Futbola

Xabi Prietok erretiroa hartuko du

Denboraldi amaieran utziko du futbola Realeko kapitainak, hamabost denboraldiko ibilbidearen ondoren. Txuri-urdinekin partida gehien jokatu duten bosgarren futbolaria da.

Xabi Prieto, artxiboko irudi batean. JON URBE, FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko apirilaren 10a
07:50
Entzun

Txuri-urdina izango da Xabi Prietok (Donostia, 1983) bere ibilbide guztian jantziko duen elastiko bakarra. Izan ere, Realeko kapitainak denboraldiaren amaieran erretiroa hartuko du. Urte osoan zalantzan ibili ondoren iragan sasoian berritu zuen kontratua; Prietok, azkenean, futbol profesionala utziko du. Asteazkenean azalduko du erabakia prentsaren aurrean.

Prietorekin Realaren historiako ikur batek hartuko du erretiroa. 530 partida jokatu ditu txuri-urdinekin, eta bosgarrena da partida gehien jokatu duten jokalarien zerrendan: Gorriz, Larrañaga, Zamora eta Arconada ditu aurretik. Realean eginiko hamabost denboraldietan, Donostiatik irteteko eskaintza ugari izan ditu, baita Bigarren Mailako denboraldietan ere, baina denei ezetz esan zien.

Gaur egun min hartuta dagoen arren, sasoi honetan ere garrantzitsua izan da, ligako hogeita lau partida jokatu baititu eta hiru gol sartu. Guztira 74 gol sartu ditu Realarekin. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.