Yerai Martin entrenatzailea (Andoain, Gipuzkoa, 1992) arrastoa utzita joan zen aurreko udan Eibarretik. Urtea lasai hartzeko asmoa zuen, baina ezustean eskaintza bat iritsi zitzaion Portugalgo Racing Power taldetik, eta onartzea erabaki zuen. Lau hilabete baino ez zituen egin han: «Ikusgaitasuna, ligaren maila eta baliabideak Espainiako Ligakoak baino kaskarragoak ziren. Gainera, klubaren arduradunek zituzten helburuak gehiegizkoak ziren, jokalari multzoaren maila kontuan hartuta. Txapeldunen Ligarako sailkatzeaz hitz egiten zuten». Gabonetan etxera itzuli zen, eta berehala iritsi zitzaion Tenerife entrenatzeko aukera: «Erronka handia zen, taldea lan oso ona egiten ari zelako, eta entrenatzaileak ustekabean utziko zuelako kargua».
Hiru denboraldiren ondoren, udan Eibar utzi zenuen. Bihar itzuliko zara bertara, Tenerifeko entrenatzaile gisa. Berezia izango da, ezta?
Bai, arraroa eta berezia izango da Ipuruan bisitarien aulkian esertzea. Izan ere, ni oso eskertuta nago Eibarrekin. Gorenean aritzeko aukera eman zidaten, eta uste dut elkarrekin lan ona egin genuela. Baina nik esperientzia berriak bizi nahi nituen, eta horregatik erabaki nuen ez berritzea, eta, beraz, aukera zegoen noizbait haien aurka jokatu behar izateko. Orain suertatu da. Gertutik jarraitzen diot haien jardunari, eta onena opa diet.
Nola ari zara ikusten haien jarduna denboraldi honetan? Izan ere, emaitza bolada oso txarrean daude
murgilduta. Urtea hasi zenetik ez dute irabazi.
Hala da. Denboraldi honetan hiru talde daude oso puntu gutxi biltzen ari direnak [Logroño, Alhama eta Levante], eta horri esker alde txiki bat dute jaitsiera postuetan egoteko. Puntuak batu behar dituzte, aurkariek egiten dutenari erreparatu gabe. Dena den, bolada kontua ere bada. Ona denean, ematen du errazago lortzen dituzula garaipenak; txarra denean, berriz, gehiago kostatzen da. Hala ere, Eibar talde sendoa eta lehiakorra da. Beraz, guretzat ostiraleko partida ez da erraza izango.
Iñaki Goikoetxea Eibarreko entrenatzaileari taldearen gabezien inguruan galdu diotenean, bi aipatu ditu: golak sartzea kosta egiten zaiela, eta jokaldiak sortzeko arazoak dituztela zelai erdian. Kanpotik ikusita, bat zatoz horrekin?
Ziurrenik bai. Aurreko denboraldian ere taldea gabezia horiek zituen. Baina uste dut guk partidei hobeto eusten geniela. Berdinketei balio handia ematen genien. Denboraldi honetan uste dut partidak irekiago uzten dituztela. Horren adibide da Athleticen aurka jokatu zuten neurketa. 0-0 zeuden, baina azken minutuetan gora egin zuten, Athleticek lau aukera izan zituen, eta azkenengoan gola sartu zuen.
Teknikoki eta taktikoki oso aldatuta ikusten duzu taldea?
Antzeko ari dira. Bosteko lerroarekin jarraitzen dute. Baina batzuetan laukoarekin ere ari dira. Zelai erdian, berriz, hiru jokalari jarri ohi dituzte barrutik, eta bi aurrelari. Baina bakarrarekin ere ari dira zenbaitetan. Geldikako jokaldietan ere indartsu izaten jarraitzen dute; jokalari arriskutsuak dituzte arlo horretan ere. Adi egon beharko dugu.
«Eibar ez da asko aldatu. Bost atzelarirekin jokatzen jarraitzen du, eta geldikako jokaldietan talde indartsua da»
Tenerifera iritsi aurretik Portugalen egon zinen, Lehen Mailako Racing Power entrenatzen. Nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia berria eta diferentea izan zen, beste herrialde bat eta beste liga bat ezagutzeko aukera izan bainuen. Lehen aldia zen etxetik urrun joaten nintzela. Baina, nire ustez ikusgaitasun, kalitate eta baliabide aldetik Espainiako Ligan baino koska batzuk beherago daude. Dena den, asko ikasteko balio izan dit.
Eibar utzi eta gero aukerarik izan zenuen Espainiako Ligako beste talderen bat entrenatzeko?
Eibarrek nik bertan segitzea nahi zuen, eta Espainiako Ligako beste talde batera joateko aukera ere izan nuen. Baina, azkenean, azken aukera hori ez zen aurrera atera. Beraz, hasieran, denboraldia lasai hartzeko asmoa nuen. Portugalgo eskaintza egun batetik bestera ailegatu zitzaidan, eta animatu egin nintzen.
Zergatik erabaki zenuen Gabonetan Portugalgo taldea utzi eta Tenerifera joatea?
Portugalgo taldeari esana nion aurretik Gabonak arte jarraituko nuela, eta gero kargua uzteko asmoa nuela. Baliabide falta ikusten nuen, eta ezartzen zizkiguten helburuak handiegiak ziren multzoak zuen mailarako. Txapeldunen Ligarako sailkatzea aipatzen zuten. Hiru edo lau jardunalditan postu horietan egon ginen, baina gero behera egin genuen, eta bost puntura jarri ginen toki horietatik. Haiek ez zeuden gustura, eta ni ere ez. Beraz, akordio batera iritsi ginen nik taldea uzteko. Denborak arrazoi eman didala uste dut: orain gertuago daude jaitsiera postuetatik Txapeldunen Ligako postuetatik baino. Aldi berean, Tenerifeko entrenatzaileak, Eder Maestrek, kargua utzi zuen. Tenerifeko arduradunak nirekin jarri ziren harremanetan, eta akordioa egin genuen.
Gustura zaude Tenerifen?
Eder joan zenean, taldea oso ondo zegoen. Halako egoera batean ez da ohikoa izaten entrenatzailea aldatzea. Beraz, erronka handia zen. Baina oso pozik eta gustura nago hemen, bai pertsonalki eta bai profesionalki. Hasieratik argi esan nien ez nentorrela gauzak aldatzera, baizik eta hobetzera eta nire ekarpena egitera. Pixkanaka ñabardura txikiak eginez joan naiz, normala da. Denek asko lagundu didate horretan. Talde lehiakorra dugu, baliabide aproposak, eta emaitzak ere onak dira. Multzoa, gainera, oso ondo egokitzen da nik erabiltzen dudan eta gustuko dudan jokatzeko modura. Harrobitik ere hainbat jokalari igo ditugu. Zaleen babesa ere eskertzekoa da. Atletico Madrilen aurkako Kopako finalerdian 7.000 pertsona bildu ziren estadioan, eta ligako partidetan 1.000 bat etortzen dira. Kopuru polita da.
Tenerifen duzun egunerokoa oso desberdina da Eibarren zenuenaren aldean?
Egia esan, pena izan nuen Eibarren Kirol Hiria ez erabili izana. Logistikoki egunerokoa ez zen erraza. Ipuruan genuen gimnasioa, eta gero autoz igo behar genuen Unbera entrenatzera. Badakit orain hobeto daudela, eta asko pozten naiz. Hemen beti entrenatzen gara toki berean, eta belar naturaleko zelaian. Bestalde, klubak ikusgaitasun eta garrantzi handia du uharteetan. Klubak lan handia egiten du hori lortzeko: jokalariekin, sare sozialen bidez, babesleekin... Eibarri dagokionez, Reala eta Athletic ere hor daude, eta Eibarrentzat ez da hain erraza ikusgaitasun hori izatea.
Laugarren zaudete sailkapenean, eta sei puntura dituzue Txapeldunen Ligako postuak. Bertan dago Reala, zuek baino zortzi puntu gehiago dituela. Liga amaitzeko sei jardunaldi falta direla, nola ikusten duzu lehia hori?
Oso zaila. Aurreko denboraldietan, ditugun puntuekin lehia betean egongo ginateke, baina orain sei puntura dugu hirugarren postua. Horrek erakusten du Reala zer-nolako denboraldi bikaina egiten ari den. Gure helburua laugarren postu horri eustea da. Kopan, gainera, finalerdietan kanporatu gaituzte. Laugarren postu horri eutsiz gero, denboraldia oso ona izango da.
«Entrenatzaile moduan beste aurrerapauso bat emateko, lantalde propioa izatea gustatuko litzaidake etorkizunean»
Eta zuk zeuk zer erronka dituzu etorkizunera begira?
Entrenatzaile multzo propio eta sendo bat sortzea gustatuko litzaidake. Emakumezkoen futbolean gero eta gehiago ikusten da hori. Adibidez, Jose Luis Sanchez Vera bere lantalde propioarekin aritzen da, eta Arturo Ruiz ere Granadan bigarren entrenatzaile izan zuenarekin ari da lanean Realean. Ni bakarrik etorri naiz. Egia da jende berriarekin lan egitea aberasgarria dela eta asko ikasten dela. Baina, entrenatzaile moduan beste urrats bat egiteko, nire lantaldea izan nahiko nuke.