Red Bull taldeak bere pole position bolada etengabearekin jarraitu zuen atzo Turkian, Mark Webberrek urteko zazpigarrena eman baitzion. Australiarra da sasoiko gidaria uneotan, eta Sebastian Vettel bera etsitzen hasia da bere ezina ikusita. Vettelek, baina, adierazi zuen balazta arazoak izan zituelako ibili zela hain makal. Izan ere, Hamiltonek egin zuen bigarren, eta garaipena posible du McLarenekoak. Zailago izango dute Ferrariko gidariek, taldearen 800. lasterketa oso atzetik hasiko baitute.
Txapelketak alde hori erakusten ez badu ere, Red Bull autoak nagusi dira zirkuitu guztietan. Nagusitasun horren ordezkari Mark Webber da, Montmelon pole-a lortu zuenetik. Hortik aurrera, jokoan izan den guztia irabazi du australiarrak, iazko joera aldatuz. Inoiz ez da hain indartsu izan Webber, eta atzo hark eman zion lehen postua Red Bulli. Vettel burumakur utzi zuen, barruan zeraman etsipena ezkutatu ezinda. Gaztea da, eta naturala: pozik dagoenean gainezka agertzen da, baina atzo bezalakoetan ez daki etsipen hori gordetzen. Bere alde du irteeran alde garbia dagokiola, eta ikusi denagatik, Hamilton bezala alde zikinean daudenek postu bat gal dezakete. Hortxe du Vettelek aukera onena.
Aurrean Webberrek bere lasterketa egingo du ziurrenik, baina Turkian McLaren autoa bereziki ondo dabil. Hamiltonek zioen bezala, ezinezkoa da hiru astean Red Bullek Bartzelonan zuen segundo bateko aldea jatea, baina pausoak norabide egokian emanez, abordaia egin dute Istanbulen. Hamiltonek esku artean konfiantza ematen dion autoa duenean izugarria da hura ikustea, eta atzo horrela zebilen. Jada ostiralean ondo moldatu zirela ikus zitekeen. Webber gainditzea oso zaila izango da, baina Hamiltonek oraindik ez du irabazi aurten, eta lehorte horri amaiera jarri nahi dio.
Txapelketan Ferrari da Red Bullen aurkari nagusia. Atzo, ordea, Ferrarik ez zuen erakutsi. Alonsok ezin izan zuen lehen hamarren artean sartu, eta Massa zortzigarren izan zen. Zortziehun lasterketa osatuko ditu gaur Ferrarik, eta Domenicalik onartu du berehala hobetu behar dutela. Bestela McLarenek hartuko du bigarren taldearen tokia. Lehena, ezbairik gabe, Red Bullena baita.
Webberrek, berriz ere
Australiarrak hirugarren 'pole'-a lortu du jarraian Hamilton eta Vettel gaindituz; eta Alonso 12. postutik irtengo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu