Zabaleta buruz burukoan arituko da; Peio Etxeberria, aldiz, ez

Etxarrengo atzelariak igandean jokatuko du partida, Zumaian. Txapelketako atzelari bakarra izango da. Bihar argituko dira lehen jardunaldiko partidak.

JOSE JAVIER ZABALETA
Jose Javier Zabaleta pilotari jotzen. IÑIGO URIZ / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 2a
21:00
Entzun

Behin binakako txapelketa amaituta, bihar aurkeztuko dute buruz buruko txapelketa. Gernikan (Bizkaia) izango da, eta, gaur Aspe enpresak jakinarazi duenez, Jose Javier Zabaletak txapelketa jokatuko du. Peio Etxeberria, aldiz, ez da txapelketan arituko, nahiz eta martxoaren 22tik ia ziurra zen jokatuko zuela. Biak izan ziren txapeldun igandean binaka. Zumaian jokatzekoa zen Etxeberria, baina azkenean Zabaleta ariko da, nahiz eta duela bi aste enpresak berak zioen ez zuela jokatuko. Hala, hura izango da txapelketako atzelari bakarra. Aspetik, beraz, lau zerrendaburu izango dira: Aitor Elordi iazko txapelduna, Jokin Altuna txapeldunordea, Dario Gomez eta Joseba Ezkurdia. Beste bi aukeratuak Zabaleta bera eta azken hilabeteetan ezustea ematen ari den Javier Zabala dira.

Baikon zalantzan zen Jon Mariezkurrenaren parte hartzea. Baina atzo bertan proba egin zuen, eskuin eskua nola zuen jakiteko, eta ez zen ondo atera. Horrenbestez, ez du jokatuko. Haren ordez, Mikel Urrutikoetxeak jokatuko du. 2015eko txapeldunak atarikoa galdu zuen Joanes Bakaikoaren kontra, baina, galdu arren, txapelketan izango da. Bi atariko kanporaketako galtzaileen artean tanto gehien egin zuena izan zen. Bestalde, ziurra da Iñaki Artolak eta Erik Jakak jokatuko dutela. Biak binakako txapelketea on bat egitetik datoz. Horrekin batera, Jon Ander Peña ere txapelketan izango da, ostiralean Iker Larrazabali nagusitasunez irabazi eta gero: 22-9.

Ostiralean hasiko da txapelketa, Donostiako Atano III.a frontoian; bertan, Zabalak jokatuko du. Larunbatean, Iruñeko Labriten, Lasok jokatuko du. Igandean, berriz, Tolosako Beotibarren, Artolaren txanda izango da, eta egun horretan bertan jokatuko du Zabaletak, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.