Athleticek denboraldiko azken partida jokatuko du zaleen aurrean. Atletico Madril izango da aurkaria. Neurketa erakargarria da. Lasai, inolako presio barik gozatzeko aukera izango dute jarraitzaileek. Neurketa hasiera Espainiako Kopako finalaren aurretik eta ondoren zaleek taldeari emandako babesa eskertzeko baliatuko dute jokalariek, merezi dutelako. Partida, berriz, txapelketako talderik indartsuenetako baten aurka maila ona emateko gai den erakusteko baliatu beharko dute. Lasai, sailkapenak eragindako estuasun barik barruan daramaten onena erakusteko aukera izango dutelako futbolariek. Aurkaria motibatuta zelairatuko da, gainera. Atletico Madrilek Txapeldunen Ligarako txartela dauka jokoan. Abelen taldea onena eta txarrena egiteko gai da. Puntako taldeei aurre egiteko gaitasuna erakutsi du, baina baita aurkari eskasenen kontra lotsagarri aritzekoa ere. Ez dauka erdibiderik.
Gorabehera askoko denboraldia egin arren, azken txanpara onenen artean sailkatzeko aukerarekin ailegatu da Atletico Madril. Aguero eta Forlan dira izar nagusiak. Gol asko sartzeko erraztasuna izateaz gain, goleko jokaldi asko sortzeko gaitasuna dute. Ez dute taldekideen premia handirik behar arriskua sortzeko. Eskerrak horri. Ingurukoen laguntza beharko balute Atletico Madril Europako postuetatik kanpo egongo litzatekeelako. Beraz, Caparrosen taldeak badaki zein jokalari zaindu behar dituen. Horrek ez du esan gura gainerako jokalariak txarrak direnik. alderantziz, gehienak onak dira.
Orain arte lerro gehiago merezi izan ditu Athleticen aurkariak etxeko taldeak baino. Neurri handi batean zuri-gorriek gaurko partidari eman dioten garrantziaren ondorioa da. Astea hasi zenetik egun bitan baino ez da entrenatu Caparrosen taldea. Horrela ezinezkoa da neurketak ganoraz prestatzea. Bestalde, Gurpegi Iraolaren lekuan zelairatzeko asmoa omen dauka entrenatzaileak. Ez dirudi oso erabaki serioa. Eta Ustaritzen azken lesioak harrotutako hautsa ere hor dago. Ez dago ika-mikarako arrazoirik. Jokalariak ez dio uko egin jokatzeari. Minduta dago.
Zaleei eskerrak emateko
Etxeko azken partida jokatuko du gaur Athleticek; gogoz gainezka zelairatuko da Atletico Madril
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu