Euskal taldeen bulegoetako telefonoak sutan egon dira azken orduetan, gauerdian amaitu baita fitxaketen merkatua gizonezkoen futbolean. Realari dagokionez, herenegun iritsi zen Yangel Herrera Donostiara; Venezuelako jokalariak Gironan (Herrialde Katalanak) jokatu du azken denboraldietan, eta Realak 11 milioi euro ordainduko ditu harengatik. 2030era arte sinatu du. Bestalde, Carlos Soler atzo goizean iritsi zen Gipuzkoako hiriburura; Frantziako PSG taldean jokatu du azken urteetan, eta joan den denboraldian Ingalaterrako West Ham taldean aritu zen, utzita. Realak 7,5 milioi ordaindu ditu, eta 2030. urtera arteko kontratua sinatu du.
Hamari Traorek, berriz, talde txuri-urdina utzi du, eta Paris futbol taldean jokatuko du. Realak lau milioi euro inguru jasoko ditu. Sheraldo Beckerrek ere taldea utzi du, eta Osasunan ariko da. Talde gorritxoak kirol lorpenengatik bakarrik ordainduko dio Realari. Aldiz, Umar Sadiq eta Alvaro Odriozola Donostian geratu dira.
Herrera eta Solerrez gain, Gonçalo Guedes erasoko hegalekoa eta Duje Caleta-Car erdiko atzelaria fitxatu ditu Realak. Guedes Ingalaterrako Wolverhampton taldetik iritsi da, eta Donostiako taldeak lau milioi euro ordaindu ditu. Caleta-Car, berriz, Olympique Lyon Frantziako taldetik iritsi da, denboraldi baterako utzita.
Athleticek, berriz, Aymeric Laporte fitxatuko du hurrengo egunetan. Erdiko atzelariak Saudi Arabiako Al-Nassr taldean jokatu du azken bi denboraldietan, baina Athletic denboraldia joan eta denboraldia etorri saiatu da hura etxera itzul dadin. Aurki gerta daiteke hori. Laportek kontratua eten du Saudi Arabiako taldearekin, eta ezusterik ezean, hiru denboraldirako sinatu du Athleticekin. Aurretik, klubak Jesus Areso eskuin hegaleko atzelaria eta Robert Navarro erdilaria fitxatu zituen; Navarro libre iritsi da Lezamara, Mallorcan urtebete egin ostean, eta Aresogatik, berriz, hamabi milioi euro ordaindu dizkio Bizkaiko taldeak Osasunari. Unai Vencedor, aldiz, Levanten ariko da utzita.
Osasunari dagokionez, Becker fitxatu du azken orduan, erasoa indartzeko. Bi denboraldirako sinatu du, kontratua beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. Nafarroako taldeak Victor Muñoz aurrelaria eta Valentin Rosier eskuin hegaleko jokalaria fitxatu zituen aurretik. Muñoz Real Madrilen harrobitik iritsi da, bost milioirengatik, eta 2030era arte sinatu du kontratua. Rosier libre iritsi da Madrilgo Leganes taldetik, eta 2028ra arteko kontratua sinatu du.
Alavesek, berriz, ez du inor fitxatu azken orduan, eta inork ez du taldea utzi. Arabako taldeak hamaika fitxaketa egin ditu guztira, eta horrekin batera zelaiko postu guztiak indartu. Atezainei dagokienez, Raul Fernandez bizkaitarra fitxatu du; Fernandez Bigarren Mailako Mirandesetik libre iritsi da, eta denboraldi baterako sinatu du. Atzealdeari dagokionez, Enriquez, Jonny eta Pacheco fitxatu ditu; Enriquez Real Madrilen harrobitik ailegatu da, eta 2029ra arte sinatu du, Arabako taldeak hiru milioi euro ordaindu ostean. Jonny, berriz, Greziako PAOK taldearekin kontratua amaituta ailegatu da, eta 2027. urtera arteko hitzarmena egin du. Pacheco denboraldi batez arituko da Gasteizen, Realak utzita. Erdilariei dagokienez, Aleña, Albarracin, Pablo Ibañez, Denis Suarez eta Calebe heldu dira; Aleñak Alavesen jokatu zuen joan den denboraldian, utzita, baina milioi bat ordainduta Madrileko Getafe taldetik fitxatu du Arabako taldeak, eta 2029 arte sinatu du.
Albarracin, berriz, Argentinako Talleres taldetik fitxatu du, 320.000 euro ordainduta, eta Huescara bidali du, utzita. Pablo Ibañez Osasunatik iritsi da, eta Alavesek soldata ordaindu beharko dio soilik. 2030era arte sinatu du. Denis Suarez ere libre iritsi da Villarrealetik, eta bi denboralditarako lotu dute. Calebe, berriz, Brasileko Fortaleza taldetik utzita iritsi da denboraldi baterako. Erasoan, berriz, Mariano eta Lucas Boye iritsi dira. Mariano talderik gabe zegoen Sevillan kontratua amaitu ostean, eta Ibaia eremuan entrenatzeko baimena eskatu zion Alaveseko kirol zuzendaritzari; hura fitxatzea erabaki du zuzendaritzak, eta 2027ra arte sinatu du kontratua jokalariak. Boye Bigarren Mailako Granada taldetik iritsi da, 5,8 milioiren truke, eta 2029ra arte izango du kontratua.