Zarautzek eta Donostiarrak denboraldia dute jokoan

Gaur eta bihar jokatuko dituzte Euskotren ligako kanporaketak. Donostiarrak asko du galtzeko, eta gutxi irabazteko, kategoriari eustea baitu helburu. Zarautzek, berriz, estreinakoz lehiatu nahi du gorenean hurrengo sasoian.

Donostiarraren ontzia denboraldi honetako estropada batean. ANDONI CANELLADA ( FOKU
Donostiarraren ontzia, denboraldi honetako estropada batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko irailaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskotren ligara igotzeko kanporaketak kale edo bale egitekoak izaten dira. Asteburu bakar batean denboraldia dute jokoan zenbait traineruk, nahiz eta ontzi batzuek gehiago izan jokoan beste batzuek baino. Donostiarra da horren adibide. Gorenean arraun egin du Bantxa ontziak, baina, ligan azken-aurrena geratu denez, kategoriari eusteko kanporaketak jokatu behar ditu. Ibon Urbietak entrenatzen duen multzoak asko du galtzeko, eta gutxi irabazteko. Kanporaketetan lehiatuko diren gainerako ontziek behetik gorako pausoa emango lukete Euskotren ligarako sailkatuz gero: Zarautz ETE ligako txapelduna izan da, San Juan txapeldunordea, Chapela Galiziako ligako garailea, eta Tiran bigarren sailkatua. Bost ontzi dira, eta birentzat bakarrik dago lekua datorren urtean urrezko mailan arraun egiteko. Kanporaketetako bi estropadak Bizkaiko uretan jokatuko dituzte, gaur Bermeon (17:35) arituko baitira nor baino nor gehiago, eta bihar Portugaleten (11:00). 

Talde guztiek ez diete aldarte berean helduko kanporaketei. Donostiarra ez beste traineru guztiek ez baitute Kontxako Bandera jokatu. Gainera, donostiarrak konfiantzaz beteta iritsiko dira asteburu honetara, aurreko igandean Donostiako badian laugarren egin ostean. Janire Goñi (Amezketa, Gipuzkoa, 2006) taldeko arraunlariak adierazi duenez, «urduri» daude, baina, azkenaldian «goraka» egin dutenez,  «konfiantza handia» dute taldearengan: «Kanporaketak nahiko ahaztuak izan ditugu. Kontxan sartzea lortu ez bagenu, luzeak egingo zitzaizkigun liga bukatu eta ondorengo bi asteak. Asko aldatzen da, eta ez dut pentsatu ere egin nahi Enbata-ri zein gogorra egingo zitzaion; are gehiago ikusita zer gertatu zitzaien Kontxako sailkapen estropadan».

Zarauztarrek Kontxan egoteko moduko denbora egin zuten sailkapen estropadan, baina, estatxa lehenago askatzeagatik, hamar segundoko zigorra jaso zuten, eta kanpoan geratu ziren. Hasieran dena «beltza» ikusten zuten arren, Ane Makazaga arraunlariak (Zarautz, Gipuzkoa, 2004) kirol ikuspegitik aztertu du gertatutakoa. «Momentuan pentsatzen genuen egoerari buelta ematea kosta egingo zitzaigula, baina, Kontxako bigarren igandean estropada ikusten ari ginela, pertsona batek esan zigun lehiari erreparatuta gehiago izan ginela, eta horixe da garrantzitsuena. Uretako lana ondo egin genuen, eta merezi genuen Kontxan egotea, baina gure huts batengatik ezin izan genuen».

ETE ligan txapeldun geratu dira, zazpi bandera irabazita. Sanjuandarrek ere zazpi bandera astindu dituzte, baina puntu bat atzetik geratu dira sailkapenean. Batelerak ontziarekin izan duten lehiaren inguruan, hauxe adierazi du Makazagak: «Exijentzia areagotzen du, baina baita presioa ere. Ezin genuen ezta huts txiki bat ere egin. Perfekzioaren bila joan gara, eta, askotan, hori ez da ona. Antsietatez arraunean hasten garenean, dena galtzen dugu».

«Hasieran kosta egin zitzaigun denboraldiari neurria hartzea. Baina azkenean lortu dugu zulotik ateratzea. Bukaeran geroz eta hobeto aritu gara» 

JANIRE GOÑI Donostiarrako arraunlaria 

Donostiarrak, berriz, sasoi gorabeheratsua izan du Euskotren ligan. Bosgarren eta zortzigarren postuen artean sailkatu izan dira estropada gehienetan, baina azken txanpan aurrerapausoa eman du. Liga «motz» geratu zaiela adierazi du Goñik: «Hasieran asko kostatu zitzaigun denboraldiari neurria hartzea, eta uste baino beranduago egin genuen. Baina azkenean lortu dugu zulotik ateratzea. Bukaeran, geroz eta eta hobeto aritu gara». Gorenean segitzeko lehen pausoa eman zuen Ibon Urbietaren taldeak, ligako azken asteburuan Hondarribiaren aurretik geratuta. Hala, zuzenean jaistea saihestu zuen. «Tentsio handia izan genuen. Gainera, bi estropadak itsasokoak ziren, eta bagenekien horra Hondarribiarekin justu ailegatuz gero edozer gerta zitekeela. Hala ere, konfiantzaz heldu genion asteburuari, eta gure alde atera zen».

Azken txanpan Kontxako badian entrenatu dira donostiarrak, eta horri esker itsasoan «asko» hobetu dutela nabarmendu du Goñik: «Kanporaketei begira, ez dakit onerako edo txarrerako izango den, Zarautz ere ondo moldatzen baita itsasoan». Hain justu, Zarautzeko arraunlariak aitortu du aurreko urteetan «beldur handia» ziotela itsasoari, «konfiantza eta minutu asko» falta zitzaizkielako. Orain, berriz, uste du itsasoan «asmatzen» ari direla, eta «konfiantza hartu» dutela.

Apustuak, eginda

Asteburuan gerta daitekeenaz galdetuta, Goñik uste du Chapela beti hartu behar dela kontuan, «ezustekoren bat» eman dezakeelako, baina, «itsasoan «asko ez dabilenez», Zarautz ikusten du aurkari nagusi: «Ezusteko handia eman zuen Zarautzek Kontxako sailkapen estropadan, sekulako denbora egin zuen. San Juan Kontxan zertxobait okerrago aritu zen. Esango nuke sanjuandarrak Portugaleten hobeto arituko direla, baina larunbatekoa [gaurkoa] oso erabakigarria izango da». Donostiarrak mailari eutsiko dion esperantza du Goñik, «ezer txarrik gertatzen ez bada, behintzat».

«Donostiarra koska bat gorago dago. Baina gugan ere sinetsi behar dugu. ETE ligak guk irabazi dugu» 

Ane Makazaga Zarautzeko arraunlaria

Makazagak Goñiren apustu bera egin du. Haren ustez, Donostiarra gainerako ontziak baino «koska bat gorago» dago, eta datorren urtean Zarautz ikusten du gorenean. «Sinetsi ere egin behar dugu. ETE liga guk irabazi dugu. Hala ere, egun txar bat edonork izan dezake. Ez dago ezer erabakita». Enbata ontziak igotzea lortuko balu, balentria handia litzateke klubarentzat. 2018an uretaratu zuten lehen aldiz trainerua, eta estreinakoa izango lukete Euskotren ligan: «Gure helburua zen emakumeen trainerua uretan egotea eta ikusgaitasuna ematea. Ikusten da jendeak konpromiso handia duela, eta lehian aritzeko traineru bat sortu dela. Esan digute historia egiten ari garela, aurten Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketetan sartu garelako. Euskotren ligara igotzea edo Kontxako Bandera jokatzea historia egitea baino gehiago dela iruditzen zait, hor herria, kluba eta izena handitzen baitira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.