Zama kenduta, geroa eraikitzera

Kopa irabazi izanak zenbait ondorio ekarri dizkio Athletici kirol arloan, sozialean eta ekonomikoan. Ostiraletik aurrera etorkizunari buruzko erabakiak hartzen hasi beharko dute Ibaiganen.

Athleticeko jokalariak garaipena ospatzen
Athleticeko jokalariak Kopako garaipena ospatzen. JULIO MUÑOZ / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 9a
05:05
Entzun

Larunbateko garaipenarekin zama handia kendu zuten gainetik Athleticek eta haren zaleek. Batetik, Espainiako Kopa irabazi zuten berriz 40 urteren ondoren. Bestetik, finalen inguruan zuten madarikazioa amaitu egin zen, ez baita ahaztu behar aurreko bostak galdu egin zituztela. Osteguneko ospakizunaren ostean, lorpenak kirol ikuspegitik izan duen eta izango duen eragina aztertzeko garaia izango da, erabakiak hartzen hastekoa.

Europarako sailkatua

Lorpenik garrantzitsuena Kopa irabaztea izan arren, 40 urte urte asko ziren titulu hori jaso gabe. Are gehiago, kontuan hartuta, Athletic dela garaikur horien gehien irabazi duen bigarren kluba, Bartzelonaren atzetik. Baina kirol ikuspegitik beste ondorio bat utzi du: Athleticek ziurtatua du, sei denboraldiren ostean, Europan jokatuko duela. Gutxienez Europa liga jokatuko du. Jon Uriarte presidentea kargura iritsi zenean, hori jarri zuen helburu gisa. Aurreko sasoian ez zuen lortu, baina oraingoan taldeak egin ditu dagoeneko etxeko lanak. Denboraldia, gainera, are biribilagoa izan daiteke, ligan oraindik ere borroka betean baitago Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. 

Kirol arloari dagokionez, Europan jokatzeak prestigioa ematen du. Kontinente zaharreko zelaietan lehiatu gabe urte gehiegi ziren Athleticen moduko talde historiko batentzat. Baina, horrekin batera, ekonomikoki ere diru sarrerak handitzea dakar. Ibaiganeko diru kutxaren egoerari mesede egingo dio. Diru sarrera horiek areagotu egingo dira Txapeldunen Liga jokatuz gero. 

Talde gaztea

Agirrezabala, Paredes, Prados, Nico Williams, Unai Gomez... Athleticek zerbait baldin badu, etorkizuna du. Azken bi denboraldietan asko izan dira lehen talderako urratsa egin duten gazteak. Asko jokatzen ari diren futbolariak dira, gainera. Paredes, Prados eta Nico Williams finkoak dira Valverderen hamaikakoan. Agirrezabala Kopako atezaina izan da, eta lan bikaina egin du. Larunbateko finaleko protagonistetako bat izan zen, penalti bat geratu baitzuen. Unai Gomez, berriz, denboraldi honetako ezustea izaten ari da. Haren grina eta hauspoa bizigarri izan dira zuri-gorrien zelai erdirako. Aurreko belaunaldiko jokalari askok lortu ez dutena erdietsi dute gazte horiek: titulu bat. Irabazteko grina eta sena duten jokalariak dira,  eta jada hasi dira finaletan aritzeko eskarmentua biltzen. Horrek asko eman diezaioke taldeari, etorkizunean joka ditzakeen finaletan. 

Valverderen figura

Ernesto Valverdek bere taldeei zerbait eman badie, egonkortasuna eman die. Athleticen ere hori lortu du, aulkian dagoen hirugarren aldi honetan. Aurreko denboraldian ere taldeak hasiera oso ona egin zuen. Baina azken txanpan behera egin zuen, nabarmen. Oraingo honetan, berriz, orduan izan ez zuen erregulartasuna erakusten ari da, eta fisikoki ere sasoi betean dago. Athleticen joko biziak eta zuzenak askoren laudorioak jaso ditu. Taldea sendo ari da atzean. Unai Simon gol gutxien jaso duen atezaina da. Sendotasun horretan zerikusi handia izaten ari dira Vivian eta Paredes atzean egiten ari diren lana. Iñigo Martinezek taldea utzi eta gero, aurrerapausoa eman dute. Zelai erdian Pradosek jarri du lana, eta Iñigo Ruiz de Galarretak sormena. Aurkariaren areara iristeko trebetasuna, berriz, Oihan Sancetek eman dio. Aurrean, aldaketa nabarmenena eraginkortasuna izan da. Gorka Guruzetak hamabost gol sartu ditu jada; Iñaki Williamsek, 11, eta Nico anaiak, sei.  Valverderen erronka nagusia izango da taldeak erregulartasunari eta fisikoari eustea sasoia amaitu bitarte. 

Athleticek pizten duen sentimendua indartuta

Sevillara bertaratutako zaleen artean gehien zabaldutakoa honako hau izan zen: Athletic sentimendu bat dela esatea. Bada, sentimendu hori indartuta atera da. 70.000 zale bildu ziren Sevillan, eta milaka izan ziren beste txoko askotatik finala ikusi zutenak. Talde zuri-gorriaren inguruko festa erraldoi bat izan zen aurreko egunetan eta finalaren egunean bertan bizi izan zena. Ostegunean ere beste festa bat izango da, gabarraren irteerarekin. Halakoek beti balio dute sentimenduak sendotzeko. Artean belaunaldi askok ikusi ez zutena ikusteko aukera izan zuten gaztetxoenek: Athletic Kopa irabazten. 

Erronkak zelaian eta bulegoetan

Behin osteguneko festa handia pasatuta, hemendik aurrerakoak zehazten hasi beharko dute Ibaiganen. Uriartek eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariak lehenik Valverderen kontratu berritzearen gaiari heldu beharko diote. Teknikariak ekainera arte du kontratua. Ezusterik ezean, aulkian jarraituko du, baina bi aldeek eseri egin beharko dute negoziazio mahaian. Ondoren iritsiko da jokalarien txanda. Paredesek, Guruzetak, Nico Williamsek... jada berritu dute kontratua. Baina guztiak denboraldi bikaina egiten ari dira, eta gerta liteke haiek fitxatzeko eskaintzak egotea. Nico Williamsena da bolo-bolo dabilen izena. Horretarako prest egon beharko dute bulegoetan. Bestalde, ikusi beharko da zer gertatzen den Iker Muniainen, Raul Garciaren eta Oscar de Marcosen etorkizunarekin. Kontratua amaituko zaie hirurei, eta, Kopa irabazita, ibilbide oparo bat biribildu dute talde zuri-gorrian. Klubak beti esan du halako eskarmentua duten jokalariek beren esku dutela etorkizunari buruzko erabakia. Ikusi beharko da zer erabakitzen duten. Bestalde, klubak datorren sasoirako taldea osatzen hasi beharko du, kontuan hartuta, denboraldi honetan ez bezala, lau txapelketari heldu beharko diola: Liga, Kopa, Superkopa eta Europa liga edo Txapeldunen Liga. Alvaro Djalo fitxatu du dagoeneko, baina multzo zabalago bat beharko du sasoiari heltzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.