Egunak ez du guztiz argitu oraindik, baina jada aizkora erakustaldi batera joateko guztia prest dute Zaldua aita-semeek: Xabierrek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977) eta Jonek (Zumarraga, 2008). «Nik goizean goiz behietatik buelta egin dut», aitortu du aitak. Biak agertu dira txandal berdina jantzita; izan ere, «soinean daramagun publizitateari esker» jarraitzen dute aizkoran. Zumarragatik gora dagoen Gurrutxazpi baserrian egin dute zita, bizitokian, eta inguruak garbi adierazten du zertara bideratua zegoen euren bizimodua: herri kiroletara. Zakurrak han eta hemen, egurrak ere nonahi, eta nahi adina baserriko lan. «Lehenago lana zena kirol bihurtu dugu, hein handi batean. Baserrian jaio eta heziak gara, eta orain profesionaltasunez jarduten dugu herri kiroletan». Nola aitak hala semeak pasioz hitz egiten dute aizkorari buruz, askotan etxean «beste konturik» ez baitute. Jonek bi arreba gazteago baditu, eta haiek ere maite dute aizkora mundua. Zalduatarrek odolean daramate aizkora.
Xabier ez zuen aurrekaririk familian aizkorari dagokionez. «Idi probatan bai, ibiltzen ziren aitona, osaba eta abar. Kanpora ez ziren ateratzen, baina herri inguruan gustatzen zitzaien ibiltzea». Aitarik ia ez zuen ezagutu Xabierrek. «22 hilabete nituela hil zen, teilatutik erorita. Horregatik, amak ondoan behar izan ninduen haurtzaroan eta gaztaroan, baserriko lanetarako: soroan aritzeko, garotan zein belarretan». Herri kirolen mundua gustatzen zitzaion, baina 29 urte bete arte ez zuen plazarako jauzirik egin. Erabat bestelakoa izan da Jon semearen bidea, aitaren itzalari segika ibili baita beti. «Txikitatik ibili naiz aitaren ondoan, eta asko gustatzen zait aizkora. Asko eskatzen dit, baina eman ere asko ematen dit». Aitak kendu dio hitza. «Ondoan ibiltzeari utzi eta gomendioak ematen hasi zait orain, 17 urterekin gero eta gehiago ulertzen baitu».
Ulertu eta entrenatu. Biak egiten ditu semeak, aitak bezalaxe. «Astean hiru entrenamendu egiten ditut aizkoran, eta gimnasioko lanean ere aritzen naiz», azaldu du Jonek. Iker Lopez prestatzailearekin aritzen dira, eta, hari bisitak egiteaz gain, etxeko lanak ere izaten dituzte. Xabier: «Prestatzailearena ez ezik, gaur egun nutrizio aholkulari baten laguntza ere ezinbestekoa da, eta hori ere badugu. Hark gidatzen dizkigu jatorduak, eta kasu egiten saiatzen gara». Hori bai, Jonek aitortu du ez dela guztiz esanekoa. «Dezente zaintzen dut neure burua, baina neurrian». Aitari ongi iruditzen zaio semearen erabakia. «17 urteko mutiko bati ez dago gehiegi eskatzerik. Prestakuntzan itsu-itsuan murgilduko balitz, nazkatu egingo litzateke, eta aizkora utziko luke. Hori ez dugu nahi. Gainera, pisu arazorik ez dugu, zorionez».
«Txikitatik ibili naiz aitaren ondoan, eta asko gustatzen zait aizkora. Asko eskatzen dit, baina eman ere asko egiten dit»
JON ZALDUA Herri kirolaria
Neurria non dagoen zehaztea ez da erraza, dena den. Xabier: «Joan den larunbatean parrandan ateratzeko plana egina zuten Jonen lagunek, baina berak etxean geratu behar izan zuen, laster txapelketa bat duelako. Hori ulertzeko arazorik ez dauka». Penaz geratu zen etxean semea. «Badakit batzuetan ezin dudala nahi dudan hori egin. Aizkoran aritzeak ondorio batzuk ditu, baina ez daukat beste aukerarik. Nik nahi dudalako ari naiz aizkoran, gustatzen zaidalako, eta prest nago plan batzuei uko egiteko. Lagunek hori onartzen dute. Oso lagun onak dauzkat». Aita ere iritzi berekoa da. «Jonen egoera ulertu ez ezik, lagundu ere egiten diete. Bidea errazten diete. Askotan joaten dira Jonen saioak ikustera».
Plazak, eskas
Motibazioa. Hori da gakoa. Aitak ez du motibazio faltarik: «Nik helburu jakin batzuk ditut, oso markatuak, adinak ez baitu barkatzen». Ordea, Jonek, motibazioa izateko, txapelketak eta saioak behar ditu. Xabier: «Uda nahiko pattal joan da. Irailean saio gehixeago ditugu, baina uztaila eta abuztua ez dira ohikoak izan». Zergatik? Aho bizarrik gabe mintzo da aita. «Garbi hitz egitea gustatzen zait, eta jende ezezagun asko sartzen ari da herri kirolen munduan. Esaten zuten crossfit-ak lagundu egingo ziola herri kirolen munduari, baina gezurra da». Xabierren ustez, alderantzizkoa gertatzen ari da. «Gure crossfit-a pentatloia da. Eta plazetan ikusten ari garen hori crossfit amerikarra da. Elkarri laguntzeko gaude, baina gero eta herri gehiago ari dira crossfit-aren aldeko apustua egiten, eta guri plazak urritzen ari zaizkigu».
Hori aski ez, eta Luismari Bengoak erretiroa hartu zuenetik, gazteek txapelketen hutsune handia dute. Semeak hartuko lituzke lehia gehiago. «Guk nahi duguna da txapelketak jokatu eta plazetan aritzeko aukera izan. Irabazi edo galdu, aizkoran aritu nahi dugu». Aitak ere gauza bera dio. «Bengoa zegoenean, gazteek aukera gehiago zuten txapelketetan parte hartu eta, bide batez, telebistan agertzeko. Oraingoz halaxe segitu beharko dute, ea ez den luzerako».
«Ezezagun asko sartzen ari da herri kiroletan. Esaten zuten 'crossfit'-ak lagundu egingo ziela herri kirolei, baina gezurra da»
XABIER ZALDUA Herri kirolaria
Gaur-gaurkoz, biek dute begiz joa txapelketaren bat. Jonek urriaren 26an Balmasedan (Bizkaia) jokatuko du 18 urtez azpiko Euskadiko Txapelketa. «Ahalik eta lan onena egitea da nire helburua. Dena den, emaitzei baino gehiago, hobetzen jarraitzeari ematen diot garrantzia. Teknikoki nahiko aizkolari ona naiz, eta indarra hartzea falta zait».
Xabierrek, berriz, Euskadiko Lehen Mailako finala jokatuko du, azaroaren 2an, Azkoitian (Gipuzkoa). Balentria handia egin zuen finalean sartuta. «Aurrez bi final jokatuak baditut, baina aurten maila handiagoa dago, eta ezustea izan da askorentzat ni finalean izatea». Orain, azken postuan ez geratzea du xede. «Lan luzeen zalea naiz, eta ongi prestatuta joango naiz finalera. Akaso beste sorpresaren bat emango dut». Amets egiteari ez dio muzin egiten aitak. «Oraingoz aita-semeok ez gara jardun elkarrekin sekula, eta ederra litzateke txapelketa edo apustu batean biok batera aritzea».