Madrilgo Auzitegiak errugabetzat du Xabi Alonso Realeko bigarren taldeko entrenatzailea, egozten zizkioten Ogasunaren aurkako hiru delituen auzian. 2010ean, 2011n eta 2012an iruzur fiskala egitea leporatzen zion fiskaltzak, eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zuen harentzat. Absolbitu egin ditu, halaber, haren aholkulari fiskalak: Ivan Zaldua eta Ignasi Maestre. 2009an, Alonsok haien esku utzi zituen bere irudi eskubideen kudeaketa.
Espetxe zigorraz gain, 2.032.845 euroko isuna eskatzen zien hiru auzipetuei. Halako kasuetan, jokalari askok akordio bat egin ohi dute fiskaltzarekin, baina Alonsok ez zuen halakorik onartu, eta azkenean epaitu egin zuten. Hilabete hauetan, errugabea dela esan du. "Ziur nago gauzak ondo egin ditugula. Ez dut sekula ezer ezkutatu, eta uste osoa dut justizian. Horregatik iritsi naiz honaino". Berretsi zuen ez zegoela kezkatua zigor eskariagatik. "Kezkatuta egongo nintzateke ezkutatzeko zerbait izango banu, baina, ez denez horrela, lasai nago".