Aho zapore gaziko puntua lortu du Osasunak gaur Vila-realean aurka, Sadarren, gehiago lor zezakeen sentipenarekin geratu baita. Alessio Lisciren taldeak bizi jokatu du, batez ere lehen zatian, eta, joko aldetik etxekoek bisitariek baino askoz gehiago egin duen arren, bina amaitu da partida. Victor Muñoz punta erdian aritu da Aimarren hutsuneak bultzatuta, eta hura izan da jokalaririk distiratsuena; ez bakarrik baloia oinetan zuen bakoitzean arriskua sortu duelako, baita berak sartu duelako ere etxekoen lehenengoa. Budimirrek sartu du gorritxoen beste gola, eta azken hiru partidetan lau gol egin ditu.
Hamaikakoan, nobedade nagusia Raul Moro izan da. Hura da Taxoarera iritsi den azkena, eta gaur egin du debuta talde gorritxoarekin. Gainerakoan, Catenak berriz ere hasieratik jokatu du, Rayo Vallecanoren aurka zigorra bete ondotik, eta Aimar aulkian utzi du entrenatzaile italiarrak, kili-kolo zegoela eta. Lotura lanetarako, Liscik Victor Muñoz kokatu du punta erdian, eta oso ondo aritu da, kataluniarrak baloia ukitu duen bakoitzean arriskua eragin baitu bisitarien atean. Markagailuan aurreratu dena, baina, Vila-real izan da, Javi Galanek egindako penalti nahiko eztabaidagarri bati esker. Hamaika metrotik, Gerard Morenok engainatu egin du Sergio Herrera.
Osasunari neurketa maldan gora jarri zaion arren, ez du amore eman, eta segidan lortu du partida berdintzea. Neurketan distira gehien egin duen jokalari gorritxoak egin du banakoa. Eskuin hegaletik, Ruben Garciak atera du falta arriskutsua, eta Victor Muñozek buruz sareratu du baloia. Eroso ziren Sadarko zelaian gorritxoak, baloia haiena zen, eta bisitarien zelaian jokatzen aritu dira oro har. Bisitariek, berriz, nekez izan dute luzaroan baloia oinetan, asko kostatu zaie. 30. minutuan, Victor Muñozek, beste behin ere, gertu izan du gola: eskuin hegalean baloia jaso orduko, atzean utzi du aurkaria, baina Luiz Junior Vila-realeko atezainaren aurrean ez du asmatu.
Orduantxe esnatu dira bisitariak, eta, korner baten ondotik, bi aukera jarraian kateatu dituzte. Sergio Herrerarekin topatu dira, ordea. Merituzko bi geldiketa egin ditu Osasunako atezainak. Batez ere ikusgarria izan da Gerard Morenok jaurtitako burukada nola atera duen goleko marratik.
Bien bitartean, Osasunak ekinean jarraitu du, eta lehen zatiaren hondarrean iritsi zaio saria. Trantsizio azkar batean, eskuin hegaletik Moncayolak areara erdiratu du baloia, eta Budimirrek buruz errematatu du. Zale gorritxoek hainbatetan golean amaitzen ikusi duten jokaldia errepikatu da berriz ere. Kroaziarrak bederatzi gol daramatza.
Catena aulkira
Bigarren zatian, Herrando atera du Liscik Catenaren ordez. Atzelari espainiarrak txartel horia ikusi du lehen zatian, eta gertu izan du bigarrena ere, sarrera arriskutsua egin baitu. Epaileak lasai asko kaleratu zezakeen jokalari gorritxoa, baina hala ez egitea erabaki du. Liscik ez du arriskurik hartu nahi izan, eta aulkian utzi du bigarren zatian. Jokoari dagokionez, gorritxoek bizitasuna galdu dute erasoan. Neurri handi batean, zaila delako partida hasierako bizitasun handi horri eustea.
Dema irekia zegoen bigarren zatian, bataren edo bestearen alde eror zitekeen txanpona, eta bisitarien alde heldu da. Korner baten bitartez, lehen zutoinetik buruz errematatu du Gerard Morenok, eta bigarrenez gola sartu. Ondoren, joan-etorrian ibili dira bi taldeak. Zale gorritxoak bi aldiz altxatu dira eserlekuetatik, Osasunak bi aukera jarraian kateatu dituenean. Garaipenaren gola, baina, ez da iritsi. Nolanahi ere, gorritxoak pozik ateratzeko moduan dira, Txapeldunen Ligarako borrokan dagoen talde baten aurka berdindu dute eta.
OSASUNA-VILA-REAL
Osasuna. Herrera; Rosier, Boyomo, Catena (Herrando, 46. min.), Galan; Moncayola, Torro; Ruben Garcia (Abel Bretones, 76. min.), Raul Moro (Aimar, 62. min.), Victor Muñoz; eta Budimir (Raul Garcia, 76. min.).
Vila-real. Luiz Junior; Mouriño, Rafa Marin, Renato Veiga, Pedraza (Sergi Cardona, 46. min.); Pepe, Parejo (Comesaña, 75. min.), Gueye, Moleiro; Gerard Moreno (Oluwaseyi, 83. min.) eta Mikautadze (Buchanan, 75. min.).
Golak. 0-1: Gerard Morenok, penaltiz (17. min.). 1-1: Victor Muñozek (20. min.). 2-1. Budimirrek (45. min.). 2-2: Gerard Morenok (70. min.).
ATHLETICEK 2-1 IRABAZI DIO ESPANYOLI LEZAMAN
Athletic onbidera itzuli da. 2-1 irabazi dio gaur Espanyoli Lezaman. Hori eginda, zuri-gorriek bi helburu bete dituzte: batetik, arindu egin dute azken partidan Tenerifek 5-0 irabazi izanak eragindako mina; eta, bestetik, indarra hartu dute asteazkenean Atletico Madrilen zelaian jokatuko duten Espainiako Kopako final-laurdenetako partidarako.
Pinedok sartu du lehen gola, 50. minutuan. Aurretik, hemezortzigarrenean, Nevadok penaltia huts egin du. 82. minutuan, Ballestek bana berdindu du penaltiz, baina, 86.ean, Torrodak bere atean sartu du 2-1ekoa.
Eibarrek eta Realak bihar jokatuko dute, etxetik kanpo: eibartarrek Badalonaren zelaian jokatuko dute (12:00, DAZN), eta donostiarrek, berriz, Teneriferenean (13:00, DAZN eta Gol).