Pilotako Buruz Buruko Txapelketa

Zabalak aise hartu du mendean Ezkurdia

Hasi eta buka, partidan nagusi izan da errioxarra, eta Ezkurdia, aldiz, gozakaitz aritu da une oro. Zabala bizi-bizirik iritsiko da hirugarren jardunaldira, eta Ezkurdiak ia ezinezkoa dauka aurrera egitea.

Javier Zabala artxiboko irudian. IÑIGO URIZ / FOKU
Javier Zabala artxiboko irudian. IÑIGO URIZ / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 20a
19:35
Entzun

Bizi-bizirik iritsiko da Javier Zabala Buruz Buruko Txapelketako hirugarren jardunaldira. 22-11 menderatu du partida hasieratik sufritzen aritu den Joseba Ezkurdia. Errioxarrak Binakako Txapelketan erakutsi zituen dohainak erakutsi ditu, beste behin: postura guztiak menderatzea, joa, eta tantoa amaitzeko abilezia. Nagusi izan da Labriten, hasi eta buka. Ezkurdia burumakur joan da etxera, ezin izan baitu deus egin errioxarrari aurre egiteko. 

Biak ala biak behar handiekin iritsi dira partidara. Zabalak 22-20 galdu zuen lehen jardunaldian Elordiren aurka, eta Ezkurdiak, berriz, 22-10, Artolaren aurka. Bigarren jardunaldian Artolak aise menderatu zuen Elordi, eta kontuak errazak ziren. Zabalak irabazi egin behar zuen kalean ez geratzeko. Ezkurdiarena ez zen matematikoa, baina, gaur galduz gero, miraria behar zuen hirugarren jardunaldian. 

Kanpoan gelditzeari beldurrez irten dira bi pilotariak kantxara. Urduritasuna nabaria izan da, eta oso pilotakada gutxi izan ditu partidak hasieran. Zabala dominatzen hasi da, eta Ezkurdiak galdutako pilota bat eta zabalean ateratako sake bat dela medio 3-0 aurreratu da. Ezkurdiak arnasa hartu behar izan du, eta Peio Etxeberria botileroari entzun. Bi tanto jarraian egitea lortu du nafarrak, baina ameskeria izan da, Zabalak bereari eutsi baitio. Airez daukan indarra aprobetxatu du errioxarrak Ezkurdia aurreneko koadroetatik urruntzeko. Pilota ugari gurutzatu dizkio eskuin eskuarekin, eta ezker horman gaiztotzea lortu du behin eta berriro. Taktika modu ikusgarrian kantxaratu du, eta, horrela, aukera ugari izan ditu tantoak amaitzeko. Ezkurdiaren nahia pilotari bizitasuna ematea zen, baina Zabalaren joa eta urduritasunak tarteko, ezin izan du. 3-5etik 3-10era joan da Zabala. 

Ordurako bi aldiz eseri da Ezkurdia Peio Etxeberriaren alboan. Gozakaitz aritu da, bere jokoa erakutsi ezinik, eta aukerako zenbait pilota galduz. Botileroak aurrerapausoa emateko eskatzen zion behin eta berriro, tantoaren bila, baina ez zuen toki egokia aurkitzen kantxan. Tantoa egiten zuenean ere, ez zuen sakearekin asmatzen, eta neurketaren lehen erdian gutxitan behartu du Zabala.

Ezkurdia burumakur

Zabalak postura asko menperatzen ditu, eta zaila da hari nola jokatu asmatzea. Eskuinarekin zein ezkerrarekin indartsu jo du pilota, eta maisutasunez amaitu ditu tantoak, ezker gantxoz batez ere. Sakez ere asmatu egin du errioxarrak. Hiru bakarrik izan dira tanto zuzenean, baina sake zitalekin oso aukera gutxi utzi dizkio Ezkurdiari jokoan agintzeko.

Zabalak ez bezala, Ezkurdiak egun beltza izan du, hasi eta buka. Burumakur aritu da une oro. Bazekien gaur galduz gero agur esango ziola txapelketari, eta horrekin jokatzen jakin behar izaten da. Tentsioa, ordea, nabaria zen Ezkurdiarengan, eta aldarte txarrean aritu da. Berehala egiten zituen tantoak Zabalak, eta Ezkurdiak bat egiterako lan handia egin behar zuen. Aldeak gora egin du etengabe, eta berehala jarri da 18-6 errioxarra.

Hortik aurrera, ezer gutxi. Ezkurdiak erreakzio txiki bat izan du, eta tanto polit batzuk ere egin ditu, azken urteetan erakutsi duen trebetasuna aterata. Zabalak, ordea, ez du arazo handirik izan 22ra iristeko, eta 22-11 amaitu da partida. Bizi-bizirik helduko da errioxarra bi aste barru Artolaren aurka jokatuko duen partidara. Irribarretsu agertu da mikrofonoaren aurrean: «Helburua bete dut. Partida kontzienteki landu dut nire prestatzaileekin, eta oso ondo atera da. Buruz burukoan aritzea nire ametsa zen, eta inoiz baino gertuago daukat orain». Ezkurdia, aldiz, penatuta eta haserre agertu da: «Sentsazio txarrekin eta haserre noa etxera. Ez naiz partidan sartu ere egin. Aurkariari aukera asko ematen dizkiot, eta horrela ezinezkoa da».

Bihar Jokin Altuna eta Unai Laso arituko dira Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Final-laurdenetako ligaxkako lehen partida izango da bientzat, eta aurreneko garaipena lortu nahiko dute, kosta ahala kosta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.