Portland San Antonio Txapeldunen Ligara itzuliko da gaur, Plocken (Polonia). Ia urte eta erdi, 525 egun zehatz-mehatz, joan dira nafarrek ez zutela Europako lehiaketa nagusiko partidarik jokatzen. Ez da erraza ez 2003ko maiatzaren 4ko egun hura ahaztea. Patrikan zuten titulua galdu zuten nafarrek Montpellierren (Frantzia). Kolpe gogorra izan zen, oso gogorra, ahazten ez den horietakoa. Iazko Europako Errekopako tituluak zauria apur bat itxi zuen, baina ez osorik. Txapeldunen Ligako garaikurra berriz altxatzeak bakarrik estal dezake zauria. Gaur hasiko dute bidea.
Wisla Plock da lehen oztopoa. 1947an sortua, Poloniako talde historikoetako bat da. Hiru aldiz irabazi du Liga, eta zazpi aldiz Kopa. Europan ere bide luzea egin du: 1990ean lehen aldiz parte hartu zuenetik ez du inoiz huts egin. Bere estatistikak ez dira beste mundukoak. 50 partida jokatu ditu: 23 irabazi, bi berdindu eta 25 galdu. Lorpen handienak, aldiz, honakoak dira: final-laurdenak 1991-92ko IHF Kopan, final-laurdenak 1993-94ko EHF Kopan, final-laurdenak 1996-97ko Errekopan eta 2002-03ko Txapeldunen Ligako ligaxka. Iaz, Portlanden txapelketa bera jokatu zuen (Errekopa), baina bigarren kanporaketan kalera joan zen. Austriako A1 Bregenz taldeak kanporatu zuen.Poloniako Ligan bigarren da. Bederatzi puntu ditu, KS Vive Kielce liderrak baino puntu bat gutxiago. Sei partida jokatu ditu (beste taldeek baino bat gehiago): lau garaipen, berdinketa bat eta porrot bat. 178 gol egin ditu (29,6 partidako) eta 158 jaso (26,3 partidako). Azken partida asteazkenean jokatu zuen, eta 34-28 irabazi zion Miedz Legnica taldeari.Krzystof Kisiel da entrenatzailea. Wislako eta selekzioko jokalari ohiak goia jo zuen iaz, aulkian eseri zen lehen denboraldian Liga irabazita. Kisieli emaitza ezin hobea eman zion gazteen eta beteranoen arteko nahasketaren aldeko apustuak. Eskarmentuko taldea du bere aginduetara (26,4 urteko batez bestekoa), eta jokalari gehienak ohituta daude euren selekzioekin jokatzen. Bi jokalariren kalitatea goraipa daiteke: Niedzielski ezker hegalekoa (taldeko goleatzaile nagusia, 7,3 gol partidako) eta Paluch eskuin hegalekoa (taldeko bigarren goleatzaile nagusia, 3,8 partidako). Lehen lerroan ere jokalari onak ditu: Wleklak erdikoa (2,6 gol partidako), Titov eskuin albokoa (bi gol partidako) eta Zolotenko ezker albokoa (3,6 gol partidako). Atea eta pibote postuak ere ondo beteta daude.
Ekisoain: «Pistak eta zaleek ematen didate beldur gehien»
Francisco Javier Zupo Ekisoain Portlandeko entrenatzailea gogoz mintzatu zen atzo, Txapeldunen Ligari ekiteko irrikan. «Txapeldunen Ligara itzultzeko gogoz gaude, beti urrun iritsi garelako. Arantza txiki bat dugu sartua, ea ateratzeko aukera dugun». Ekisoainen arabera, «zaleak eta pabiloia dira Wislaren arrisku handienak. Pabiloi txikia da, txikia eta oso itxia. Ikusleak asko berotzen dira eta jo eta ke egiten dute oihu. Jokalariak ez dira atzean geratzen, ikusleak bezala, azkar berotzen dira eta egur handia ematen dute. Poloniako selekzioarekin jokatzen duten hainbat jokalari dituzte, eta hiru atzerritar: bielorrusiar bat, ukrainar bat eta errusiar bat. Albokoak eta hegalekoak dira taldeko jokalari arriskutsuenak. Portlandek hutsune bakarra du gaurko: Boesen, min hartuta.
ESKUBALOIA. TXAPELDUNEN LIGA
Zauria ixteko lehen botika
Urte eta erdi pasa ondoren, Txapeldunen Ligara itzuliko da gaur Portland San Antonio, Polonian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu