Futbola

Villacampak beste urtebete segituko du Athletic zuzentzen

Teknikaria pozik dago kontratua beste urtebetez luzatzeagatik, eta adierazi du aspalditik ari zirela negoziatzen.

ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 21a
13:02
Entzun

Athleticek segida emango dio koronabirusaren pandemia dela-eta amaitu berri den proiektuari. Harrobiko hainbat jokalariren kontratua berritu ostean, teknikariarena: Angel Villacamparena. Real Madrilera joango zen zurrumurrua zebilen azken egunetan, eta haren lekua Iraia Iturregik hartuko zuela. Baina entrenatzaileak talde zuri-gorrian segitzearen aldeko apustua egin du, eta bigarren denboraldia egingo du bertan. "Oso pozik nago Athletic bezalako talde garrantzitsu batean segitzeko aukera izateagatik. Aspalditik ari ginen kontratua luzatzeko aukeraren inguruan hizketan, eta garrantzitsuena da segida eman ahal diogula proiektuari".

Hain zuzen, orain urtebete da Txinako selekzioa utzi eta Athleticen sinatu zuela. "Ziurrenik, orduan baino motibazio eta ilusio handiagoa daukagu orain". Teknikariak uste du oraindik erronka garrantzitsuak dituztela aurretik. "Lanean jarraituko dugu horretarako. Talde on bat dugu horretarako, eta baita zutarri garrantzitsu bat ere: klub honek emakumeen futbolaren alde aspalditik egiten ari den lana. Apustu horren araberako erantzuna ematea egokitzen zaigu guri".

Onartu du denboraldi hasiera ez zela erraza izan, eta taldeari kostatu egin zitzaiola martxa hartzea. "Baina jokatzeko era barneratu ahala, emaitzak eta erregulartasuna ailegatzen ari ziren, eta koronabirusaren pandemiak eragindako etena denboraldiko onenean ginenean ailegatu zen. Pena da". Athletic bosgarren zegoen ligan, 35 punturekin, Deportivo laugarrenarengandik bi puntura. Espainiako Kopan, berriz, finalerdietarako zegoen sailkatuta. Logroñoren zelaian zen jokatzekoa kanporaketa hori.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.