Zabaletak itxura ederra eman eta irabazi egin du debuteko partidan (22-12)

jon eskudero
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jose Javier Zabaletak itxura ezin hobea eman zuen bere profesional mailako debutean, atzo, Eibarko Astelena pilotalekuan. Irabazi egin zuen, Titin III.arekin, Aritz Lasa-Pascualen aurka (22-12), eta norgehiagoka oso ona jokatuta, gainera. Ez da erraza izaten debutean norberaren mailarik onena ematea, baina Aspeko atzelaria ederki aritu zen. Eskuin kolpe bortitza dauka, eta erraz bidaltzen du pilota errebote ingurura. Zeresana emango duen atzelaria izan daiteke.

Partida hasieran kosta egin zitzaion pilotari neurria hartzen, eta ezin izan zuen nahi bezain eroso jokatu. Tantoak aurrera joan ahala, baina, partidan sartzen joan eta bera izan zen laukoteko onena. Pascuali bizkarra erakutsi zion, eta aurreko zein atzeko koadroetan ederki moldatu zen defentsan. Titin III.ak, hori bai, ederki lagundu zion, inspiratuta baitzegoen tantoa amaitzeko garaian.

Bestalde, gaur binakako txapelketako bigarren jardunaldiko bi partida jokatuko dira. Tolosako Beotibarren Olaizola I.a-Beloki eta Berasaluze VIII.a-Apraizariko dira (16:30), eta Donibane Lohizunen, Gonzalez-Laskurain eta Xala-Barriola (22:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.