Williamsek eman dizkio Athletici behar zituen hiru puntuak

Zuri-gorriek irabazi egin dute Oviedoren aurka: 1-0. Lasai iritsiko dira denboraldiko hirugarren etenaldi luzera.

Nico Williams baloiarekin, Oviedoren kontrako partidan, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Nico Williams baloiarekin, Oviedoren kontrako partidan, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
nerea intxausti
2025eko azaroaren 9a
18:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bai Athleticek eta bai Oviedok garaipena behar zuten gaur, baina zuri-gorriek hartu dute aurre. Nico Williams jokatzeko moduan izan da azkenean, eta nola gainera: txapela kentzeko moduko gola sartu du 25. minutuan, eta horri esker irabazi ahal izan du Athleticek ligako 12. jardunaldian, etxean. Williams anaietan txikienak hegaleko marraren ondoan hartu du baloia, atzean utzi du aurkari bat, eta gero beste bat; hankekin bizikleta bat eginez gainditu du hirugarrena, eta jaurtiketa gogor baten bidez sartu du baloia sarera, langan jo eta gero. Partidaren ondoren onartu du bera ere harrituta geratu dela gola ikusita: «Egia esanda, neuk ere ez dakit nola egin dudan». Selton gaztea ere titular izan da, eta lehenengoz jokatu du gaur San Mamesen. 

Hilabete baino gehiago zeramaten bi taldeek irabazi gabe. Are, denboraldi guztian golak sartzen gutxien asmatu duten bi taldeak aritu dira gaur aurrez aurre, baina Athleticek buelta eman ahal izan dio sasoi apalari. Aldiz, Oviedoko jokalariek egindako guztia ez da nahikoa izan partida berdintzeko edo irabazteko; espainiarrak bigarren mailara jaisteko postuetan daude oraindik, beraz. 

Zuri-gorriek gola sartu baino hiru minutu lehenago, Laporte ere saiatu da baloia atean sartzen, buruz, baina ez du lortu. Horren ondoren aurreratu da Williams, eta berak lortu du baloia Escandell atezainaren garretatik pasatzea.

Etxekoen golaren ondoren Oviedoko jokalariak piztu egin dira, eta berdinketaren bila aritu dira. Bada, Chairak baloia atean sartu badu ere, epaileek ez dute ontzat eman, kataluniarra jokoz kanpo baitzegoen.

Lehen zatia hiru minutuz luzatu du epaileak, eta Dendonckerrek denbora hori baliatu nahi izan du Oviedorentzat gola sartzeko. Baina Unai Simon azkar ibili da, eta kanpora bidali du baloia.

Bigarren zatia erasokor hasi dute zuri-gorriek; hasi berritan, epaileak txartel horia atera dio Galarretari. Athletic ez da gauza izan lehen minutuetan erasoko aukera argirik sortzeko, eta Oviedok tarte horixe baliatu du gora egiteko. Rondonek 63. minutuan izan du aukera emaitza berdintzeko, baina venezuelarrak ez du asmatu.

Selton ondo aritu da, baina Oviedo erasoan ari zela ikusita, aldatu egin du Ernesto Valverdek, eta Unai Gomez sartu du. Beste bi aldaketa egin ditu Athleticeko entrenatzaileak: Nico Williams eta Galarreta joan dira, eta Robert Navarro eta Rego sartu. Carrionek beste bi aldaketa egin ditu momentu berean: Reina eta Rondon atera ditu, eta Ilic eta Agudin sartu. 

Partida borobildu ezinik ari zen Athletic, neurri batean Escandell Oviedoko atezainak eragotzi duelako Bizkaiko taldeak abantaila handitzea. Hala ere, eutsi egin dio 1-0eko emaitzari, eta urrezko hiru puntu eskuratu. Horrenbestez, Athletic zazpigarrena da sailkapenean, 17 puntu bilduta, eta selekzioen etenaldiaren ondoren Bartzelonaren aurka jokatuko du, Kataluniako hiriburuan. 

Athletic-Oviedo

Athletic. Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Laporte, Yuri; Jauregizar, Galarreta (Rego, 72 min); Berenguer (Nico Serrano, 84 min), Selton (Unai Gomez, 64 min), Nico Williams (Robert Navarro, 72 min); eta Guruzeta (Vesga, 84 min).

Oviedo. Aaron Escandell; Nacho Vidal, Costas, Carmo, Javi Lopez; Dendoncker (Sibo, 85. min), Colombatto (Fores, 85. min); Viñas, Reina (Agudin, 72 min), Ilyas Chaira (Hassan, 53 min); y Rondon (Ilic, 72 min).

Golak. 1-0: Nico Williamsek (25 min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.