Txirrindularitza

Waerenskjold garaile Tourraren historiako etaparik azkarrenean

Esprint nahasi eta bizia izan da lasterketako 11. etapan, eta norvegiarra ezustean nagusitu da, Kooij eta Philipsenen aurretik. Hasieran zigortu egin dute Philipsen, baina hirugarren postua eman diote azkenean. Pogacarrek aise eutsi dio lidergoari.

Soren Waerenskjold Tourreko 11. etapa esprintean irabazi izana ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Soren Waerenskjold Tourreko 11. etapa esprintean irabazi izana ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 15a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esprinter onenen festan ezusteko gonbidatua izan da gaur: Soren Waerenskjold (Uno-X). Pedalak azkar mugitzeaz gain, buruz ere bizkorra izan da txirrindulari norvegiarra, eta bere egin du Tourreko 11. etapa, Olav Kooij (Decathlon) eta Milan Fretinen (Cofidis) aurretik. Amaiera ez ezik, garapena ere oso azkarra izan du etapak; hainbeste, ezen inoizko handiena izan baita batez besteko abiadura: 50,91 kilometro orduko. Ibilbidea oso samurra izateaz gain, haizea alde izan dute txirrindulariek, eta grinaz eragin diete pedalei. Hartara, begi kliska batean lotu dituzte Vichy eta Nevers. Frenesiaren erdian, Waerenskjoldek ezustean harrapatu ditu aurkariak, eta bere kirol ibilbideko garaipenik handiena eskuratu du.

Iaz, Jonas Abrahamsenen eskutik dastatu zuen loria Uno-X taldeak, eta oraingoan ere etapa bat irabazteko gai izan da. Gainera, maillot horia eskuratu zuen laugarren etaparen ondoren, Torstein Traeeni esker. Norvegiarrak hainbat modutara nabarmendu daitezke, eta gaur, Waerenskjold esprintean nagusitu aurretik, ihesean sartu dute Anthon Charming. Ihesaldiak ez du bidea egiterik izan, esprinterren taldeek oso serio egin baitute lan. Kolore askotako maillotak ikusi dira tropelaren buruan, behin azken kilometroetako lehia piztu denean. Inor ez da gai izan esprinta modu ordenatuan bideratzeko, eta, nahasmenaren erdian, erritmo aldaketa luze eta indartsua egin du Waerenskjoldek. Kooij eta Jasper Philipsen (Alpecin) gerturatu egin zaizkio, baina besterik ez. Hasieran, Philipseni hirugarren postua kendu diote komisarioek, eta Fretini eman. Erabakia atzera bota dute gero.

Tropeleko esprinterrik onenetako bat izanagatik, Tour nahiko makala ari da osatzen Philipsen, eta horrek ondorioak izan ditu Alpecin taldearen jokabidean. Gaur, Philipsenen taldekideak ez dira tropelaren buruan agertu etaparen zatirik handienean, eta, lehiari ekin orduko, ihesaldia antolatzen saiatu da Mathieu van der Poel, esprinten bideratzailea. Antzua izan da haren saiakera; aldiz, tropeletik irtetea lortu dute Charmingek, Julian Alaphilippek (Tudor), Nelson Oliveirak (Movistar) eta Mathis Le Berrek (TotalEnergies). Ondo konpondu dira elkarrekin, baina ezin izan dute nahi beste urrundu multzo nagusia: 1.40ko abantaila eman diete gehienez.

Gaviria, atzetik aurrera

Joan zen larunbatean esprinta zapuztear izan zen Liam Slock (Lotto), eta orduko estutasunak ekidite aldera, azkarrenen taldeek gupidagabe jokatu dute gaur. Hala, helmugatik hogei kilometrora zirela, ihesaldia 45 segundora zeukaten. Ordurako, hiru txirrindulari geratzen ziren lasterketa buruan, Alaphilippe atzean geratu baita laugarren mailako malda labur batean.

Tropelak sei kilometroren faltan irentsi du hirukotea, eta, halako batean, abiadura nabarmen mantsotu du. Sua azken bi kilometroetan zehar piztu da berriro, eta inor ez da kaosa kontrolatzeko gai izan. Cees Bolek (Decathlon) metro batzuk hartu ditu, eta, momentu egokia zela iritzita, haren atzetik abiatu da Waerenskjold. Ahalegin luzeegia izan zitekeen, baina erresistentzia handia erakutsi du norvegiarrak.

Aurreko etapetan, Tim Merlier (Soudal) izan da esprinterrik onena, baina bezperan jipoi handia hartu zuen helmugara garaiz iristeko. Horrek eragina izan du gaurko emaitzan: hamabosgarren sailkatu da. Caja Ruralek, berriz, hamar onenen artean sartu du Fernando Gaviria. Kolonbiarrak matxura izan du helmugatik bederatzi kilometroa, baina mesede egin dio tropelean izan den geldialdiak. Atzetik aurrera egin du pixkanaka, eta bederatzigarren amaitu du etapa.

Okerrik ezean, biharko etapa ere esprinterren artean erabakiko da, apur bat aldapatsuagoa izango den arren. Magny-Courseko automobilismo zirkuitutik aterako dira txirrindulariak, eta Chalon-Sur-Saonen amaituko dute saioa, 179 kilometroren ondoren. Laugarren mailako hiru koska igoko dituzte, gaur baino bat gehiago; azkena, helmugatik hogei kilometrora. Esprinterrek gai izan beharko lukete aldapa horretatik onik atera eta azken txanpan tropelaren buruan agertzeko. Borroka bizia izango da azkarrenen artean, etapa lauak oso bakanak izango baitira bihartik aurrera. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA