Dani Perez. Tirango entrenatzailea

«Zalantzak ditugu buru aldetik nola ibiliko garen»

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
San Miguel ligako entrenatzaile gazteena da Dani Perez (Vigo, Galizia, 1979). Baina esperientzia dauka, aurtengoa hirugarren denboraldia duelako Tirango arduradun lanetan. Aurreko bi sasoietan egundoko lan ona egin zuen; batez ere iaz, banderaren bat irabazteko ere oso-oso gertu izan zelako Galiziako ordezkaria. Aurten kezkatuago dago, talde erdia falta duelako iazko ontzitik. Fisikoki maila emango dutela ziur da, baina lehiakortasuna lortuko ote duten da bere kezka.

Nolakoa izango da aurtengo Tiran?

Guk ere ez dakigu. Zalantzak ditugu buru aldetik nola ibiliko garen ez dakigulako. Izan ere, zazpi arraunlari falta zaizkigu iaztik, eta beste horrenbeste berri dauzkagu. Fisikoari dagokionez, iazko maila bera emango dugu.

Hutsune asko, ezta?

Bueno, dezenteko kopurua da. Arrazoi ezberdinak izan dira orain taldean ez egoteko.

Arraunlarien joan-etorri horretan, indartuta ala ahulduta geratu da ontzia?

Iazkoaren antzerako maila dugula uste dut. Entrenamenduetan, behintzat, erakutsi dugu gai garela iaz bezala ibiltzeko. Arraunlarien artean falta zaigu arraunlari indartsu hori, ontziaren motorra. Galizian badira horrelakoak, baina eraman egiten dizkigute beste talde batzuetara. Berriek nola lehiatzen duten ikusi beharko dugu, eta beste taldeek zer mailan dauden ere kontuan hartu beharko dugu.

Iaz eta duela bi denboraldi, goranzko bidean kokatu zenuten Tiran, eta orain, taldearen oinarria hautsi zaizuenez, eten egin al da goranzko bide hori?

Zaila da jakitea. Fisikoki gorantz jarraitzeko falta zaigu lehen esandako arraunlari mota hori, indartsua. Iazkoa hobetzea asko kostako zaigu, gure muga-mugan ibili ginelako. Ordukoa errepikatzea oso helburu handia da guretzat.

Arraunlari indartsuak ez dituzuenez, teknika izango da zuen oinarria?

Daukagunari atera behar diogu etekina, eta arraunkada bakoitza baliatu behar dugu, ezin dugu alferrik ezer galdu.

Nolakoa izango da Liga?

Camargo nola dabilen ez dakit. Zumaiak eta Hondarribiak asko hobetu dute; San Pedro aurkari gogorra izango da. Horiek izango dira gure kontrario nagusiak, eta Castro nahiz Pedreña gorago ikusten ditut. Goi-goian, Urdaibai, Kaiku, San Juan eta Astillero ibiliko direla iruditzen zait.Gero, Orio dago, eta ematen du iaz bezala ez dabilela. Baina daukan historiarekin, kontuz ibili beharko da haiekin.

Aurkarien berri eman duzun bezala emanda, zuen helburua ez jaistea dela esan nahi al duzu?

Iaz, Kantabriako hiru ontzien erregulartasuna gure aldeko izan zen, eta horri esker goian sartu ahal izan genuen. Puntu asko atera genituen. Ikusi egin beharko da aurkariak nola ateratzen diren, baina gure helburua da ahalik eta puntu gehien biltzea hasieran, mailari eusteko lehenbailehen.

Ligatik kanpo, gustuko duzue Kontxako bandera, eta baita Galiziako Txapelketa ere. Bi estropada horiek ere begiz jota izango dituzue aurten, ezta?

Galizian estropada bakarra izaten dugu herrialdeko beste ontziekin lehiatzeko, eta helburutzat hartzen dugu urtero; saiatuko gara lan ona egiten. Gero, Kontxa ere hor dago. Ordurako ligan lasai bagabiltza, prestatuko dugu propio Donostiako estropada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.