Zaporea jokoan

Alavesek eta Realak Europarako azken aukera baliatu nahi dute, Mendizorrotzan. Etxekoak hiru puntu aurretik dira

Jon Ander De la Hoz.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Derbia jokatuko dute gaur Alavesek eta Realak Mendizorrotzan. Europarako postuetara sailkatzeko dituzten aukerak mantentzeko, partida zukutu beharrean dira biak, eta zuku horren araberakoa izango da talde bakoitzaren etorkizuna. Irabazlearentzat, Olinpoko nektarraren antzekoa izango da neurketak utzitako zaporea. Galtzailearentzat, aldiz, zikutaren parekoa.

Helburuari eusteko, ezinbestekoa dute irabaztea. Bata bestearen jarraian dira sailkapenean; etxekoak zortzigarren, eta bisitariak bederatzigarren. Hiru puntuko aldea besterik ez dago bien artean, eta horrek are biziagoa egiten du gaurko partida.

Garai hobeak pasatutakoak dira Alaves eta Reala. Gasteiztarrek zazpi norgehiagoka daramatzate irabazi gabe, eta azkenaldian itxura apala ematen ari dira. Abelardo Fernandezek zenbait proba egin ditu azken jardunaldietan, baina irabazi ezinik aritu da taldea. Alabaina, gasteiztarren entrenatzaileak badaki zein den Realari irabazteko modua: «Anoetan bezala jokatzen badugu, irabazteko aukera izango dugu». Orduan, Alavesek partidako gol bakarra baliatu zuen Realari irabazteko (0-1), baina aise nagusitu zen jokoan.

Abelardoren ustez, «izugarri garrantzitsua» da gaurko derbia: «Athletici ez badiogu aldea murrizten, hiru punturen aldea desabantaila handia izango litzateke bi partidaren faltan. Hori garrantzitsua da zer aukera ditugun ikusteko».

Abelardok zenbait hutsune bete beharko ditu hamaikakoan, Rodrigo Ely eta Guillermo Maripan ez baitira osatu. Horregatik, litekeena da Ximo Navarro eta Victor Laguardia aritzea defentsaren erdian, San Mameseko partidan bezala. Takashi Inui ere jokatzeko prest dago, eta hasieratik aritu daiteke.

Reala, eutsi nahian

Txuri-urdinek, berriz, arnasberrituta ekingo diote gaurko lehiari. Bolada txar bati amaiera eman zioten iragan igandean, Getafe menderatuta.

Donostiarrek are zailagoa dute Europarako sailkatzea, baina ez etsitzeko mezua helarazi du Imanol Alguacilek: «Garrantzi handiko neurketa da. Alaves hiru puntura daukagu, eta Athletic ere hortxe dago». Hala, entrenatzaile oriotarrak adierazi du taldeak ahal duena egingo duela zazpigarren postua eskuratzeko; Alavesi irabazi, eta hiru partidatan Athleticek baino bi garaipen gehiago eskuratu beharko lituzke aukerari eusteko, eta, hala ere, ez da ziurra sailkatuko dela.

Aste honetan albiste on bat jaso du Imanolek. Igor Zubeldia osatu egin da, eta jokatzeko moduan da. Hamaikakoan dira azkoitiarra eta Diego Llorente: «Diego ere ondo dago; bikain entrenatu da, eta deialdian dago. 24 jokalari nituen hautatzeko, eta hemezortzi hauekin geratu naiz».

Bi taldeek 20. aldiz neurtuko dituzte indarrak Mendizorrotzan. Etxekoek eskuratu dituzte garaipen gehien orain artean, bederatzi, baina Realak berdindu egingo du hori gaur irabazten badu, zortzi bider irabazi baitu Alavesen zelaian.

Estadioko harmailetan egongo da partidako beste berrikuntza nagusia, Iraultza 1921 jarraitzaile taldea itzuliko baita. Duela aste batzuk, bere jarduna eten zuen, baina aurreko astean iragarri zuen berriro itzuliko zela Mendizorrotzara. Iparraldeko harmailan izango da gaur berriro.

ALAVES-REALA

Alaves. Pacheco; Agirregabiria, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte; Jony, Tomas Pina, Manu Garcia, Inui; Baston eta Calleri..

Reala. Rulli; Zaldua, Aritz Elustondo, Hector Moreno, Aihen Muñoz; Zubeldia, Merino, Sangalli; Juanmi, Willian Jose eta Oiartzabal.

Epailea. Alberola Rojas.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.