Kirola

Zeelanda Berriak ez die utziko Munduko Errugbi Txapelketa jokatzen armadan dauden Fijiko jokalariei

Fijiko selekzioko sei jokalari dira soldadu, eta Frank Bainimaramaren erregimeneko kideei Zeelanda Berrian sartzen uzten ez dienez, horiek ere ezingo dute jokatu. Giza eskubideen arloan aurrerapausoak eman arte eta demokrazia bultzatuko duten aldaketak izan arte dute betoa jarrita.

2011ko ekainaren 2a
16:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Irailean hasiko da aurten Zeelanda Berrian Munduko Rugby Txapelketa, eta Zeelanda Berriak gaur baieztatu du Fijiko armadan dauden selekzioko jokalariek ezingo dutela jokatu. Zeelanda Berriak Frank Bainimarama presidentearen erregimeneko kideei ez die herrialdean sartzen uzten, eta neurri horrek soldaduei ere eragiten die.

Sei dira Fijiko rugby selekzioak jokatzen duten soldaduak. Murray McCully Zeelanda Berriko Atzerri ministroak esan du ez duela politika hori aldatuko Bainimaramak giza eskubideen arloan eta erreforma demokratikoarenean aurrerapausoak eman arte.

2006ko abenduan Bainimaramak estatu kolpea eman zuenetik du indarrean Zeelanda Berriak debekua. Fijiko selekzioa final-laurdenetara iritsi zen 2007ko Munduko Txapelketan. Nazioarteko Rugby Federazioak jokatzen utziko zietela espero zuen, baina Zeelanda Berriak hartu duen erabakia onartzen duela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.