrapatu du Unai Simon. Athleticek 13 minutu zituen berdinketa lortzeko, baina ez du lortu. Ez du aparte izan berdinketa, Regok langara bidali baitu lehen ukituan egin duen erremate bat, 83 minutuan. Ahaleginean jarraitu dute zuri-gorriek, baina indar gutxirekin, nekea antzeman baitute lehen zatian egindako ahalegin fisiko handia eta gero. Hala, 1-0 amaitu da partida. Athleticek asteazkenean izango du hurrengo neurketa, Dortmunden. Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldiko partida izango da. 

Vila-real-Athletic

Villa-real: Junior Luiz; Mouriño, Rafa Marin, Renato Veiga, Cardona; Ilias Akhomach (Buchanan, 46. min), Thomas Partey (Parejo, 71. min.), Gueye, Solomon (Moleiro, 71. min.), Pépe (Pedraza, 89. min.) eta Mikautadze (Tani Oluwaseyi, 71, min.).

Athletic: Unai Simon; Lekue, Vivian, Laporte, Yuri; Ruiz de Galarreta, Vesga (Rego, min. 73. min.), Jauregizar, Iñaki Williams (Sannadi, 73. min), Sancet, Unai Gomez (Robert Navarro, min. 58. min.) y Guruzeta (Areso, 66. min.).

Golak: 1-0: Moleirok (76. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.