Vueltak bukaerara arte izango du mamia 2024an

Erlojupeko batekin hasiko da, abuztuaren 17an, eta beste batekin amaitu, irailaren 8an. Tartean, mendia besterik ez da izango. Portugalen jokatuko dira lehen hiru etapak, eta Euskal Herriak hemezortzigarrena hartuko du, Gasteiz eta Maeztu artean.

ESPAINIAKO VUELTA
Sepp Kuss (Jumbo-Visma) eta Juan Ayuso (UAE), lehia betean iazko Espainiako Vueltako hemezortzigarren etapan. EFE
enaut agirrebengoa
2023ko abenduaren 19a
22:33
Entzun

Gogorra izango da datorren urteko Espainiako Vuelta, eta amaierara arte entzungo da txirrindularien arnasotsa. Izan ere, lasterketa ez da gatzik gabeko etapa lau batekin amaituko, erlojupeko batean baizik, Madrilen. 22 kilometroko saioa izango da, bakarrik egin beharrekoa. Bezperan, berriz, sei mendateko etapa bati egin beharko diote aurre. Picon Blancon izango du helmuga. Bi egun horietan hankaz gora jar liteke sailkapen nagusia. Eta lehenago ere egongo da zalaparta non eragin: bederatzi etapa bukatuko dira igoera batean, eta zortzik izango dute ibilbide menditsua. Ziklistak Covadongako aintziretara itzuliko dira berriro, eta Ancareseko eta Cuitu Negruko aldapetan ere hortzak estutu beharko dituzte.

Gaur eman dituzte gizonezkoen Vueltaren xehetasunak, lasterketa antolatzen duen Unipublic enpresaren egoitzan. Tropela Portugalen lotuko zaio lanari, 1997an bezala, eta hiru egunez lehiatuko da han. Hasteko, hamabi kilometroko saio laburra jokatuko da Lisboa eta Oeiras artean. Lasterketan zehar lehiatuko duten bi erlojupekoetako bat izango da. Azken egunekoa da bestea. 34 kilometro eskas izango dira guztira, Giroan egingo dutenaren erdia, eta Tourrean baino 25 kilometro gutxiago. Horrez gain, ez da egongo 200 kilometrotik gorako etapa bat bera ere. Bost izango ditu Tourrak, eta lau Giroak. Vueltari zigilu propioa jarri nahi izan diote antolatzaileek.  

Tropela sartuko da Euskal Herrian, baina etapa bakarra egingo du bertan. Hemezortzigarrena izango da, zehazki. Gasteiztik irtengo dira txirrindulariak, eta 175 kilometro egingo dituzte, ia denak Arabako errepideetan —etaparen erdialdean Errioxan (Espainia) sartuko dira tarte labur batez—. Nahiko lan samurra izango du tropelak, eta zailtasun handiena Herrerako mendatea izango da. Hura igota, 45 kilometro geldituko dira helmugara iristeko. Maeztun aurkituko dute, Izkiko Parke Naturala zeharkatu ondoren. Trantsiziozko etapa izango da, azken txanpako mendate festaren erdian.

Lehen astean ere izango dute zailtasunik. Kasurako, Pico de Villuercasen finituko da laugarren etapa. Bukaera ez ezik, hasiera ere gogorra izango du, bi igoera gainditu beharko baitituzte martxan jarri orduko. Faboritoen lehen azterketa izango da maldan gora. Bederatzigarren etapan izango dute indarrak neurtzeko hurrengo abagunea: Purche behin eta Hazallanas birritan igoko dute, eta azken 50 kilometroak maldan behera egin ostean, Granadako helmugara iritsiko dira. 

Biharamuneko atsedena ondo etorriko zaie txirrindulariei, zinez gorabeheratsua izango baita bigarren astea. Lehenik, muinoz jositako bi etapa jokatuko dituzte Galizian, eta hurrengo bi egunetan, mendatean egongo da helmuga: Manzanedan lehenik, eta Ancaresen hurrena. Ia zortzi kilometro ditu azken horrek, eta azken bost kilometroetan %12koa da bataz besteko pendiza. Maila apalagoko beste hiru mendate igoko dituzte hara iritsi aurretik. Egun bat geroago, lasterketako saiorik luzeena jokatuko da: 199 kilometro, tartean dela lehen mailako Leitariegos. Helmugatik hamasei kilometrora izango du gaina.

Asturias, beti bezain malkartsu

Azken atseden egunaren aurretik, hautagaiek neurria eman beharko dute Cuitu Negruko igoera luze eta gogorrean. Ia hogei kilometroko mendatea da, eta azken zatian %23rainoko aldapak dauzka. Aurrez bi bider igoko dute Colladiella, lehen mailakoa. Arnasa berritu, eta beste etapa gogor bat jokatuko da Asturiasen. Kasu horretan, Covadongako aintziretan egongo da helmuga. Lasaiagoak izango dira hurrengo bi etapak; horietako bat da Gasteiz eta Maeztu artean jokatuko dena. Hemeretzigarrena laua da oro har, baina Moncalvilloko mendatean izango du helmuga. Eta azken bi etapetan ezingo da inor ezkutatu. Lehenik, zazpi mendateko saioa izango dute. Hiru lehen mailakoak izango dira, horien artean dela amaierako Picon Blanco. Eta maillot gorriaren lehian dabiltzanek erlojuaren kontra egin beharko dute azken ahalegina.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.