Oihana Kortazar. Mendi korrikalaria

«Zapore gazi-gozoa utzi dit aurtengo Zegama-Aizkorrik»

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Zegama
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bederatzigarren aldia izan du Oihana Kortazarrek (Elgeta, Gipuzkoa, 1984) Zegama-Aizkorrin. 2011ko txapeldunak eta 2012ko txapeldunordeak ez du bete-betean gozatu lokatz artean. Halere, bera izan zen lehen euskal korrikalaria: zazpigarren postuan helmugaratu zen.

Zer moduzko lasterketa izan da?

Oso lasterketa deserosoa izan da. Aldapa behera eta harri artean ez naiz hain gaizki moldatu, baina lokatza zegoen aldapetan oso baldar sentitu naiz. Aldagai horrek zapore gazi-gozoa utzi dit. Baldar ikusi naizenez, neure buruarekin haserretu naiz, eta erritmoa ere jaitsi beharrean ikusi naiz. Aldiz, aldapa gora nahiko ondo sentitu naiz.

Zuk ere ez duzu aldeko izan eguraldia.

Ez. Gaur [atzo] bezalako freskurak gorputza uzkurtu egiten dit, eta nire kirol ibilbidean egindako lasterketarik onenak inoiz ez dira horrelako eguraldiarekin izan. Alde fisikoa baino gogorragoa izan da buruarekin egin behar izan dudan lana.

Sentipenak ere ez dira onak izan?

Ez ditut oso sentipen onak izan lasterketan zehar, eta gorputzak ere ez dit asko lagundu. Nolanahi ere, gorputzaldi hobe batekin ere ez dakit askoz lan hobea egingo nukeen. Eguraldiak asko baldintzatzen du nire gorputza.

Askok esan dute 2016ko ekitaldiko eguraldia baino okerragoa izan dela aurtengoa. Iritzi berdinekoa zara?

Niretzat gaurkoa [atzokoa] ez da hainbesterako izan. Agian, izan daiteke aurretik asko azpimarratu digutelako eguraldi txarra izango genuela. 2016ko ekitaldi hartan, ezustean aldatu zen eguraldia. Ni aurten arropa gehiagorekin atera naiz, eta, inguruan ikusi dudanaren arabera, denok joan gara hobeto jantzita. Halere, hotz handia egiten zuela esateko moduan nago, bai Aratzen, baita Aizkorrin ere.

Zer helburu zenuen?

Egia esan, neure burua aurrerago ikustea espero nuen. Aurretik jokatutako lasterketen arabera, gorputzaldi hobea izatea espero nuen. Lehen aipatu dudan bezala, uste baino baldarrago ibili naiz, eta, nahiz eta aurrerago egon nahi izan, baldintzak ez dira nire aldekoak izan. Halere, eta hotzean pentsatuta, gaurko [atzoko] baldintzekin helmuga zeharkatzea nahikoa bazen. Pozik egoteko moduan gaude helmugara iritsi garenok.

Korrikalarien segurtasunagatik, antolakuntzak gailurreria saihesteko hautua egin du lasterketa hasi aurretik. Erabaki hori aldekoa edo aurkakoa izan da zuretzat?

Nik nahiago nuen handik pasatu izan bagina. Aizkorritik Urbiara zuzenean jaistea ere ez da batere erraza izan. Gailurreria uste dut haizearengatik kendu dutela, eta ez dut imajinatu ere egin nahi nola egongo zen gailurreria amaitzean dagoen jaitsiera. Segurtasunagatik kendu dute, eta, horrelakoetan, korrikalari guztiak hartu behar dira kontuan. Uste dut ondo hartutako erabakia izan dela gailurreria saihestea.

Denboraldi aparta daramazu: orain artean jokatutako lasterketa gehienak irabazi dituzu. Hurrengo helburu nagusia ekainean Austrian jokatu den Munduko Txapelketa izango da?

Bai. Halere, lehenbizi, asteburuan Villabonan [Gipuzkoa] jokatuko den Trikuharri lasterketan parte hartu nahiko nuke. Hura jokatuta, Munduko Txapelketari begira, jada ezin izango dugu hurrengo asteetan lehiatu. Gogotsu nago Austriarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.