Xabier Martinek (Beasain, Gipuzkoa, 2001) jokatu izan du errugbian Euskal Herritik kanpo. Bi urtez Ingalaterran jokatu zuen, eta bost urtez Espainian. Orain Zeelanda Berrira joango da. «Esperientzia bizitzeko gogoak» eta bertan «errugbia bizitzeko duten moduak» bultzatu dute erabakia hartzera.
Zergatik erabaki duzu Zeelanda Berrira joatea?
Urte asko igaro ditut etxetik kanpo, eta, bizitzan gauzak egonkortzen hasi aurretik, beste bidaia bat egin nahi nuen. Beste urtebetez bizi nahi nuen etxetik urrun. Bikotekidearekin hitz egin nuen, eta, urte askoan elkarrengandik urrun bizi izan garenez, ez zuen dudarik egin. Hark ere ilusioa zuen Zeelanda Berrira joateko. Errugbiko talde baten bila ibili nintzen, eta, pare bat eskaintza iritsi zitzaizkidanez, onena iruditu zitzaidanari baiezkoa eman nion. Egia esan, guztia ederki atera da, eta ahalik eta gehien zukutu nahi dut esperientzia.
Beraz, esperientzia bizitzeko gogoak bultzatu zaitu erabaki hori hartzera?
Bai. Horrek eta han errugbia bizitzeko duten moduak. Hasiera batean bederatzi hilabete egingo ditugu Zeelanda Berrian. Errugbiak halako ilusioa sortzen duen herrialde batean bizitzea ederra izango da.
Morrinsville taldean arituko zara. Zer dakizu taldeaz?
Zeelanda Berrian, errugbi liga, lehenik, eskualdeka banatzen da. Beraz, hasieran zure eskualdeko taldeen aurka jokatzen duzu. Liga hori amaitzean, jokalari onenak aukeratzen dituzte liga autonomiko bat jokatzeko. Morrinsville Waikatoko eskualdean dago. Bigarren liga horri begira, Waikatoko eskualdeko taldearekin ere arituko naiz entrenatzen. Hala adostu dut haiekin. Beraz, herriko taldearekin jokatuko dut, eta eskualdeko taldearekin entrenatu. Behin abuztuan liga autonomikoa hasten denean, eskualdeko taldearekin jokatuko dut.
Noiz hasiko zara lehiatzen?
Otsail erdialdean hasiko dut denboraldiaurrea, eskualdeko liga martxoan hasten baita. Liga hori uztailean amaituko da, eta abuztuan hasiko da liga autonomikoa. Urtarrilaren 1ean joango gara, eta denboraldiaurrea hasi arteko denbora bidaiatzen pasatuko dugu.
Zein helbururekin zoaz?
Hasteko, herrialde osoa ezagutu nahiko nuke. Lehen hilabetean iparraldeko eta hegoaldeko irlak bisitatu nahi ditugu furgonetaz. Gero, denboraldiaurrea hasiko dut, eta Morrinsvillen biziko gara. Hango kultura, bizimodua eta historia ezagutu nahi ditugu, besteak beste. Eta, noski, ahalik eta gehien entrenatu eta jokatu nahi dut, ezin hobeto bueltatzeko. Bikotekideari eta bioi oso polita iruditzen zaigu esperientzia hau elkarrekin bizitzea.
Alderik izango al da Zeelanda Berriko errugbiaren eta orain arte ezagutu duzunaren artean?
Espainiako Ligan alderdi taktikoa asko jorratzen da. Formakuntza ona dago, eta entrenatzaile gehienek horretan jartzen dute arreta. Baina oraindik ez dago alderdi teknikoa lantzen duen entrenatzaile askorik. Zeelanda Berrian guztiz kontrakoa gertatzen da. Taktikoki errugbiaz askorik ez dakiten jokalariak egon daitezke, baina, txikitatik esku artean errugbiko baloi bat dutenez, teknikoki oso abilak dira. Jokalarien kalitatean egongo da alderik handiena.
Zeelanda Berrian errugbian nola jokatzen duten ezagututa, zerk erakartzen zaitu gehien?
Jokalariei ematen zaien askatasunak. Egoera desberdinei irtenbidea bilatzeko tresna batzuk ematen zaizkie, eta, horiek erabilita, erabaki zuzenena hartzeko askatasuna izan ohi dute. Espainiako Ligan, orokorrean, esan egiten dizute zer erabaki hartu behar den. Zeelanda Berrian, ordea, zuk hartutako erabakitik abiatuta laguntzen dizute egoera desberdinei irtenbidea bilatzen.
«Zeelanda Berriko errugbian jokalariei ematen zaien askatasunak erakartzen nau gehien. Zuk hartutako erabakitik abiatuta laguntzen dizute egoera desberdinei irtenbidea bilatzen»
Ingalaterran ikasitakoak esperientzia honetarako balioko dizula uste al duzu?
Bai, batez ere ingelesa ikasi izanak. Baditut bertako lagunak, eta ingelesez jakiteak asko laguntzen dizu egokitzen. Gainera, etxetik kanpo bakarrik egon izanak ere lagunduko dit.
Nolakoak izan dira Alcobendasen egin dituzun bost urteak?
Oso politak izan dira. Alcobendasera bi helbururekin joan nintzen: ahalik eta ondoen jokatzea eta Espainiako selekziora iristea. Biak lortu ditut. Baina bost urte hauetan hori baino askoz gehiago lortu dut. Hango jendearekin harreman estua egin dut. Hori eta urte hauetan guztietan jasotako maitasuna dira benetan garrantzitsuena.
«Nire bihotzeko kluba da Ordizia. Bertan jokatu ez dudanean ere, partida guztiak ikusi ditut, eta negar ere egin dut zenbait garaipen eta porrot ikusita»
Eta denbora gutxirako bada ere, nolakoa izan da berriz ere Ordiziara itzultzea. Zer sentitu duzu?
Ilusioa eta zoriontasuna. Txikitatik joan naiz Trevijanora eta Altamirara. 6 urterekin hasi nintzen errugbian jokatzen, nire bi lehengusuak ere jokatzen hasi zirelako. Familian errugbiari ez zitzaion askorik erreparatzen, baina, Ordizian halako pisua zeukanez, txikitatik aritu naiz errugbian lehengusuekin eta lagunekin. Nire bihotzeko kluba da Ordizia. Bertan jokatu ez dudanean ere, partida guztiak ikusi ditut, eta negar ere egin dut zenbait garaipen eta porrot ikusita. Izugarri maite dut kluba.