Aleksandr Vinokurovek (Astana) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa, Zuian. Azken kilometroetan jo du erasoa kazakhstandarrak, eta bakarrik sartu da, indar betean, Zuian, erlojupekoan ariko balitz bezala. Rabobank eta beste talde batzuek Vinokurov harrapatzeko lanak egin dituzte, baina ez dute lortu. Tropela zazpi segundora helmugaratu da, eta Joaquim Rodriguezek (Katuxa) lidergoa hartu du berriro. Egoitz Garcia izan da lehen euskal txirrindularia, seigarren. Vinokurovek Euskal Herriko Itzulian lortutako lehen garaipena da gaurkoa: "Garaipen handia da niretzat eta taldearentzat", esan du etapa amaitu ondoren.
Gaur izan du Euskal Herriko Itzuliko tropelak aurtengo aldiko etaparik luzeena, Villatuerta eta Zuia artekoa, 180 kilometrokoa. Etapa ederra izan da, ikusgarria; oso beroa, txirrindulariek eurek aitortu dutenez. Eguneko erasoa Tony Martinek (HTC-Highroad) jo du. Opakua lehen postuan zeharkatu du, baina beherakoan beste sei lagun gehitu zaizkio: Garate (Rabobank), Moinard (BMC), Niemiec (Lampre-ISD), Bellotti (Liquigas-Cannondale), Egoi Martinez (Euskaltel-Euskadi) eta Pineau (Quick Step).
"Ez gara ados jarri"
"Zazpi ginen, baina ez gara ados jarri. Batzuek etapa nahi zuten, eta nik esan dut aurrera egiten ez bazuten ni atzera nindoala", esan du Garatek; hala egin du, taldeari laguntzeko. Moinardek, Bellottik eta Pineauk lasterketa hautsi dute berriro, 87. kilometroan, eta buruan jarri dira hirurak. Tropelean, Rabobank hasi da orduan lanean, etapa amaitzeko 45 kilometro falta zirenean. Tropelak iheslariak harrapatu, eta nahastu egin da karrera; etapa zoroa izan da horregatik, oso bizia. Hainbat ihesaldi saioren ondoren, Vinokurovek ihes egin du eta bakarrik sartu da azken kilometroan, oso indartsu.
Eguraldia lagun izan dute txirrindulariek, baina sei lagunek utzi dute gaur lasterketa. Etapa hasi aurretik hiruk, eta hasi ondoren, beste hiruk, Ivan Basso eta Danilo di Luca horien artean. Itzuliko sailkapen nagusian, Joaquim Rodriguez dago berriro lider. Larunbatean amaituko da Euskal Herriko Itzulia, Zallan, 24 kilometroko erlojupekoarekin. Biharko etapa gogorrena da, Amurrio eta Eibar artekoa, lehen mailako bi mendaterekin, bigarren mailako hirurekin eta hirugarren mailako beste birekin. Arraten amaituko da etapa.