Fernando Llorente ez da izango sasoiaren amaieran Athletic utziko duen futbolari bakarra. Aurrelariarekin batera joango da Fernando Amorebieta ere. Ezuste galanta litzateke erdiko atzelariak talde zuri-gorrian jarraitzea. Izan ere, Josu Urrutia Athleticeko presidenteak atzo jakinarazi zuenez, klubak erretiratu egin du kontratua berritzeko Amorebietari egin zion eskaintza.
Urrutiak azaldu zuenez, eskaintza «behin betiko zen, baina ez betirako», eta, horregatik, klubak hiru asteko epea eman zion jokalariari baiezkoa edo ezezkoa emateko —bost denboraldirako kontratua eta sasoiko 1,8 milioi euroko soldata eskaini omen dio zuzendaritzak—, baina Amorebietak ez du eman ez baiezkorik eta ez ezezkorik: ez du erantzun. Eta, horregatik, Athleticek erretiratu egin du eskaintza. Urrutia, hala ere, prest dago jokalariarekin berriz hitz egiteko, «baina hutsetik hasita». Hori bai, presidenteak argi utzi zuen klubak egin zion eskaintzak aintzat hartzen zuela Amorebietaren balioa.
Beraz, azken orduko aldaketarik egon ezean, orain 27 urte Venezuelan jaiotako erdiko atzelariak talde zuri-gorria utziko du denboraldi hau amaituta, Athleticen hemezortzi sasoi egin ondoren; horietatik zortzi lehen taldean. Llorenterekin batera iritsi zen Lezamara 1996an —aurrelaria River Ebrotik eta atzelaria San Ignacio Ikastetxetik—, eta harekin batera joango da hamazazpi urte geroago. Nora joango den? Ingalaterrako eta Errusiako eskaintzak ditu, besteak beste. Han bai, han ordainduko omen diote berak Athletici eskatutakoa—gutxienez bi milioi euro sasoiko—. Bilbon jada topatu diote ordezko bat: Aymeric Laporte gaztea (18 urte). Ez dirudi kasualitatea atzoko agerraldia baino bi egun lehenago Athleticek Laporteri kontratua 2016ko ekainaren 30 arte luzatu izana. Hain zuzen, erdiko atzelari frantziarrak jokatu du Amorebietaren postuan azken partidetan. Adierazgarria.
Urrutiak berriro argi utzi zuen zein jarrera duen asmo handiagoko kirol helburuak direla-eta alde egin nahi dutenekin: «Athleticeko jokalarien kirol helburu gorena talde honetan jokatzea izan behar du». Konpromiso hitza erabili zuen berriz, Athleticekiko konpromisoa. «Ahalik eta talde lehiakorrena izan behar dugu, baina baita konprometituena ere». Hori dela eta, Llorenteri eta Amorebietari eskatu zien sasoia amaitu arte «profesionalak» izateko. «Garrantzitsuak dira; entrenatzaileak kontuan har ditzake haien beharra duenean. Orain ez du egiten, ondo ari direnen alde egin baitu».
Javi Martinez, Llorente, Amorebieta... Bat baino gehiago dira azken urte erdian Athletic utzi dutenak edo uzteko asmoa azaldu dutenak. Hori «arazoa» ote zen galdetu zioten Urrutiari. Presidenteak esan zuen «inoiz ez» dela arazorik izan taldean geratu nahi izan duten jokalariekin. Hitz horietatik ondoriozta daiteke klubeko buruaren iritziz ez Javi Martinezek, ez Llorentek eta, dirudienez, ezta Amorebietak ere ez zutela Athleticen geratu nahi.
Ikusteko dago orain San Mamesek nola hartuko duen Amorebieta. Llorenteren adibidea hortxe dago. Urrutiak aitortu zuen ezin duela iragarpenik egin, baina nabarmendu zuen San Mamesek eta zaleek badakitela Athletic «banakoen gainetik» dagoela. Ildo horretatik, pozik azaldu zen taldeak azken partidetan erakutsi duen jarreragatik. «Taldeak gora egin du. Orain bide horretan sendotzea da erronka». Dagoenarekin egin beharko du aurrera Marcelo Bielsak, ez baita inor fitxatuko neguko merkatuan.
Zain egoteaz nekatu dira
Urrutiak jakinarazi du erretiratu egin dutela Amorebietari kontratua berritzeko eginiko eskaintza, ez dutelako jaso erantzunikPresidentea prest dago jokalariarekin berriro hitz egiteko, «baina hutsetik hasita»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu