Ederki landutako garaipena lortu du gaur Athleticek, Rayo Vallecanoren aurka, San Mamesen. Hamar denboraldi baziren zuri-gorriek ez zituztela ligako lehen bi partidak jarraian irabazten, eta madarikazio hori eten dute. Ederki kostata, hori bai. Lehen zati eskasa jokatu du Ernesto Valverderen taldeak, eta marmarra nagusitu da harmailetan. Jokalarien irudia kezkagarria izan da. Egoera ikusirik, entrenatzaileak Oihan Sancet zelairatu du bigarren zatirako, eta hark aldatu du lehiaren bilakaera. Etxeko taldeak hobeki kokatu ditu lerroak, presioan askoz finago ibili da, eta Rayo Vallecanok ezinean jokatu du. Bada, Sancetek berak sartu du partidako gol bakarra, penaltiz. Nahiz eta lehiaketa abiatu besterik ez den egin, sailkapenaren goiko aldean dago Athletic, sei puntu bilduta.
Valverdek lehen jardunaldiko hamaikako bera zelairatu du. Sevillaren kontra, taldeak ederki sufritu zuen bigarren zatian, baina konfiantza agertu du entrenatzaileak jokalari haiengan. Apustua ez zaio ongi atera. Izan ere, Rayo Vallecano askoz gehiago izan da partidaren hastapenean. Beste erritmo eta intentsitate batean jokatu du Iñigo Perezen taldeak, eta noraezean sumatu dira Athleticeko jokalariak. Bizpahiru pase jarraian eman ezinda ibili dira, eta zelai erdiko biek gaizki jokatu dute: Ruiz de Galarretak eta Jauregizarrek. Berandu iritsi dira baloi guztietara.
Lehen hogei minutuak igarota, zuri-gorriak bere onera etortzen hasi dira. Behintzat aurkariak gutxiago iritsi dira Unai Simonen area ingurura. Erasoan, berriz, Nico Williams garaiz esnatu da. Hark egin ditu arrisku jokaldi bakarrak, eta Maroan Sannadik ere goraipatzeko lana egin du. Baloi luze guztietan aritu da lehian, eta areaz kanpotik ere pare bat jaurtiketa on egin ditu. Halere, Valverderen multzoa gaizki aritu da oro har. Madrildarrak askoz nortasun handiagoarekin aritu dira, eta etxekoak, beraz, ernegatuta joan dira atsedenaldira.
Presioan fin
Valverdek ez du askorik itxaron: Sancet zelairatu du bigarren zatirako. Haren ekarpenak mesede egin dio Athletici. Fisikoki gora egin du taldeak, eta presioan zorrotz jokatu du. Arnasa hartzeko aukerarik ere ez dio eman Rayo Vallecanori, eta Williams anaietan gazteena inspirazioz beterik aritu da. Lehenbizi, Iñaki anaiari sekulako pasea eman dio, baina hark ez du asmatu. Gero gazteak berak jaurti du areaz kanpotik, baina Batallak geldiketa on batekin erantzun dio. Bistakoa zen bazitekeela lehenago edo beranduago etxekoek gola sartzea, eta, azkenean, penalti batek hautsi du berdinketa. Sancetek bera ongi aritu da baloiarekin area barruan, eta Gumbauk penaltia egin dio. Nafarrak ez du barkatu. Joan den sasoian ere, Sancet izan zen jokalaririk onena, nahiz eta lesioak etsai izan. Soilik hemeretzi partidatan parte hartu zuen ligan, eta hamabost gol sartu. Bide berean ekin dio denboraldiari.
Golak on egin dio Athletici, eta ondorengo minutuetan emaitzari eustea izan du xede. Valverdek Prados zelairatu du, jokoa hobeto kontrolatu ahal izateko, eta Rayo Vallecanok ia ez du sortu gol aukerarik. Unai Simonek pare bat susto izan ditu atepean, baina aparteko ezer ez. Azken minutuetan Vesga eta Unai Gomez ere atera dira zelaira, eta etxekoek indartsu amaitu dute partida sasoi aldetik. Behetik gora egin dute nabarmen, eta merezita bildu dituzte hiru puntuak. Denboraldiko lehen geldialdi luzera heldu aurretik, Athleticek Betisi aurre egin beharko dio; igandean izango da, Sevillan.
Athletic-Rayo
Athletic. Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta (Prados, 66. min.), Jauregizar; Iñaki Williams (Guruzeta, 79. min.) , Berenguer (Unai Gomez, 87. min.), Nico Williams (Vesga, 87. min.); eta Maroan (Sancet, 46. min.).
Rayo Vallecano. Batalla; Ratiu, Lejeune, Luis Felipe, Chavarria (Trejo, 82. min.); Ciss, Unai Lopez (Gumbau, 55. min.), Alvaro Garcia, Isi Palazon (Camello, 79. min.); Pedro Diaz (Fran Perez, 55. min.) eta De Frutos (Nteka, 79. min.).
Golak. 1-0: Sancetek, penaltiz (66. min.).