Futbola

Zaletu ugari bildu dira Athleticen omenaldian, Bilboko kaleetan

Athleticeko jokalariak omendu dituzte Bilboko kaleetan. Taldekideak ordu erdiko atzerapenarekin autobus arruntean iritsi dira. Handik jaitsi, eta oinez egin dute bidea. Udalak eta Foru Aldundiak harrera egin diete ondoren. Goizean, Susaeta eta Iraizoz jokalariek kritikatu egin dute ekimena, Espainiako Kopako finala galdu egin zutela-eta.

2009ko maiatzaren 15a
20:25
Entzun
Athletic omendu dute, nahiz eta ezin izan zuen herenegun Espainiako Kopa irabazi -1-4 nagusitu zen Bartzelona-. Autobus arruntean iritsi dira jokalariak. Handik jaitsi eta oinez egin dute bidea, nahiz eta hasiera batean estaligabeko autobusean joango zirela esaten zen. San Anton zubitik abiatu dira, ordu erdiko atzerapenarekin -18:00etan abiatuko zirela aurreikusten zen-. San Anton zubian eta, oro har, ibilbide osoan zehar zaletu zuri-gorri asko bildu dira.

San Anton zubitik Erribera eta Areatzako pasealekua igaro dituzte eta, ondoren, udaletxera joango dira. Bertan harrera egin diote, 19:15ean, eta, gero, jokalariak balkoira atera dira, jarraitzaileak agurtzera.

Atzo arratsaldean heldu zen Athletic Euskal Herrira Valentziatik (Herrialde Katalanak), eta jendetza bildu zen bertan.

Jokalari batzuk omenaldiarekin ez dira ados agertu

Halere, denek ez dute ondo hartu egin zaien omenaldia. Esaterako, goizean Markel Susaetak eta Gorka Iraizozek adierazi dute ez dagoela "ezer ospatzeko".

Taldekideak 18:00etatik aurrera estaligabeko autobusean -aurreikusita zegoen moduan- hirian zehar ibiltzea "gehiegizkoa” iruditu zaie, “tontakeria da, ez du ez hanka ez bururik”. Susaetak “gogo handirik ez” dutela adierazi du. "Igandean [Espainiako] Ligako partida izango dugu eta inoren buruan ez da sartzen ostiralez halako ekitaldia egitea".

Iraizozi, berak aitortu duenez, ez zaio egokia iruditzen Kopako finala galdu eta bi egunera horrelako ospakizunetan ibiltzea. "Eskertzekoa da jarraitzaileak gaur arratsaldean ere gurekin egotea, baina plantillako kideoi beste era batera egitea gustatuko litzaiguke. Adibidez, hurrengo asteko jardunadian, San Mamesen, Atletico Madrilen aurkako partidan. Une gogorrak ari gara pasatzen [finala galduta], eta patxadaren eta gogoetaren beharra izaten dugu batzuetan. Hau pasatzea nahi dugu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.