Gauzak okertzen direnean gaitza izaten da egoerari buelta ematea. Ezerk ez du laguntzen. Athletic dago egoera horretan. Memento kritikoan dago talde zuri-gorria: Espainiako Kopan aspaldian San Mameseko zaleek ikusi ez duten balentria egin beharko du datorren ostegunean, Racing mendean hartu eta finalerdietarako sailkatzeko. Ligan, berriz, jaitsierako postuetan dagoen Murtziak adina puntu ditu. Beraz, ezin da denborapasa egon. Berandu baino lehen suspertu behar du.
Zoritxarrez, luze gabe suspertzeko gaitasun txikia ageri du talde zuri-gorriak. Gaizki ari da jokatzen. Ideia gutxiko taldea da zuri-gorria. Neurketan zehar izaten dituen zailtasunei aurre egiteko baliabide gutxi du Joaquin Caparrosen taldeak. Taldeak berez dituen arazoei, gainera, egutegiak jartzen dizkionak gehitu behar zaizkio. Bartzelona indartsua baita gaur arratsaldean San Mames bisitatuko duen taldea. Garaipen gosez dator gainera. Talde zuri-gorriaren antzera, puntu premia larria dauka Frank Rijkaardek zuzentzen duen taldeak. Beste helburu batzuetarako behar ditu puntuak, baina jokoan dauden hiru puntuak behar ditu. Liga irabaztea baitute xede Lionel Messik eta enparauek. Lau apartak -Eto'o, Henry, Ronaldinho eta Messi- elkartu ditu Joan Laporta presidenteak joan den sasoian ihes egin zion Liga berreskuratzeko. Apustu horrek garaipenak baino buruko min gehiago eman dizkio orain arte. Baina, hala ere, txapelketa guztiak irabazteko lehian jarraitzen du Kataluniako taldeak.
Gaur eguneko Bartzelona ez da duela bi eta hiru denboraldi futbol alor guztia aho zabalik utzi zuen taldea, baina goi mailako taldea da oraindik ere. Aditu askok kontrakoa esan arren, ezin daiteke esan krisian dagoen taldea denik. Real Madril aurretik joateak eragiten du urduritasuna taldearen inguruan. Baina bere jokoak eta emaitzek besterik erakusten dute. Goi mailako taldea dela baieztatzen dute. Nou Campen ia garaiezina da eta etxetik kanpo jokatzen duenean ere talde lehiakorra da. Bi partida baino ez ditu galdu denboraldi honetan. Talde orekatua da. Ez zaio asko kostatzen gol aukerak sortu eta bete-betean asmatzea -Real Madrilen ostean gol gehien sartu duen taldea da-. Defentsan, berriz, ez dauka parekorik. Jokalari erasokor asko zelairatu arren, Victor Valdes da Lehen Mailan gol gutxien jasotzen duen atezaina. Futbolari guztiek erakusten dute konpromisoa.
Athleticeko jokalariei ere ez zaie konpromisoa falta. Horretan ez dira kataluniarrak baino gutxiago. Baina talentua falta zaie. Beraz, lehenengotik aurkariak baino gehiago ipini beharko du neurketa parekatu gura badu. Konpromisoa, grina eta garaipen gosea ezinbestekoak izango dira Bartzelona estu hartzeko. Koikilik argi eta garbi esan zuen zertarako behar dituzten aipatu dohain guztiak. «Eurei baloia kendu behar diegu. Bestela sufritu egingo dugu», adierazi zuen ezker hegalekoak.
Otxandiokoak erronka gogorra izango du. Messi jokatzen hasi da hilabetez min hartuta egon ostean. Ez da albiste ona. Argentinarra da egun Ligan dagoen jokalaririk erabakigarriena. «Aguerorekin batera partida bat erabakitzeko gaitasuna duen jokalari bakarra da», esan zuen atzo Caparrosek. Athleticentzat lehentasuna izan beharko litzateke jokalari txikia kate motzean lotzea. Baina Messi ez eze, Henry, Bojan, Xavi, Iniesta- sekulako denboraldia egiten ari da-... eta beste hainbat jokalari zaindu beharko dituzte gertutik zuri-gorriek. Hori baita talde indartsuen sekretua. Futbolari batek ondo jokatzen ez duenean ondokoak erabakitzen duela neurketa.
OHIKOAK ETA AITOR RAMOS. Athleticek ez dauka bere kabuz neurketa bat erabaki dezakeen jokalaririk. Beraz, talde lanean oinarritu beharko du bere jokoa. «Athleticek Athletic izan behar du Bartzelona mendean hartzeko. Talde lana egin behar dugu», adierazi zuen atzo Caparrosek.
Talde lana behar den bezala egiteko, Ligan ohikoak diren jokalariak berreskuratuko ditu entrenetzaileak: Yestek, Koikilik, David Lopezek eta Javi Martinezek hasieratik jokatuko dute. Era berean, Ustaritz da txartelak direla tarteko partida bateko zigorra bete beharko duen Amorebietaren partez jokatzeko hautagai nagusia.
Bestalde, deialdian beste bi jokalari sartu dituzte. Batetik, Aitor Ramos gaztea da aukeratuen artean dagoena. Espanyolen kontra Kopan jokatu ostean, estreinakoz deitu dute Ligako partida batean parte hartzera. «Hazten ari da. Maila ona ematen ari da, eta deialdian sartzea erabaki dut», esan zuen atzo Caparrosek. Bestetik, harritzekoa da ustezko ordezkoen artean euskarririk ez egotea. Tiko, Murillo eta Muñoz aukeratuen zerrendatik kanpo utzi ditu entrenatzaileak.
«Athleticek Athletic izan behar du Bartzelona mendean hartzeko;talde lana egin behar dugu»
joaquin caparros
athleticeko entrenatzailea
Zailtasunak areagotuz
Athleticek puntu premia handiarekin egingo dio aurre Bartzelonari gaur, San Mamesen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu