Baskoniak eta Bilbo Basketek gaur izan dute ACB ligako egutegiaren berri, eta, beraz, badakite ze talde izango dituzten aurkari lehen jardunaldian. Biek etxetik kanpo hasiko dute denboraldia: Gasteizko taldeak Zaragozaren aurka jokatuko du, eta Bizkaikoak, berriz, Unicajaren kontra. Urriaren 4ko asteburuan emango diote hasiera ligari.
Amaitu, aldiz, etxean egingo du Baskoniak: Unicaja izango du parean. Bilbo Basketek, bestalde, bidaiatu egin beharko du azken partida jokatzeko ere: Teneriferi egingo dio bisita.
Ikusmina pizten dute bi euskal taldeen arteko lehiek ere, eta, hain zuzen, aurrenekoa zortzigarren jardunaldian jokatuko dute, azaroaren 22ko asteburuan, Gasteizen. Bigarren itzulikoa, berriz, otsailaren 14koan izango da, Bilbon.
Mamadi Diakite, Baskoniara
Baskoniak gaur iragarri du Mamadi Diakite fitxatu duela. Gineako jokalariak bi sasoitarako kontratua sinatu du; 28 urte ditu, eta 2,06 luze da. Taldeak barnealdea indartu nahi izan du Diakite ekarrita —NBAn esperientzia du—.