Saskibaloia

Xabier Añua hil da

Euskal Herriko saskibaloiaren erreferenteetako bat izan zen. Vitoria, Kas, Bartzelona, Antibes eta Baskonia taldeak entrenatu zituen, besteak beste. 90 urte zituen.

Xabier Añua. JUANAN RUIZ / FOKU
Xabier Añua saskibaloi jokalari eta entrenatzaile ohia, artxiboko argazki batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko uztailaren 4a
15:37
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun tristea da gaurkoa Euskal Herriko saskibaloiarentzat. Haren erreferenteetako bat hil da: Xabier Añua gasteiztarra, jokalari eta entrenatzaile izandakoa, eta saskibaloiaren aldeko langile nekaezina. Gaixorik zegoen aspalditik. 90 urte zituen.

Ezin da ulertu Euskal Herriko saskibaloia Añuak hari egindako ekarpena kontuan hartu gabe. Pauen (Okzitania) abokatu ikasketak egiten ari zela maitemindu zen saskibaloiaz, eta, ikasketak bukatuta, bete-betean aritu zen kirol horretan. Aitortu zuenez, haren gurasoek saskibaloia zer zen ez zekitelako utzi zioten jokatzen, haien lehentasuna semeak ikastea baitzen. Etxean egin zuen jokalari ibilbide osoa, Gasteizen, Sphaira eta Philips taldeetan.

Sekulako ezagutza zuen, eta berehala hasi zen entrenatzaile lanetan. Etxean ekin zion zeregin horri, Vitoria taldean. Handik hiriko Kas klubera igaro zen. Talde horretan lortu zuen ospea, ondo merezitakoa. Bi urtez zuzendu zuen, eta, haren esanetara, taldeak gora besterik ez zuen egin. Aurreneko denboraldian, 1965-1966koan, Espainiako maila gorenera igo zen. Sasoi horretan, Kas taldeak ez zuen partida bakar bat ere galdu. Bigarren denboraldian, berriz, bikain aritu zen Espainiako maila nagusiko talde onenekin lehian. Ligan bosgarren sailkatu zen, eta Kopan finala jokatu zuen. Galdu egin zuen Real Madril ahaltsuaren aurka, Gasteizen.

Añuak pasioa sentitzen zuen saskibaloiarengatik: ahalik eta gehien ikasi nahi zuen. Horregatik, Kasek 1968ko urte hasieran kargugabetu zuenean, AEBetara joan zen, New Yorkera, onenengandik ikastera. Ia urtebete egin zuen AEBetan, Bartzelona entrenatzeko itzuli zen arte. Lau urtez zuzendu zuen Kataluniako taldea, 1968tik 1972ra. Bartzelonak ez zuen garai ona bizi, eta harekin, taldeak ez zuen titulurik irabazi. Añuaren lana, ordea, oso baloratua izan zen. Hala, Saskibaloiaren Nazioarteko Olinpiar Batzordeak gonbita egin zion Hego Amerikan ikastaro batzuk eman zitzan. Añuak onartu egin zuen. Horren ondo aritu zen han, ezen zenbait selekziorekin lan egin zuen.

Euskal Herrira itzuli zen, Bilbora, Aguilas taldera, bigarren mailan entrenatzera. Denboraldi bakarra egin zuen han, maila goreneko beste talde batek deitu baitzion: Olympique Antibes Frantziako taldeak. Hiru urte egin zituen han, eta ligako txapeldunorde izan zen.

1976an, Frantziatik bueltan, entrenatzeari utzi zion, eta buru-belarri hasi zen abokatu lanetan. Gizarte gaietan eta politikan murgildu zen. Arabako Amnistiaren Aldeko Batzordeetako presidente izan zen, baita Euskadiko Ezkerrako hautagai ere, 1977ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Herri Batasuneko lehen mahai nazionalaren kideetako bat ere izan zen. Kulturan, berriz, Gasteizko Jazzaldiaren sorrera lanetan jardun zen haren anaia Iñakirekin batera.

Urteak zeramatzan entrenatzaile lanak utzita, baina 1984an, Baskoniak ―orduko Caja de Alavak― deitu egin zion taldearen ardura har zezan. Ezin izan zion ezetz esan haren bihotzeko taldeari. Urtebetez zuzendu zuen, eta urte gogoangarria izan zen, taldeak haren lehen titulua irabazi baitzuen: Espainiako Saskibaloi Elkartearen Kopa. Ez zuen gehiago entrenatu, baina oso lotuta egon zen beti saskibaloiari. Horri esker lortu zuen erreferenteetako bat izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.