Hiru asteko itzuli batean ezin da ezer ziurtzat jo. 21 egunez lehiatzeak berekin dakar gaixotzeko edo erortzeko arriskua. Eta bestelako ezustekoak ere izaten dira: hautagai sendoen ahulezia, fokupetik at daudenen agerraldia, iraultza gosea dutenen bat-bateko estrategia… Alabaina, oker handirik ezean, aurtengo Italiako Giroa aise irabazi beharko luke Jonas Vingegaardek (Visma). Ustekabea baino gehiago, hondamendia litzateke danimarkarra ez gailentzea. Gaur hasiko da Giroa, Bulgariako lurretan, eta ez dirudi Erromara bidean Vingegaardek bere pareko aurkaririk izango duenik. Berez, hautagai nabarmen gisa hasi behar zuen lasterketa, eta, Joao Almeidak (UAE), Richard Carapazek (Education) eta Mikel Landak (Soudal) azkenean kale egingo dutela jakinda, litekeena da garaipen samurra lortzeko moduan egotea Vismako taldeburua.
Giroa irabazita, bere ibilbide oparoan beste mugarri bat ipiniko luke Vingegaardek. Dagoeneko bi aldiz irabazi du Frantziako Tourra, eta behin Espainiako Vuelta. Hortaz, hiru itzuli handiak irabazi dituztenen sail murritzean sartzeko aukera du danimarkarrak. Orain arte, zazpi txirrindularik bakarrik osatu dute bilduma. Jacques Anquetil izan zen aitzindaria: 1957an Tourra irabazi zuen, 1960an Giroa, eta 1963ko Vueltan itxi zuen zirkulua. Ondoren, Felice Gimondi, Eddy Merckx eta Bernard Hinault batu zitzaizkion, eta mende honetan, Alberto Contador, Vincenzo Nibali eta Chris Froome izan dira hiru itzuli handiak zakuratu dituzten bakarrak. Tadej Pogacar (UAE) oraindik ez da zerrenda horretan ageri, Vuelta ez baitu irabazi oraindik. Alde horretatik, baliteke Vingegaardek hari aurrea hartzea.
Tourra 2022an irabazi zuen aurrenekoz, eta iaz gailendu zen Vueltan. Giro honetan hutsik egiten ez badu, lau urteko tartean osatuko du bilduma. Zazpi aukeratuen artean, Contador izan zen azkarrena: urtebeteko epean nagusitu zen hiru itzuli handietan —2007ko Tourra eta 2008ko Giroa eta Vuelta irabazi zituen—. Vingegaardek, ordea, ez du aparteko presarik izan. Beti Tourra jo izan du urteko helburu nagusitzat, eta, grande boucle-ra bidean, muzin egin izan dio Giroari. Alabaina, Frantziako errepideetan geroz eta garestiago dago garaipena lortzea. Pogacar alde handiz nagusitu da azken bi Tourretan, eta, hori gutxi balitz bezala, Paul Seixas (Decathlon) gaztea ate joka dago. Hori horrela, plangintza ezberdina egin du aurten Vingegaardek: Giroan lehiatuko da Tourrera joan aurretik, bi lasterketak irabaziko dituen esperantzaz.
Giroak harena beharko luke. Alta, aurreneko aldiz ariko da corsa rosa-n, eta ez da batere ohikoa debutari batek maglia arrosa eskuratzea. Bederatzi aldiz gertatu da hori Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Euskal herritar bat dago Giroan ametsetako debuta izan dutenen artean: Miguel Indurain. 1992an lehiatu zen Giroan lehen aldiz, baita irabazi ere. Mende honetan, Contador, Nairo Quintana eta Egan Bernal izan dira aurreneko saiakeran arrakasta izan dutenak. Baita Pogacar ere. Berezia da haren kasua, nagusitasun harrigarriz gailendu baitzen 2024an: ia hamar minutura utzi zuen bigarren sailkatua, sei etapa sartu zituen zorroan, eta maglia arrosa bigarren etapaz geroztik eraman zuen soinean. Tamaina horretako erakustaldiak izar esloveniarraren esku daude bakarrik. Dena den, Vingegaardek ere uzta ederra lor lezake aurtengo Giroan.
Ikusteko dago, ordea, datozen asteetako ahaleginak zer ondorio dakarzkion Tourrari begira. Giroan, mahukak bildu gabe nagusitu liteke danimarkarra, baina uztailera hura baino freskoago iritsiko dira Tourreko beste hautagaiak. Nolanahi ere, itxaropentsu daude Visma taldean. Iaz Tourra eta Vuelta kateatu zituen Vingegaardek, eta, taldeko arduradunek diotenez, daniarraren mailak gora egin zuen lasterketa batetik bestera. Giroa eta Tourra urte berean irabaztea, ordea, mirari baten parekoa da txirrindularitza garaikidean. Aurreko mendean, zazpi gizonezko txirrindulari izan ziren horretarako gai. Marco Pantani izan zen azkena, 1998an. Geroztik, ezinezkoa zirudien sasoi berean elastiko arrosa eta horia eskuratzea; harik eta 2024an Pogacar agertu zen arte.
Beste maila batean dago
Esloveniarra egon ezean, edozein itzuli irabazteko faborito nagusia da Vingegaard. Amaitu dituen eta Pogacar arerio gisa eduki ez duen itzuliak aintzat hartuta —itzuli handiak zein astebetekoak—, 2023ko Vuelta da irabazi ez duen azkena. Itzuli handietan zinez fidagarria da: zortzitan lehiatu da guztira, eta, 2020ko Vueltan izan ezik, beste guztietan bigarren izan da gutxienez. Era berean, astebeteko zazpi itzuli nagusietatik bost irabazi ditu dagoeneko: Itzulia, Dauphine, Tirreno-Adriatikoa, Paris-Niza eta Kataluniako Volta. Romandia eta Suitzako itzulietan gailendu beharra du bilduma osatu nahi badu.
Haren maila fisikoa eta erregulartasuna ikusita, ezer gutxi egin dezakete aurtengo Giroko beste hautagaiek. Vingegaardek ezbehar handirik ez badu, honako hau da zalantza nagusia: podiumean nor izango duen alde banatan. Horietako bat Giulio Pelizzari gaztea (Red Bull) izan liteke, edo bere taldekide Jai Hindley; aurtengo lehiakide guztien artean, Hindley eta Egan Bernal (Ineos) dira Giroa irabazi duten bakarrak. Bernalek Thymen Arensmanekin partekatuko du Ineosen gidaritza. UAEren lemazaina, berriz, Adam Yates izango da. Gogoan iltzatuta izango du bere anaia Simonek iaz lortu zuen garaipen epikoa. Felix Gall (Decathlon), Santiago Buitrago (Bahrain), Derek Gee (Lidl) eta Enric Mas (Movistar) ere ohorezko postuen lehian izango dira agian. Euskal ziklistei dagokienez, bi besterik ez dira izango tropelean: Igor Arrieta (UAE) eta Markel Beloki (Education).
Lehen hiru egunak Bulgarian emango ditu Giroak, eta zazpigarren egunean iritsiko da mendiko lehen etapa: Blockhaus igoko dute bukaeran. Erlojuaren aurka hamargarren etapan ariko dira bakarrik –42 kilometroko saioa izango da–, eta lau egun geroago, baliteke sailkapen nagusian beste dardara bat izatea Pilako igoeran. Ibilbiderik erakargarriena 19. etapak du: sei mendate igoko dituzte Dolomitetan barrena. Azken-aurreko saioan, berriz, birritan igoko dute Piancavallo. Vingegaardek nonahi apurtu lezake Giroa.