Futbola

Zaleen azken bultzada jaso du Osasunak

Talde gorritxoak partida guztiz erabakigarria jokatuko du bihar Getaferen zelaian. Puntu bat aski luke mailari eusteko; galduz gero, ordea, Mallorca eta Gironaren menpe geratuko da. Victor Muñoz ez da osatu, Espanyolen aurka gorputza behartu ondoren.

Alessio Lisci. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Alessio Lisci, gaur Sadarren emandako prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko maiatzaren 22a
17:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun batzuen buruan asko aldatu da Sadarreko giroa. Joan zen igandean, harridura, ezintasuna eta haserrea nahastu ziren harmailetan. Osasunak 1-2 galdu zuen Espanyolen aurka, eta hartara, bete-betean sartu zen Bigarren Mailara jaisteko arriskuan diren taldeen multzoan. Gorritxoen patua bihar erabakiko da, Getaferen zelaian (21:00, Movistar). Final bat izango da, eta horren jakitun dira zaleak. Gauzak hala, frustrazioa alde batera utzi, eta taldeari azken bultzada eman diote gaur, Sadarren. Taldea bertan egin du Getafera joan aurreko azken entrenamendua, ateak irekita, eta zaleen erantzuna biharko neurketak duen garrantziaren tamainakoa izan da. Ez dute Getaferen zelaian sartzerik izango, bertan egiten ari diren eraberritze lanen ondorioz. Alabaina, gaur garbi utzi diete jokalariei ez daudela bakarrik.

Biharkoa azkazalik gabe geratzeko eguna izango da gorritxoentzat. Aspaldiko partez, denboraldi amaiera agonikoa izango du Osasunak. Jaitsiera sufrikariorik gabe saihestu izan du Lehen Mailara azkenekoz itzuli zenetik; hots, azken sei sasoietan ez du azken hatsera arte borrokatu behar izan salbazioa eskuratzeko. Oraingoan, ordea, hortzak gogotik estutu beharko ditu. Ataka estuan ipini du azken asteetan izandako estropezu sortak, eta huts egiteko tarterik gabe iritsiko da ligako azken jardunaldira. Kontuak errazak dira: Getaferen aurka berdintzea nahikoa luke Osasunak onenen artean jarraitzeko. Galduz gero, ordea, Gironak edo Mallorcak huts egin beharko lukete. Gorritxoak esku hutsi geratzen badira, eta Gironak eta Mallorcak irabazten badute, akabo: Osasunak Bigarren Mailan jokatu beharko du datorren denboraldian.

Egoera are okerragoa izan zitekeen. Bere txarrean, jaitsiera postuetatik kanpo hasiko du jardunaldia Nafarroako taldeak: bi postuko eta bi puntuko abantaila dauka. Oviedok jada ez du inolako aukerarik, baina jaitsierako beste bi postuak erabakitzeke daude oraindik. Oraintxe, Mallorca eta Girona amilduko lirateke Oviedorekin batera, baina oraindik badituzte aukerak Osasuna, Elx eta Levante aurreratzeko; Mallorcak 39 puntu ditu, 40 Gironak, eta Osasunak, Elxek eta Levantek 42na. Dramatismoa areagotzeko, Gironak eta Elxek elkarren aurka jokatuko dute. Emaitzen konbinazioen arabera, berdinketa bat baino gehiago izan litezke sailkapenean, eta Osasunarentzat bi dira balekoak: Mallorcarekin berdintzea, edo Mallorca eta Levanteren pare bukatzea. Gainontzeko kasuak nafarren kalterako izango lirateke.

Mende honetan, Osasuna sei aldiz izan da amildegiaren ertzean azken jardunaldian, eta 2014an bakarrik jaitsi zen. Zale ezkorrenek orduko bi erreferentzia izango dituzte gogoan: aldi hartan ere goitik behera egin zuen taldeak, salbazioa jada patrikan zuela zirudienean, eta azken-aurreko jardunaldian kale egin zuen Espanyolen aurka, oraingoan bezala. Dena den, kezka iturri nagusia azken asteetako joera petrala da. Taldea burua altxatu ezinik ibili da Levanteren aurka hondoratu zenetik. Gainera, bisitari gisa oso makal ibili da sasoi osoan: hemezortzi partidatik bi bakarrik irabazi ditu, eta hamabi galdu. Bihar, Getafek ez dio ezer oparituko Osasunari, Konferentzia Ligan sartzeko aukera baitauka. Hori bai, etxean ez dabil sendo Bordalasek zuzentzen duen taldea; hamazazpigarrena da etxeko partiden sailkapenean.

Lisci: «Animoz ondo gaude»

Gorritxoek erasoko pizgarri nagusiaren hutsunea izango dute. Izan ere, Victor Muñoz ez da garaiz osatu. Oso-osorik jokatu zuen Espanyolen aurkako partida, kili-kolo egon arren. Gorputza muturreraino eraman zuen taldeari lagundu nahian, eta bihar ez da jokatzeko moduan izango. Hala baieztatu du gaur Alescio Liscik, entrenamendua zuzendu aurretik egin duen agerraldian. «Denboraldia amaitu da Victorrentzat. Beste batzuek ez zuketen jokatuko Espanyolen aurka hura zegoen bezala egon izan balira. Victorrek, ordea, dena eman zuen. Denboraldia beste astebete luzatu izan balitz, garaiz itzuliko zatekeen». Raul Moro, ordea, prest dagoela iragarri du teknikari italiarrak.

Fisikoki indartsu dakusa taldea, baita aldarte aldetik ere. «Animoz ondo gaude. Oso entrenamendu onak egin ditugu, eta konfiantza hartu dugu egunek aurrera egin ahala. Jokoan zer egongo den kontuan izanda, bolada onean iritsiko gara, bai teknikoki, bai taktikoki, eta baita psikologikoki ere». Emozioen kudeaketak berebiziko garrantzia izango du, eta, Lisciren ustez, «burua hotz izateko partida» izango da. «Azken partidetan gehiago merezi izan dugu, eta konfiantza gal daiteke kolpeen ondorioz. Ordea, burua garbi daukagu. Hala behar du, bete-betean lehiatu beharreko neurketa izango baita, xehetasun guztiak zaindu behar diren horietakoa. Amaitu arte arreta osoz jardun beharko dugu».

Garbi utzi du ez dutela berdinketarekin eta gainontzeko zelaietan gertatzen denarekin espekulatuko, eta konfiantza mezua helarazi nahi izan die zaleei: «Salbazioa jada lortua genuela uste izan dugu, eta akatsa ordaintzen ari gara. Baina zaleek gugan sinetsi behar dute. Bihar garbi utziko diegu dena emateko prest gaudela».

REALAK, ATHLETICEK ETA ALAVESEK ONDO BUKATU NAHI DUTE

Realak, Athleticek eta Alavesek bihar jokatuko dute denboraldiko azken partida. Gipuzkoarrek Espanyoli egingo diote bisita (21:00, DAZN), eta, bizkaitarrek, Real Madrili (21:00, Movistar). Arabarrek, berriz, Rayo Vallecano jasoko dute Mendizorrotzan (21:00, DAZN). Hirurek ondo bukatu nahi dute sasoia, eta irabaztea da hori egiteko modurik onena. Realak aspaldiko bolada txarra eten nahi du; Athleticek, berriz, Ernesto Valverderi agurrik onena eman nahi dio; eta, azkenik, Alavesek etxekoekin ospatu nahi du beste urtebetez Espainiako Lehen Mailan jokatuko duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA