Zauria goxatu ahal izan du

Remco Evenepoelek irabazi du Larra Belaguan, Vueltako etapa. Herenegun 27 minutu galdu eta gero, hasieratik ibili da ihesaldia osatu nahian. Sailkapen nagusiko goialdean ez da aldaketarik izan

Zauria goxatu ahal izan du.
ainara arratibel gascon
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Kirolak zerbait badu, zera da: egun batean beltza dena hurrengoan zuria dela. Herenegun txirrindularitza zale guztien ahotanzegoen Remco Evenepoelek (Quick Steep) izandako deskalabrua. 27 minutu galdu zituen Tourmaleteko gainean, eta agur esan zion Espainiako Vuelta irabazteko aukerari. «Barkamena eskatu nahi diet taldekideei eta zaleei, baina gaur hustuta nengoen», esan zuen. Iluntzean, ordea, ondorengo mezua idatzi zuen bere sare sozialetan: «Otsoek ez dute sekula amore ematen».

Eta flandriarra otsoen pare aritu zen atzo, Vuelta Euskal Herrira iritsi zen egunean, Zuberoan sartu eta etapa Nafarroan amaituta, Larra Belaguan. Txapeldun handia dela berretsi zuen, eta garaipena lortu zuen. Hasieratik aritu zen ihesaldiaren bila. 40. kilometroan lortu zuen helburua. Ondoren, eguneko lehen mendatean ihes egin zuen Romain Bardetekin (DSM). Ihesaldiaren erritmoa ezarri zuen. Erritmo horrek indarrez hustu zuen Bardet. Frantziarrak etapa bikaina egin zuen. Baina, 3,7 kilometro falta zirenean, amore eman behar izan zuen. Evenepoelentzat garaipena Belaguan, eta neurri batean herenegungo etapak utzitako zauria goxatu zuen.

Thomas de Gendten (Lotto) urrutiko eraso ahaleginaren ostean, helmugarako 144 kilometro falta zirela, Nelson Oliveirarekin (Movistar) alde egiten ahalegindu zen Evenepoel. Baina bederatzi kilometro aurrerago harrapatu egin zituzten.

Evenepoel, baina, ez zegoen amore emateko prest, eta ekinean jarraitu zuen, azkenean ihesaldia osatu arte. 40. kilometroan izan zen. 24 txirrindulari zeuden bertan. Harekin batera ziren, besteak beste, Romain Bardet (DSM), Damiano Caruso (Bahrain) eta Lennard Kamna (Bora); baita Jonathan Castroviejo ere (Ineos).

Eguneko lehen mendatea zuten aurretik, Hourcere (11,1 km eta %8,7ko pendiza). Igoera aurrera joan ahala, iheslarien multzoak txirrindulariak galdu zituen. Aurrekoen eta tropel nagusiaren arteko aldea 4.30 bueltan egonkortu zen. Hura kontrolatzen Jumbo-Visma, sailkapen nagusiko lehen hiru txirrindulariaren taldea: Sepp Kussena, Primoz Roglicena eta Jonas Vingegaardena. Baina ikusi zen ez zutela asmorik ihesaldia bertan behera uzteko.

Evenepoelek esana zuen etaparen aurretik sailkapen nagusiarenean ez bazen ere datorren igandean Madrilgo podiumean egon nahi zuela. Mendiko elastikoa du begiz joa orain. Horren seinale, Hourcere gainetik lehen postuan igaro zen, eta hamabost puntu eskuratu zituen. Beheraka, ihes egin zuten Evenepoelek eta Bardetek, eta lehen tartea ireki zuten: 35 segundokoa.

Bi ziklistek ibilbide gogorra zuten aurretik. Eguneko hurrengo zailtasuna Larraine zen (14,9 eta %8ko pendiza), Euskal Herrian. Hara iristerako 35 segundoren alde hori 1.05era handitu zen, eta tropelarekikoa 4.23ra.

Igoera polita egin zuten, eta Evenepoel mendiko sailkapeneko lehen tokian jarri zen. Faboritoen tropelean Juan Ayuso (UAE) izan zen soka tenkatzen saiatu zena. Baina ez zuen lortu. Evenepoelek eta Bardetek aldea handitzen jarraitu zuten. Gainean 5.45ekoa zen. Tartean zen Michael Storer (FDJ) 2.05era.

Aurpegiak eta pedalkada erritmoa ikusita, Evenepoel hobeto zegoen. Ez zuen eraso gogorrik jo, askotan egin izan duen moduan; erritmoa apur bat areagotu zuen, eta Bardetek sufritu egin zuen flandriarraren gurpilari eusteko. Une oro haren atzetik zihoan, eta hortzak ondo estutuz.

6.26ko aldearekin, eta 20 kilometro zirela, gutxik egiten zuten zalantza etapa garailea bien artean erabakiko zela. Jendea zain zegoen noiz utziko zuen atzean Evenepoelek Bardet. 3,7 kilometro falta zirenean izan zen. Estutu txiki bat nahikoa izan zen. Bardet indarrez hustuta zegoen,eta Quick Stepekoak bere legea ezarri zuen. Lehena izan zen helmugan. 3,7 kilometrotan 1.12ren aldea atera zion Bardeti. Faboritoen artean ez zen alderik izan. 8.22ra iritsi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.